Soinurik gabeko motorra

LEMev Stream du izena Euskal Herrian egindako lehen motor elektrikoak. Orduko 105 kilometroko abiadura hartzen du, eta bateriak 80 kilometroko iraupena du.

LEMev Stream motor elektrikoa 125cc-ko motor baten parekoa da, kutsatu eta zaratarik egiten ez duena. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Kanpotik gasolinazko ohiko motorren itxura duen arren, %100 elektrikoa da LEMev Stream motorra. Luma enpresak kudeatutako proiektu baten emaitza da, beste euskal enpresa batzuen laguntzarekin, eta etorkizun oparoa izango duelakoan daude.

Guztiz elektrikoa izanik, ez du inolako kutsadurarik sortzen, eta, natura zaindu ez ezik, soinu baxu eta leuna egiten du, herritarren belarrien aringarri.

Hirigunean eta inguruko herrialdeetara mugitzeko aukera paregabea eskaintzen du Scooter itxurako LEMev Stream motorrak. Ezaugarriei dagokienez, gasolinazko 125cc-ko motor baten parean dago. Puntako abiadura hartzen du: 105km/h; eta 0tik 80ra 6 segundoan iristeko azelerazioa du. Bateria osorik beteta dagoenean, 80km-ko iraupena du, eta, hori betetzeko, etxeko ohiko entxufeetan bost orduz eduki behar da. Hala ere, badago bi ordu eta erdian betetzen duen betetzaile bat erosteko aukera ere.

Motorren ohiko azeleragailuaz gain, Boost izeneko botoi bat dauka, aldapan gora ibiltzeko eta autoak aurreratzeko potentzia gehiago behar denerako. Horrek indarra gehitzen dio, baina bateriaren energiak gastuan eragin zuzena du. Ohiko balaztez gain, bateria betetzen duen balazta gehigarri bat ere badauka; oso azkar gelditu behar ez denean erabiliz gero, bateriaren kontsumoan eragin positiboa du.

Motor elektriko berri horren beste ezaugarri garrantzitsuetako bat da gainkarga handia eramateko gai dela. Bai bigarren bidaiari bat eramateko, baita buru osoko bi kasko sartzeko ere. Eserlekua eta atzeko aldean duen tapa bat altxaz, motxila bat sartzeko adinako lekua irekiko da.

Mantentzeari dagokionez, ohiko motor batena baino merke eta sinpleagoa da; ez zaio ez oliorik eta ez beste edozein substantziarik gehitu behar; soilik gurpilak eta balazten gomak aldatu behar zaizkio, ohiko motorren antzera, garaia heltzen denean.

Motor berri honen prezioa, berez, 5.350 euro da; baina Espainiako industria ministerioak duen Movele planaren barruko laguntzak kontuan harturik, 4.363 euroan geldituko litzateke. Motor egileen kalkuluen arabera, sei urte eta erdian amortizatuko litzateke, gaur egungo elektrizitatearen prezioa kontuan harturik. Motorrak 100 kilometroko 0,6 euro kontsumitzen ditu elektrizitatean.

Motor berria probatzeko aukera ere eskaintzen diete interesa duten guztiei; horretarako, www.lafactoryracing.com webgunean sartu behar da.

Palacio de Aiete hotela lehenengoa

Mugikortasun iraunkorraren alde egin zuen lehen hotela izan zen Euskal Herrian, orain urte batzuk, auto elektrikoak betetzeko zurtoin bat jarri baitzuen; orain ere, ez du atzean gelditu nahi, eta bi LEMev Stream erosi ditu alokatzeko.

Hoteleko zuzendariak adierazi duenez, oso ibilgailu interesgarria iruditu zaio, hirian zehar ibiltzeko. Bezeroentzat abantaila bat izango da. Bisitariak autoan etorri ohi dira, eta hirian zehar ibiltzeko ez da era atseginena.

Hala ere, hoteleko bezero ez direnei ere alokatzeko aukera zabalduko diela adierazi du, hirian ibiltzeko modu atsegin, azkar eta ekologikoa baita.

Prezioei dagokienez, egun erdiko alokairuak 30 euro balioko du, eta egun osokoak 40 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.