Laborantza herrikoiaren eta iraunkorraren aldeko mezua kontsumitzaileei aurkezteaz gain, laborantza politiken arduradunei zuzenki azaltzeko aukera ukanen dute aurtengoan Lurrama azokaren antolatzaileek. Hain zuzen ere, Stephane Le Foll Frantziako Laborantza ministroa joango baita azokara. «Gure aldarrikapenak entzunarazteko unea izanen da, eta horiek Europara eraman beharko ditugu», Maryse Cachenaut Lurrama elkarteko presidentearen hitzetan.
2013an gauzatuko den Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreforma izanen dute aipagai, eta Miarritzen eginen diren proposamenak Bruselara arte eramatea dute xede. Nolako laguntza banaketa, nolako laborantza eta elikadura politika motarentzat? galderaren inguruko mahai inguruan parte hartuko du Le Follek, Jose Bove eurodiputatua, Aurelie Trouve ekonomista eta aurtengo Lurramaren ugazama eta Mixel Berhokoirigoin EHLGren presidentearekin batera. «NPB gizakia eta ingurumena errespetatzen duen politika bati buruz bihurraraztea beharrezkoa da», Cachenauten hitzetan; eta mezu hori zabalduko dute azokak iraungo duen hiru egunetan.
Aveyron eskualdeari gomita
Urtero bezala, eskualde bateko laborantza ohoratu nahian, aurtengoan Aveyron eskualdeko laborariak gomitatuko dituzte. Hango animalia arrazak izanen dira ikusgai kabalen gunean, nekazarien lekukotasunak mahai inguruetan eta tokiko ekoizpenak ere erosten ahalko dira merkatu gunean. Ostiral gauean, Aveyroneko zaporeak dastatzeko aukera izanen da, Miarritzeko sukaldari eskolako ikasleen eskutik.
Horrez gain, Euskal Herriko AOC-AOP sor markak bilduko dituzte, ostiral goizez, kontsumitzaileari ezagutarazteko asmoz. Irulegiko ardoa, Ezpeletako piperra, Ossau-Irati ardi gasna izanen dira, besteak beste, dastagai. Esnetegi txikiei ere tokia eginen diote.
Kontsumitzaileei begira
Ekoizleak eta kontsumitzaileak harremanetan jartzea, baserritarrak eta hiritarrak, hori da Lurramak hastapenetik duen helburua, beti laborantza iraunkorrean eta herrikoian oinarrituz. Kalitatezko ekoizpena garatzeko, ezagutarazi behar da lehenik, eta usu, erronka handia da hori hirigunean. Saltegi handietan gizarte kontsumitzailearen ohiturak barneratu dituzten herritarrek ez dute usu ezagutzen hazitik mahaira doan prozesua, eta prozesu hori aurkeztu nahi diete hiru egunetan. Bazkari, hitzaldi, tailer ala merkatu, hamaika bide erabiliko dituzte helburua lortzeko gisan. Adibidez, Gure lurra, gure etorkizuna filma proiektatuko dute larunbat goizean, ondotik Patxi Gaztelumendi EHNE Bizkaiko kidearekin hitz egingo dute. Bazkari eta afari, hiru egunez, tokiko kalitatezko mozkinak proposatuz, mahaiaren inguruan jarriz ere ikasten ahalko dute bertaratuko direnek.
Aitzineko azoketan bezala, haurrentzat hainbat animazio proposatuko dituzte, «haiei begirako pedagogia eta hezkuntza egin nahi dugulako», Patxi Thikoipe elkarteko kideak zehaztu duenez. «Maleruski, anitz haurrek ez dute baserria ezagutzeko aukerarik; hor, hiru egunez parada emanen zaie», Thikoiperen hitzetan. Jada 1.200 haurrek dute izena emana ostiraleko animazioetan parte hartzeko. Eguneroko keinu ekologikoez, elikadura sanoaz, ur erreserben errespetuaz zein hondakinen bereizketaz, hainbat tailer proposatuko dituzte zenbait elkartek.
Aitzineko urteetako arrakasta espero dute antolatzaileek. Iaz, 25.000 bisitari bildu zituen Lurrama azokak.
Stephane Le Foll Laborantza ministroak parte hartuko du Lurrama azokan
Laborantza herrikoiaren eta iraunkorraren aldeko azoka hilaren 19, 20 eta 21ean egingo dute, Miarritzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu