Artearen munduan, hiria eta harekin lotutako bizimodu, pentsaera eta adierazpenak garaikidetasunaren ispilu bakarra izan dira hamarkadetan. Alabaina, hiriaren tirania horren aurkako matxinoak ugaritzen hasi dira azken urteotan. Antje Schiffers artista alemanak Enkarterriraino ekarri duen proiektua testuinguru horretan kokatzen da: zazpi egun egin ditu eskualdeko hiru baserritan, eta, egonaldi horren truke, baserriari buruzko margolan bat eskaini die jabeei.
Artistak pintura sortu duen bitartean, baserritarrek euren eguneroko lana bideoz grabatu dute, nekazaritza ustiapenaren funtzionamendua azalduz. Egitasmoak Nekazaria izatea gustatzen zait, eta aurrerantzean ere hala izan nahi dut du izena, eta landa eremuko kulturari lotutako truke eta laguntzaren kontzeptuetan oinarritzen da.
Schiffersek 2000. urtean abiarazi zuen egitasmoa, eta, harrezkeroztik, Europako hainbat herrialdetan barna ibili da arte garaikidearen eta nekazaritzaren arteko harremana sustatzen. «Proiektuarekin hasi nintzenean, dena zen hiriko artea. Nekatu egin nintzen horretaz. Kultura hirietan bakarrik egon daitekeela pentsatzea ez da logikoa», azaldu du artistak.
Wolsfsburgetik gertu jaio zen Schiffers, Heiligendorf herrian, baserri batean. «Koadro bat genuen baserrian, gerraosteko denborakoa. Garai hartan, margolariek ez zuten dirurik, eta herriz herri joaten ziren janariaren truke margotzen». Behin eta berriz entzundako istorio horrek eman zion trukea bultzatzeko ideia. Bestalde, bideoaren bidez artistaren begiradatik aldentzea nahi du Schiffersek: «Nekazariaren ikuspegitik grabatzea da helburua».
Margolariarekin batera, haren bikotekide Thomas Sprengerrekbidaiatzen du. Baserritarrek bideoak ezin dituztenean grabatu, Sprenger bera arduratzen da irudiak hartzeaz. «Honako honetan Gueñesen egingo dugu emanaldia, eta gero Berlinen izango da ikusgai. Askotan, herriko edozein tabernatan egin izan ditugu proiekzioak», azaldu du Schiffersek.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Enkarturrek eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako fakultateak bultzatu dute margolariaren egonaldia. Otxarango Larrinaga baserrian (Zalla, Bizkaia), Ana Llaguno nekazariaren lana islatu du artistak bere pinturan.
Biodibertsitatearen hazia
Llagunok azaldu du Enkarturreko presidente Koldo Santiagok egin ziola proiektuan parte hartzeko proposamena. Gustura eta pozik dago emaitzarekin. Schiffers eta haren familia baserrian bizi izan diren egunetan «beste herrialde baten berri» izan duela aitortu du nekazariak. Eskualdeko biodibertsitateari eusteko lan egiten ari da Llaguno. Izan ere, «duela zortzi bat urte» hasi zen Zallako tipula morearen hazia berreskuratzen, eta ekoizten duen produktua Slow Food erakunde ekogastronomikoaren katalogoan aurki daiteke. «Ez diogu inoiz utzi modu tradizionalean erein eta biltzeari, baina, ordutik, kanpora begira jarri ginen», azaldu du nekazariak.
Janari lasaiaren aldeko filosofia bere egin duten jatetxeetako sukaldariei eskerrak eman dizkie ekoizleak. «Asko lagundu gaituzte, produktua balioetsi dutelako». Halaber, bertoko tipula morea «galtzear» zegoela jakinarazi du. Berreskuratze lanarekin «atzetik datozenak animatzea» nahiko luke Llagunok.
EHUko Arte Ederretako fakultatearen aldetik, Jose Maria Herrera irakasleak egin du egitasmoaren koordinazio lana. Haren esanetan, orain arte ez da «modu honetako arte esperientziarik» garatu Euskal Herrian. Proiektuak «aldarrikapen kutsua» duela azpimarratu du Herrerak. «Nekazaritzak dimentsio desberdin bat izan dezakeela erakutsi nahi du». Haren esanetan, naturari so egiteko modua «birpentsatu» egin behar dela aditzera eman nahi du Schiffersek bere egitasmoaren bidez.
Sorgunera itzuli nahian
Landa eremuko kulturaren eta artearen arteko trukean oinarritutako ikus-entzunezko proiektu bat jarri du abian Antje Schiffers margolariak Enkarterriko hiru baserritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu