Sorreratik Marijaiaren ondoan

Mugimendu politikoetan ernaldutakoak, eragile sozialetakoak zein auzoetatik jaiotakoak; zortzi dira Aste Nagusiaren 40. urtebetetze festan omendu dituzten konpartsak. Ilusio handiz heldu dira 2018ra denak, sortzaileen lekukotza hartuta.

Omenaldia. 40 urtez konpartsakide izan zirenei omenaldia egin zitzaien atzo. ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga, Uxue Gutierrez Lorenzo, Peru Azpillaga
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
1Nola sortu zen zuen konpartsa? Zer ekarpen egin dio konpartsak Aste Nagusiari?

2Nola irudikatzen duzu Aste Nagusia etorkizunean? Zer arrisku dauka?

Francoren heriotzarekin batera, Bilboko jaien eredua zaharkituta geratu zen. Ordura arte, zezenak eta ordainpeko ikuskizunak ziren nagusi. 1978an, ordea, festen eredu herrikoia sortzea helburu, ideia lehiaketa bat antolatu zen. Jai herrikoiak eraikitzeko 37 proposamen aurkeztu ziren, baina irabazle bakarra egon zitekeen. Txomin Barulloren proposamena gailendu zen, gehiengoz. 40 urte geroago, zortzi konpartsa mantentzen dira hasieratik. Norberak bere izaera, balio eta oinarriak dituen arren, bada zerbait batzen dituena; Aste Nagusiaren espiritua mantentzeko grina. Herritik eta herriarentzat jaio zen Aste Nagusia, eta aurten zortzi protagonista ditu.

TXOMIN BARULLO

«Etorkizunean egon daitezkeen arriskuak erakundeetatik datoz »

1



«Jaiak herrikoi bihurtzeko ideien lehiaketa egin zen Bilbon, eta hura irabazi zuen Txomin Barullo konpartsak. Ostean, era askotako elkarte zein taldeengana jo genuen bestelako jai eredu bat bultzatzeko asmoz. Egun, jaio zenean baino autonomoagoa dakonpartsa, nahiz eta oraindik ere sortu zutenen, hots, mugimendu ezkertiarren oinordetzaren bultzada izaten jarraitzen duen».

2



«Funtsezkoari eusteko erronka dugu, alegia, Bilboko Aste Nagusia jai herrikoi, parekide eta parte hartzailea izatea. Konpartsa guztiak, gurea bezala, mugimendu sozialik indartsuen eskutik jaio ziren, eta, denborarekin, hastapenetako erreferentziak galtzeko arriskuak egon daitezke. Egon daitezkeen bestelako arriskuak, oro har, erakundeetatik datoz, herritarren parte hartzea mugatu nahi baitute batzuek».

HONTZAK

«Frankismo ostean, Bilbon askatasunaren beharrizana zegoen»

1



«Lanaren Konfederazio Nazionalak erreibindikatzen zituen beharrizan politiko-sozial eta askatasun ideologia guztiaren ordezkari gisa sortu zen Hontzak konpartsa. Bilbon ere askatasunaren beharrizana baitzegoen urte horietan. 40 urte hauetan, bestalde, gure ezaugarririk aipagarriena, txosnaren dekorazioa izaten da. Horien bidez, hainbat gairen inguruko kritika egin izan dugu, betiere, umorea eta ironia erabiliz».

2



«Aste Nagusiak kudeaketa partekatua izatea litzateke egokiena, hasieran planteatu zen bezala. Hori horrela, arriskurik handiena, erakundeen ereduari aurre egitea izango da».

TINTIGORRI

«Konpartsaren izena tipografia akats baten ondorioz sortu zen»

1



«Deustu aldeko bi konpartsak batzearen ondorioz sortu zen gure konpartsa. Azpimarratu behar da izena tipografia akats bat zela. Berez, Titingorri zen jatorrizko izena, Deustun ekoizten zen tomateari erreferentzia eginez. Gure helburua jaietan gozatzea eta ondo pasatzea da. Auzoko kuadrillak gara, jaietan parte hartzeko batu ginenak».

2



«Herriak markatuko du jaien bilakaera. Guk eredu herritarra eta parte hartzailea sustatzen jarraituko dugu. Herriak bizkarra ematen dion unean, molde berriak bilatu beharko dira, edo beste zerbait bilakatuko da. Halaber, erakundeentzat ez da erosoa jai herrikoiak antolatzen dituzten eragile bat egotea. Betiko borroka da hori».

