ATZEKOZ AURRERA. Beñat Zintzo-Garmendia. Historialaria

«Sorginik ez zela izan ulertu nuen, kostata»

Milaka herritar kondenatu zituzten Europan heriotza zigorrera, sorginkeria leporatuta. Horren inguruan ikertu eta idatzi du Zintzo-Garmendiak. «Zoramena izan zen», haren esanetan.

Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Urte luzetako ikerketaren ondorio da Histoire de la sorcellerie en Pays Basque (2016) (Sorginkeriaren historia Euskal Herrian); Beñat Zintzo-Garmendia historialariaren (Colomiers, Frantzia, 1966) lana da. Gazte zelarik sartu zen gaian, 1977an, baina duela bederatzi urte hasi zen 700 orriko liburua idazten. Lan «berezia» da autorearentzat, nahiz eta baieztatu duen tesiaren zuzendariagatik heldu ziola sorginkeriaren historiari.

Nahiz eta hautu pertsonal bat ez izan, interesa zenuen gaian?

Pixkana hasi nintzaion interesa hartzen, pasio bihurtzeraino. Sorginik ez zela izan ulertu nuen, kostata. Dena den, sorginkeria existitu ez arren, badaude euskaldunen festen deskribapenak. Bertan azaltzen dute sexua eta orgiak praktikatzen zituztela modu neurrigabean. Dantzan eta kantuan ere ibiltzen ziren.

Nola ondorioztatu zenuen ez zela sorginik izan?

Ezagutu nuen gizon batek berebiziko garrantzia izan zuen nire ikerketan. Hark ere lan handia egina zuen. Denbora asko igaro genuen elkarrekin, eta eztabaida dezente izaten genituen. Erran zidan: «Zure analisiarekin jarraitzen baduzu, konturatuko zara ez zela sorginik izan». Inor ez zegoen Frantzian horrekin ados. 1986. urtea zen. Eraildako sorginak bidegabe epaitutako errugabeak zirela zioen.

Eta hala frogatu duzu zuk?

Prozesuen dokumentuek frogatzen dute akusazioak beldurraren ondorio zirela, salatutakoa gezurra zela erabat. Europan zabaldu zen eromena. Elite guztiek sinetsi zuten sorginkeria existitzen zela.

Sorgin ehiza Euskal Herrian euskaldunen aurkakoa izan zen?

Horrek gogaitzen ninduen liburua idazten hasi nintzenean. Zazpi urteko atzerapenarekin argitaratu dut lana, arlo geopolitikoan sartu nintzelako. Baina niretzat argi geratu zen ez zegoela ezer espezifikorik euskaldunen kontra. Europan hedatu zen zoramena izan zen. Eliteak konbentzitu zituzten sorginkeria existitzen zela, eta handik herritar arruntengana zabaldu zen beldurra.

Beraz, sorgin ehizaren arrazoia beldurra zen?

Gertatu ziren sorginkeria salaketak botere kontuengatik ere. Nobleak zeuden, eta aberasten ari ziren burgesak. Horiek ere nahi zuten boterea. Horrek liskarrak eragiten zituen, eta klanak sortzen ziren. Haien artean sorginkeria salaketak egiten zituzten. Donibane Lohizunen nabarmen gertatu zen hori.

Akusazioak torturapean egiten zirela azaldu duzu liburuan.

Gizarteko maila guztietara heldu ziren akusazioak. Torturapean edozer gauza erraten zuen jendeak. Salatzen zuten ezaguna zutena, gertuko jendea. Torturak basatiak ziren orduan, oso gogorrak. Denak ziren kontsideratuak kriminalak jainkoaren aurka, eta, ondorioz, erregearen aurka ere bai. Horregatik erretzen zituzten, kriminala zen guztia joan zedin.

Emakumezkoak ziren gehienbat akusatuak?

Europan %85 inguru ziren. Euskal Herrian kopurua apalagoa zen. Informazio hori garai hartako Pierre de Lancre magistratuaren dokumentuetatik atera dugu. Ikerketen arabera, %75 izanen lirateke emakumezkoak Lapurdin. Dena den, dokumentu gutxi daude. Agian ez dira errealitatea hobekien islatzen dutenak.

Zeintzuk ziren salaketa zehatzak?

Eskualdeko zorigaitz guztien errudun ziren. Adibidez, itsasontzi bat hondoratu, eta sorginak zeuden horren atzean. Akusatuek onartu behar zuten akelarre batean egon zirela, ozeanoa zeharkatu zutela, eta ekaitz bat sortu itsasoa harrotzeko, itsasontzia hondora zedin. Horren trukean, deabruak aberastasuna ematen zien. Jendea hil eta hil ibiltzen ziren. Akelarreak zeuden, ordea, ia herri bakoitzean. Horregatik izan balitz, zenbat pertsona hil izanen lituzkete sorginek? Zoramena izan zen; milaka errugabe hil zituzten sorginkeriaz akusatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.