Ferran Adria. Sukaldaria

«Sorkuntzari 50 urtez eusteak antsietatea eragin dezake; zaila da»

Ferran Adriak 2011ko udan itxi zuen Bulli jatetxea. Ordutik, hausnarketa egin du sukaldaritzaren inguruan, eta laster abiatuko du bere egitasmo berria: Bulli Fundazioa eta Bullipedia.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Geldirik egoteko betarik gabe iritsi da Ferran Adria (Bartzelona, 1962) sukaldari kataluniarra Bilbora. «Ez naiz geldirik egoten diren horietakoa», dio munduko sukaldari onentzat bost aldiz izendatuak. Guggenheim museoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, Sukaldaritzaren lengoaia izeneko hitzaldia eman zuen atzo. Bertan, bere gastronomia pentsamenduaren gakoak laburbildu zituen, eta etorkizunerako dituen erronkak argitu. Besteak beste, Bulli Fundazioa eta Bullipedia. Hori guztia «ongi pasatzeko» egiten duela dio: «Bestela, ezingo nuke».

Zein da sukaldaritzaren mintzaira?

Mintzairarik unibertsalena eta zaharrena da. Pentsa noizko kontua den, gure arbasoak zuhaitzetik jaitsi eta jaten hasi zirenetik garatu den mintzaira baita. Garai garrantzitsuena haragia jaten hasi ginenean izan zen, garuna orduan garatu baikenuen. Ordutik aurrera, mintzaira hori janzten hasi ginen. Horretarako, hiru mugarri daude: sua aurkitzea, eltzeak agertzea eta Brontze Aroa, horren ondorioz agertu baitziren labanak eta bestelako tresnak. Horiek gabe, gaurko sukaldaritza ez legoke. Hortik aurrera, milaka produktu daude, kultura eta abar. Eta hori guztia mintzaira bihurtu da; ez dago hori baino konplexuagoa den alorrik. Gai honetan informatzen ari gara, Bullipedian gaur egun arteko gertaera garrantzitsuenak biltzen dituen denbora lerro bat eginnahi baitugu.

Zure sukaldaritzaren oinarriei buruz hitz egin duzu hitzaldian. Bulli itxi denetik nola garatu da?

Ez da garatu, gogoeta prozesu batean baikaude. Bullin, sukaldaritzaren mugak bilatu nahi izan genituen, eta askotan egiten genuena sukaldaritza zen ala ez ere pentsatu genuen.

Artearekin, diseinuarekin, komunikazioarekin erlazionatu duzu sukaldaritza. Horien artean harremanik ba al dago?

Erlazioak baino gehiago, elkarrizketak izan ditugu beste diziplinekin. Artean, beste diziplinetan ere hori gertatzen da, baina sukaldaritzarekin elkarrizketa horiek ez dira oso ohikoak. Hala ere, denen artean dago harremana. Kontua da diziplina guztiak ezberdinak direla. Pinturak eta eskulturak, esaterako, elkarren artean antza handiagoa daukate; pinturak eta performanceak, bestalde, artea egiteko gogoan daukate antza. Beraz, diziplina asko daude, oinarri ezberdinak dituztenak. Alde horretatik, diziplina ezberdinak lan egiteko gogoak elkartzen ditu. Niri beti interesatu zait mugaren aurkikuntza, baina ongi pasatzearen bidez. Hori ezinbestekoa da.

Bada jendea esaten duena sukaldaritza ez dela artea...

Eta ez da. Sukaldaritza, sukaldaritza besterik ez da. Hortik aurrera, artearen aterkipean etengabe garatu da. Baina sukaldaritzak ez dauka asmorik artea izateko. Nire ustez, artea da artea izateko borondatea duena. Nik sukaldaria naizela esaten dut, ez baitaukat beste ezer izateko borondaterik. Abiapuntu horretatik, hausnarketa hori gerta dadin, Bullin egiten dugunak horretarako bide ematen baldin badu, niretzat interesgarria da. Baina sukaldaritza ez da artea.

Bulli fundazioan sorkuntza sustatuko duzu, ordea. Zein helburu daukazue?

Ongi pasatzea. Baina hori oso zaila da. Izan ere, oso zaila da 50 urtez sorkuntza prozesuari eustea. Antsietatea sor dezake etengabe sortu behar horrek. Eta egoera horretara iritsi aurretik, sahiestu egin nahi izan dugu. Era horretan,30 urtean garatuko den proiektu bat sortuko dugu. Eta ongi pasatzeko asmoa daukagu, gustatzen zaiguna eginez. Horrekin lotuta, berrikuntza sustatu nahi dugu, sortzen dugun guztia Internet edo fundazioaren bidez zabalduz. Bullipedia hor barruan sartzen da.

Zer da Bullipedia?

Interneteko informazioari buruzko gogoeta baten ondorioz sortu den proiektu bat da. Gauza bat da informatzea, eta beste bat jakinduria biltzea. Informazioa egoteak ez baitu esan nahi jakinduria zabaltzen denik. Beraz, zer egin behar dute makinek informazio hori ordenatzeko, eta zer gizakiek? Nola ordenatzen da? Oso zaila da, diziplinak ez daudelako kodifikatuta. Eta gutxien kodifikatutako saila artea da. Dibulgatzeaz gain, hausnarketa horretan parte hartu nahi dugu. Horretarako da Bullipedia. Horrez gain, sorkuntza artxibo bat ere egongo da.

Zuen sorkuntzak, beraz, gainerakoei sortzen laguntzeko?

Horixe. Sukaldea erabiltzen ari gara, baina eskuetatik joan zaigu, eta beste diziplinetan sartu gara. Bartzelonako unibertsitatearekin akordio bat sinatu dugu dibulgazioaren inguruan koordinatzaile gisa lan egiteko munduko unibertsitate guztiekin. Azken etapan, Bullipedia sareko master bat izango da. 2016rako prest edukitzea espero dugu. Beraz, horretan ari gara lanean, ezagutzen dudan sukaldearen mundua ezagutzen ez dudan batekin nahasten. Une oro ikasten ari naiz, eta hori sekulakoa da. Beti dago ikasketa prozesu bat, baina dakizunaz ikasten jarraitzea nekagarria izan daiteke. Ez dakizunetik ikasten baduzu, ordea, sekulakoa da. Berriz hasten ari garela esan daiteke. Eta horretarako luxua eduki dut: hiru urtez gelditu, eta berriz hasteko. Denbora honetan, aukera eduki dut sukaldean aritzea zer den pentsatzeko.

Beraz, nola definituko zenuke proiektu berria?

Bulli itxi genuenean, beste zerbait izango zela esan genuen. Eta hala da. Cala Monjoi berrikuntzaren eraginkortasuna landuko duen zentro bat izango da. Apurka, gu ere ari gara ulertzen zer den hori: Bulli Fundazioa ikerketa zentro bat izango da, non berrikuntzaren eraginkortasuna eta horretarako prozesuak ikertuko dituen. Eta hori guztia sukaldea mintzaira gisa erabilita, beste diziplinekin elkarrizketan. Hortik sortutako guztia Bullipedia bidez partekatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.