PINPILINPAUXA

«Ordura arte, jaiak boterea zuten kolektiboentzat ziren»

1



«Ordura arte, jaiak boterea eta dirua zuten kolektiboentzakoak ziren soilik. Eta gure konpartsaren helburua jai herrikoiak sortzeko borondatea bilatzea izan zen. Kolektibo homosexualen aldeko bi elkarte arduratu ziren horretaz. Aste Nagusian zehar, konpartsan sortzen den ezohiko festak bereizi izan gaitu besteetatik, lumek eta purpurinak batez ere».

2



«Epe laburrean ez dugu uste aldaketa handirik egongo denik, egungo ohituretara egokitutako jaiak izango dira, betiere historia eta errespetua gordez. Epe luzera,aldiz, zeinek jakin gizartea ere nolakoa izango den. Arriskurik handiena boteredun jendeak jaiak ez zapuztea izango da».

MOSKOTARRAK

«Auzoei ikusgarritasuna eman nahi izan diogu gure konpartsan»

1



«Lehenengo Aste Nagusiaren ostean, Bilboko Egaña, San Mames eta Fernandez del Campo auzoetako lagunak batu eta konpartsa bat sortzea erabaki genuen. Hori horrela, gure helburua beti, auzoei ikusgarritasuna ematea izan da. Horrez gain, beharrizan bereziak dituzten kolektiboen aldeko ekarpenak egin ditugu».

2



«Lekuko aldaketa baten aurrean gaude, eta hori positiboa da. Baina kontu handiz egin beharreko zerbait da. Nahiz eta gaur egun eredua ongi errotua eta onartua dagoen, duela 40 urteko herritik eta herriarentzat sortutako jaiak bukatzeko mehatxu arriskua baitago».

BIZIZALEAK

«Harro esan dezakegujai eremua geroz eta jasangarriagoa dela»

1



«Bilboko Zazpikaleetako Batzorde Antinuklearra izan zen konpartsaren bultzatzailea. Ekologismo soziala oinarri hartuta, beti ahalegindu gara herriari jai herrikoi eta jasangarriagoak hurbiltzen. Halaber, parekidetasunaren alde egin dugu beti. Eta, egun, harro esan dezakegu jai eremua geroz eta garbiagoa eta jasangarriagoa dela».

2



«Aste Nagusi koloretsu eta osasuntsua irudikatzen dugu. Halaber, jai eredua inoiz baino sendoago ikusten dugu. Sasi guztien gainetik instituzioen trabak gaindituta, konpartsan belaunaldien arteko lekukoa ematen ari da. Beti egongo da arriskua monotonian jausteko edo gaur lankide direnak bihar oztopatzaile izateko. Baina gure desioa beste 40 urte lanean jarraitzea da, jai eredu honetaz guztiok gozatzeko».

URIBARRI

«2030. urtean konpartsa gehiagoko Aste Nagusi bat ikusi nahi genuke»

1



«Konpartsa Aste Nagusia baino hilabete batzuk lehenago sortu zen. Hain zuzen, Bilboko Uribarri auzoko bizilagunen elkarteetatik eta auzoko beste zenbait eragileren aldetik jaio zen konpartsa bat sortzeko grina. Gure ekarpena, Aste Nagusian Uribarri auzoaren zati bat jaiaren zentroa den Areatzara eramatea da».

2



«Baikorrak gara etorkizunera begira. Sobera erakutsi dugu ereduak funtzionatzen duela. Konpartsak osasuntsu gaude, eta nahiz eta oztopoak egon, askotan frogatu dugu zailtasun eta egoera desberdinetara moldatzeko gaitasuna daukagula. Irudimen ariketa bat eginez, 2030. urtean konpartsa gehiagoko Aste Nagusi bat ikusi nahi genuke. Baditugu munduko jairik hoberenak kualitatiboki; beraz, kuantitatiboki baino ezin dugu hau hobetu. Hala ere, konpartsen eta instituzioen arteko harremanetan ikusten ditugu arriskurik handienak».

SATORRAK

«Arlo guztietan dagoen arriskua dauka Aste Nagusiak: lekukoa»

1



«Liga Komunista Iraultzaileak (LKI), Mugimendu Komunistak (MK) eta beste zenbait taldek konpartsa sortzearen proposamena landu ostean, Satorrak sortzera animatu ziren. Hori horrela, Aste Nagusiaren sorreran parte hartu izana da guk egindako ekarpenik handiena».

2



«Aste Nagusia, gizartea bezala, aldatuz joango da. Herritarrok osatzen dugu Aste Nagusia; orduan, orduko herritarrek sortu zuten, eta gaur egun oraingo herritarrok egiten dugu. Era berean, arlo guztietan dagoen arrisku bera dauka Aste Nagusiak: lekukoa. Gaur egungo gazteriak ez dauka guk geneukan konpromiso maila, baina guk erreleboa hartu genuen bezala, etorriko dira beste batzuk ere. Ziur gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.