1813ko abuztuaren azken egunean bolbora usaia zabaldu zen Donostian. Suzko armek tiroka isilarazi zituzten portuko ohiko hotsak, eta kearen kirats itogarriak kaleetako kresal usaia zokoratu zuen. Frantziak Independentzia Gerra galdu zuen Gasteizen, eta Donostia zen mendean zuten hiri bakarra. Hala, donostiarrek algaraz jaso zuten hiria askatu zuen ingeles taldea.
Baina jasotako erantzuna indarkeria eta suntsiketa baino ez zen izan. Irailaren lehen egunsentirako, 5.500 biztanleko Donostian, 3.000 lagunetik gora hil ziren, eta 600 etxetik hogei baino ez zeuden zutik. «Ez zen izan hiriko edozein gertaera», dio Javier Sada historialariak, «hizki larriz idatzitako gertaera baizik».
Bi mendeko joan-etorrien ostean, donostiarrek abuztuaren 31n gertatutakoa gogoraraziko dute, beste urte batez. «Garrantzitsua da gaurkoa bezalako egunak gogoratzea», azaldu du Josu Mirena Donostiako lehen alkateordeak, «amore eman beharrean, irutxulotarrek hiria berpizteko adorea izan zutelako».
Danborrak eta suzko armak
Donostiarrek eginiko balentria oroitzeko, bi eguneko omenaldia prestatu dute Parte Zaharreko zenbait elkartek. 1813ko abuztuaren 31ren Oroimenerako Elkarteak festa giroko egitaraua prestatu du gaurko. Hala, goizean goizetik txarangak, txistulariak eta haurrentzako jokoak izango dira Parte Zaharrean, eta auzoko helduak omentzeko ekitaldia egingo dute arratsaldean. Biharko dolumin eguna antolatu du elkarteak.
Kanoi eta danbor hotsek Parte Zaharreko kaleak bereganatuko dituzte bihar arratsaldean. Urtero bezala, Kainoieta elkarteak danborrada antolatu du, eta beste zenbait elkartek ere hartuko dute parte, hala nola Herria eta Lurgorrik. 18:00etan abiatuko dira Zuloaga plazatik, eta Parte Zaharra inguratuko dute, bederatzi geldialdi eginez. Tarteka, danborrak jotzeari utziko diote, kanoiekin eta fusilekin tiroak egiteko.
Iluntzean hasiko da eguneko unerik hunkigarriena. Argiak itzali, eta 1813ko abuztuaren 31ren Oroimenerako Elkarteak banatutako kandelak piztuko dituzte bertaratzen direnek. Jarraian, orfeoi txikiak kontzertu bat emango du.
Oiartzualdearen lankidetza
Donostiako borrokan izandako garrantziagatik, Oiartzualdeko udalerriak omenduko dituzte aurten. «Pasaiak, Errenteriak, Oiartzunek eta Lezok oso gertutik bizi izan zuten Donostiako hondamendia», azaldu du Sadak. Hiria suntsitzean, bizilagun asko Errenteria inguruan geratu ziren, eta hiria berreraikitzean, asko lagundu zuten Oiartzualdeko herriek. Halaber, borroka itsasontzien artekoa izan zenez, Pasaiako portua funtsezko kokagunea izan zela azpimarratu du Sadak.
«Ez balitz haiengatik, Donostia ez litzateke Donostia izango gaur egun», adierazi du Jurgi Otegi Kainoieta elkarteko ordezkariak. Hala, Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzun omenduko ditu elkarteak, eta 19:00etan, Zubietako Ituneko kopia bana emango diete udalerrietako ordezkariei. Dokumentu horri esker, hiriaren berreraikitzea bermatzea lortu zuten donostiarrek.
Bigarren mendeurrena
Festa amaituta, gero eta gutxiago faltako da Donostiako erasoaren bigarren mendeurrenerako. 2013a urrun dagoen arren, lanean hasi dira dagoeneko gaiaren inguruan hainbat elkarte.
1813ko abuztuaren 31ren Oroimenerako Elkarteak garai hartako objektuak bilduko dituen museoa egiteko ideia izan du, eta Kainoieta elkarteak egun osorako jardunaldia egin nahi du, auzo guztietako donostiarrek antzezpen moduko bat egiteko. Ideia horiek ikusirik, udala elkarteekin lan egiteko prest azaldu da.
«Elkarren artean urteurren handi bat presta dezakegu», esan du Kainoieta elkarteak. «Donostiarren elkartasuna baita duela bi mendeko irutxulotarrak omentzeko modurik onena».
Suak Irutxulo irentsi zueneko gauak gogoan dirau
Festa eta dolumina elkarrekin joango dira bihar, 1813ko abuztuaren 31ko erasoa jasan zuten donostiarrei omenaldia egitekoOiartzualdeko udalerriak omenduko dituzte, hondamendian izandako garrantziagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu