Telesailak

Sua eta ura, belaunetik behera

Benetako gertaeretan oinarritutako telesail labur honek saileko bi piromanoren istorioa izango du ardatz. Detektibe oinazetu batek eta eragindako suteak ikertzen dituen polizia misteriotsu batek helduko diote kasuari.

'Smoke' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
'Smoke' telesailaren fotograma bat. APPLE TV+
gaizka izagirre
2025eko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko hainbat herritan San Joan sua itzali berri den honetan, sua izango da hizpide ikasturteko azken idatzi honetan. Sua eta ura, belaunetik behera, dio esaera zaharrak, jakintsu. Sua, gizakiaren bidelagun zaharra, tresna ezinbestekoa eta aurrerabidearen giltza izan da mendeetan. Haren argiak iluntasuna uxatu du, haren berotasunak bizia eman. Baina suak berak ere ezin konta ahala zauri utzi ditu lurraren azaletan eta bihotzen sakonean. Dualtasun horixe izango da Smoke telesailaren erdigunean dantzan ibiliko den elementua.

«Hura asmakizuna/ Homo habilisena!/ Bazun intentzioa/ bazuen sena!/ Bi harrik elkar jota,/ txispa bat aurrena;/ asmakizun handina,/ mendeetan barrena./ Sua da problema/ zenbait basorena/ edo jaki dena/ berotzen duena/ eta bi begiradak/ sortzen dutena». 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek bertso bana kantatu zioten Sua gaiari.

Eta sua izan zen, era berean, 2021ean AEBetan sortu zuten Firebug izeneko podcastaren ardatza. John Leonard Orren benetako istorioa kontatzen duen saio bat da: suteak ikertzeaz gain, AEBetako historiako piromanorik suntsitzaileenetako bat izan zen. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Kalifornian suteen ikertzaile gisa lan egiten zuen bitartean, milaka sute eragin zituen.

Smoke podcast horretan oinarrituta dago modu librean, saileko bi piromanoren istorioa azaltzeko. Detektibe oinazetu batek (Jurnee Smollett) eta eragindako suteak ikertzen dituen polizia misteriotsu batek (Taron Egerton) helduko diote kasuari. Orainaldian girotuta, Dennis Lehane sortzaileak podcastaren materiala abiapuntutzat hartuko du, kasuaren bihotzean inspiratutako fikzioa eraikitzeko.

Protagonistek ikertuko dituzten bi kasuek norabide desberdinak hartuko dituzte: bata «nork egin zuen?» galderari erantzuten saiatuko da; eta besteak «nola harrapatuko dugu?» ereduari jarraituko dio. Alegia, batean erruduna ezezaguna izango da; bestean, ordea, ikusleak hasieratik ezagutuko du haren aurpegia. Bi ikuspegi narratibo horien txandakatzeak erritmo bizia emango dio istorioari, baina, aldi berean, tarteka nolabaiteko deskonexioa sortuko du.

Hasieratik ikuslea bereganatzen duen zirrarazko eta bizitasun handiko proposamena bada ere, narrazioak baditu bere gorabeherak: batzuetan, anbiguotasuna nagusituko da, eta zenbait une gehiegikerien mugara iritsiko dira. Bederatzi ataletan antolatuta, istorioak ongi funtzionatzen du, baina tarteka nekatu ere egiten du.

Hala ere, aktoreen lan bikainak, istorioaren indarrak eta duen atmosfera bereziak udako telesail gomendagarrienetako bat bihurtuko dute.

Dennis Lehane

Smoke telesailaren sortzailea Dennis Lehane da; estatubatuar eleberrigile eta gidoilaria da, eta eleberri beltzak eta thrillerrak idazteagatik da ezaguna. Irlandar jatorriko familia batean jaio zen, eta haren istorioetan, normalean, moralki anbiguoak diren pertsonaiak ageri dira, eta krimena eta drama psikologikoa jorratzen ditu.

1994an argitaratu zuen bere lehen eleberria, eta ordutik bost lan egokitu dituzte zinemarako: Mystic River, Gone Baby Gone, Shutter Island, The Drop eta Live by Night.

Zinemako eta telesailetako gidoiak ere idatzi ditu, guztiak entzutetsuak: The Wire, Boardwalk Empire, The Outsider eta Mr. Mercedes telesailetako atal batzuk; 2022an, Apple TV+ plataformako Black Bird telesaila idatzi eta zuzendu zuen.

fitxa

  • Sortzailea. Dennis Lehane.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2025.
  • Aktoreak. Taron Egerton, Jurnee Smollett, John Leguizamo eta Rafe Spall.
  • Non ikusi. Apple TV+.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.