Bideoa ikusi eta berehala konturatu nintzen. Bideo hark, hogei segundo eskaseko erantzun hark, ikasturteko lehenengo Maratila hau idazteko pentsatutakoa goitik behera aldatzen zuen. Dena berridatzi behar. Izan ere, gaurkoan Europan jaiotzear dagoen estatu berri bati buruz hitz egin nahi nizuen.
Katalunia? Ez, ez… Lizarrustihistan!
Lizarrustihistango Errepublikaz hitz egin nahi nizuen, herri txiki, libre eta ez-neutro bat non bertako aborigen guztiek alokutiboan hitz egiteko ohitura duten, non Mari Puriren gazta-tarta postre nazionala den.
Gora Lizarrustihistan!
Alabaina, dena joan den astean aldatu zen, Oier Aranzabalek ZuZeu Interneteko albistegian eskegitako independentziari buruzko elkarrizketa sorta batean erantzun hura entzun nuenean.
«Euskal Herriko independentziarako arrazoi bat?» eskatzen zuen Oierrek. Eta erantzuna: «Sudur-puntan jartzen zaidalako».
Eta bat-batean lurrikara txiki bat sentitu nuen nire barnean. Bat-batean… Argia!
Bizitza osoa argudio bila, eta argiena, sendoena, erabatekoena, hortxe zegoen, gure aurrean. Hor, sudur-puntan! Eta guk ikusi ez!
Independentzia nahi dugu sudur-puntan jartzen zaigulako. Eta kito!
Eneko, Oianko, Itziar, Mikel… Lizarrustihistandar maiteok… hurrengoan izan beharko du. Gainera, Lizarrustihistan independentea da de facto, eta Euskal Herria oraindik ez.
Maratilagile batek jakin behar du lehentasunak zehazten eta hau sekulako lehergailu-informatiboa da.
Maratila
Sudur-puntan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu