Sormena, arreta erakartzeko

Enpresa txikia izan arren, sormen handiko lanak egiten ditu Patio komunikazio agentziak. Hala erabaki du, behintzat, publizitate alorreko lanak aztertzen dituen Anuaria sarietako epaimahaiak.

Adrian Garcia.
Donostia
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Publizitateak hedabideetan pisu handia duela nabaria da. Edozein hedabide aztertzen dela ere, iragarkiak non-nahi topa daitezke. Iragarki saturazio horren aurka, oso gutxik lortzen dute kontsumitzailearen arreta bereganatzea. Sormen handiko lanak izan ohi dira hartzaileen arreta gehien erakartzen dutenak.

Publizitate eta diseinu munduan lan egiten duten enpresen lan berritzaileenak saritzen dituzte Anuaria sarietan. Hainbat kategoriatan iragarki eta diseinu grafiko lan hoberenak lehiatzen dira. Astigarragako (Gipuzkoa) Patio komunikazio agentziak emaitza bikainak atera ditu azkeneko Anuaria sarietan. Katalogo hoberenaren saria jasotzeaz gain, hainbat kategoriatan aipamen berezia jaso dute aurkeztu dituzten lanek.

Enpresa txikia da Astigarrakoa, bost lagunek osatzen dute agentzia. Tamainaz txikia izan arren, hango langileek argi dute publizitate munduan arrakastatsua izateko sekretua: desberdina izatea. Hortik dator komunikazio agentziak erabiltzen duen Viva the Difference leloa. «Bezeroei zerbait desberdina eskaintzea da gure filosofia. Beste publizitate agentzietatik desberdinduko gintuen lelo bat bilatu nahi genuen», esan du Asier Gezalaga Patio komunikazio agentziako kideak.

Mahaira atera

Publizitate eta komunikazio munduan lan mota asko egiten dituzte Pation. Irudi korporatiboak eta logotipoak diseinatu, telebista, prentsa eta irratirako iragarkiak egin, webguneak eta posta elektroniko bidezko kanpainak prestatu. Hala ere, goia jo eta Anuaria sarietako katalogoen kategorian lehen postua lortu duen lana mantel bat izan da. «Gure produktuak erakusten dituen mantel bat da, gure lanen ikuspegi bat. Mosaiko baten antzera, gure lan askoren irudiak agertzen dira mantelean», azaldu du Gezalagak.

Sormen kontuetan ideiak buelta asko eman ohi dituzte azkeneko itxura hartzen duten arte. Halako zerbait gertatu zitzaiela aitortu du Asier Gezalagak: «Gai bat mahaira ateratzea esamoldetik sortu zen ideia. Gure lanak mahai gainera atera nahi genituen, jendeak ikus zitzan. Mahai gainera ateratzeko eta erakusteko mantel bat baino gauza hoberik ba al dago?», adierazi du Gezalaga Patio etxeko sortzaileak. Bezero berriak harrapatzeko tresna gisa sortu zuten mantela. Balizko bezeroei bilduta bidaltzen diete mantela, eta horiek begirada batean eurek eskaintzen dituzten produktu guztiak ikus ditzakete. «Bezeroak harritu eta txunditzea bilatzen genuen, eurek ikus zezatela gauza desberdinak egiten ditugula».

Mantelarekin lehenengo saria irabazteaz gain, aipamen berezi mordoa jaso dituzte beste hainbat lanekin. Horietako bat bibotearen zorion txartela da. Postal, triptiko eta flyer-en kategorian aipamen berezia jaso zuen lanak. Patioko desberdina izatearen filosofia azpimarratzen du. AEBetako unibertsitate batek eginiko ikerketa baten ondorio bat eraman zuten txartelera. «Biztanleriaren ehuneko gutxi batek bakarrik darama bibotea, AEBetako unibertsitate batek zioenez. Orduan, desberdina izateko bibotea uzteko aldarrikapena egiten genuen txartelean», azaldu du Gezalagak.

Oso pozik agertu da Gezalaga Anuaria sarietan lortutako emaitzekin: «Oso garrantzitsuak dira sari horiek, oihartzun handia izaten baitute publizitatearen munduan, eta bezero berriak erakar ditzakete. Gainera, pertsonalki gure lana maila onean egin dugula errekonozitzea oso pozgarria da».

Bezero mota asko dituztela azaldu du Patio etxeko arduradunak: «Bezero txikiak ditugu, ile apaindegi eta denda txikiekin lan egiten dugu. Baina enpresa handiagoekin ere lan egiten dugu. Coca Cola-rentzako egin izan ditugu lanak. Atzerriko etxeekin era lan egiten dugu, batez ere Frantziakoekin».

Marketinaren munduan itxurak garrantzi handia du, eta ez da ezer halabeharrez aukeratzen, are gutxiago enpresaren izena. «Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez berdin esaten den hitza da patio. Komunikazio gune gisa ulertzen dugu termino hori. Izan ere, patio batean bizilagunen arteko komunikazioa sortzen da», gaineratu du Asier Gezalagak.

Teknologia berriak

Patio komunikazio agentzia martxan jartzeko egitasmoa lagunen artean jorratu zutela 204.ean, Gezalagak esan duenez. «Norberak bere lana uzteko asmoa zuen, zerbait gure erara sortzeko. Orduan, berotu eta Patio sortu genuen».

Teknologia berriek publizitate munduan trantsizio moduko egoera bat sortu dutela uste du Gezalagak. «Orain arte hedabide tradizionalak genituen soilik, baina Internetek gogor astindu du publizitate mundua. Ez dakigu oso ondo honek guztiak nora eramango gaituen, zeintzuk izango diren etorkizunean iraungo duten hedabideak. Nahasketa moduko zerbait dago orain». Teknologia berriekin ere lan egiten dute Pation. «Oso mundu interesgarria da, eta egiten duzun guztiak oihartzun esponentzial bat du, beste hedabideek ez dutena. Bat-batekotasuna izugarria da, momentuan sortzen du oihartzuna,eta lan egiteko beste era bat eskatzen du».

Giza psikologiak publizitatean garrantzi handia duela aitortu du Asier Gezalagak: «Psikologia asko landu eta aztertzen da publizitatearen munduan. Jendeak mezu, irudi edo egoera jakin batzuen aurrean nola erreakzionatzen duen ikertzen da, ahalik eta arreta gehien erakartzeko». Arreta erakartzeko formula zehatzik ez dagoela aitortu duen arren, Patio etxeko publizistak puntu umoretsua duten iragarkiek arrakasta izaten dutela uste du. «Pertsona bakoitzaren kontua da, gustuen araberakoa. Iragarki saturazioa dela eta, publizitate etxe guztiak sortzaileak izaten saiatzen gara. Zaila izaten da, ordea. Gerta daiteke sormen handiko iragarki bat egitea, eta gero zuk uste bezain nabarmena ez izatea. Bestalde, asmo jakinik ez zuen beste iragarki bat oso ezagun bihur daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.