Komunikazioa. Ekografiak

Soslaiak

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Oraindik existitzen al da?», galdetu zidan lagunak saioari buruz hitz egin nionean. Ez baitaukagu etxerako ohiturarik larunbat gauetan. Bereari darraio, bai. Larunbat gauez, La1 katean, nik ez dakit noiztik, Informe Semanal deritzon saioa, erreportaje sorta eskaintzen duena. Ezaguna da oso. Inoiz edo behin bada ere, guztiok ikusi dugu aleren bat. Entzun dugu haren seriotasunaren, fede onaren eta profesionaltasunaren berri. Jakinarazi digute, aurten ere, enegarrenez, saria eskuratu duela haren jardun egokiagatik. Eta niri, azken emanaldiko lehen erreportajea ikusi eta gero, zalantza izpi bat edo beste sortu zait entzundako horien inguruan.

Izan ere, erreportajearen egitura, tonua eta garapena ikusita, erakargarri izateko ezaugarri denak zeuzkan larunbatekoak. Eta, hala ere, sinesgarritasunak huts egin zion, nire ustez. Gaia, naturaltasunez aurkeztu eta lantzen saiatu ziren arren, delikatua baitzen izan. Hori du Alfredo Perez Rubalcabak. Berriki bere kargua utzi du, hurrengo hauteskunde nagusiei begira, Espainiako alderdi sozialistaren hautagai bihurtuko dela eta. Aitzakia baliatu eta tarte luzea eskani zioten Informe Semanal-en. Tipo sinpatikoa zirudien bizardun trajedunak. Haurtzarotik hasi eta batxilergoan ikasgelako delegatu izan zen garaietaraino, politikan emandako lehen urratsetatik haren ibilbidean lagun izan dituen horien hitzetaraino, tipo sinpatikoa zirudien, inondik inora. Soslai ederra egin zioten. Ez dakit nik, zergatik bihurritu zitzaizkidan hesteak.

Batetik, emankizuna soslai hutsera mugatu zelako. Karikatura egin nahi izan zioten, karikatura goxoa. Horretarako, ahaztu egin zituzten azken urteotan izandako karguetan hartu dituen eta ez dituen erabakiak. Ahaztu zein arazoren aurpegi izan daitekeen, ahaztu zein arazo sortu ditzakeen. Ibilbide bat ez baita pertsona zein lekutatik ibili den adierazten duen kontakizun soila. Gune horietan izandako jokabideak ere definitzen du pertsona.

Bestetik, soslai bera interesatu xamarra iruditu zitzaidalako. Nitaz hitzegiteko, nire lagunak deitu ditzakezu. Edo etsaiak. Edo lagunak eta etsaiak. Momentu goxoak aukeratu. Edo gogorrak. Edo goxoak zein gogorrak. Helburuaren araberakoa izango da aukeraketa, argi da. Baina aukerak erakusten du zenbaterainokoa den jarduna egokia, serioa, fede onekoa eta profesionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.