Barru-barruko kontua dira sanferminak iruindarrentzat. Badakizue, odolean, geneetan sartuta dagoen zerbait. Erraldoien eta kilikien ondoan hazten dira haur iruindarrak, peñen egoitzetan hartzen dituzte lehendabiziko tragoak, eta sanferminetako musikaren arrimora bilatzen dute bikotea.
Barru-barruko kontua. Hiria lainoak bezala hartzen duen lurrinaren gisako dira sanferminak. Halakoxea haien usaina. Lurrin merkea, ordea. Laino azpian dauden iruindarrak eta bisitariak konorterik gabe uzten ahal dituen kolpe baten gisako lurrin merkea. Sudurreko mina eragiten duen kolpea. Barru-barruko kolpea.
Lehen egunean besta freskoaren usaina du Iruñeak. Baina denborak aurrera egin ahala, fresko zena iraganeko kontu bilakatzen da Nafarroako hiriburuan. Hiriko Alde Zaharra komun handitzat hartzen dute anitzek. Batez ere gizonek. Zaborra, gauez, pilatuz joaten da, hamaika koloretako geruza osatu arte.
Geruza horren gainean ibiltzea ez da hain erraza. Oinak lurretik altxatzeko ohi baino indar handiagoa egin beharra dago. Bai, behintzat, zapata karrikaren erdian utzi nahi ez baduzu. Sudurreko minak, beraz, oinetako mina du albo ondorio.
Hori omen da munduko bestarik onenak izateko ordaindu beharreko saria. Garbitzaileak gogor saiatzen dira hasierako giro freskoari eusten. Baina haiena, hasieratik galdutako borroka da. Pinuen itxurako aire lurrintzaileen munduko ekoizpen osoa Iruñera bideratuta, akaso...
Sanferminak Iruñean. Sanfer-minak
Sudurreko mina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu