Sugearen urtea hasi da Txinan

Urte berria ospatuko dute gaur milioika txinatarrek mundu osoan; baita Euskal Herrian bizi direnek ere

Ilargi Agirre.
Donostia
2013ko otsailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Xin nian kuai le. Horrela esaten da urte berri on txineraz. Milioika txinatarrek gaur ospatuko dute urte berri eguna. 4711. urtean sartu dira gauerdian, eta sugearen ikurraren eraginpean egongo da urtea. Euskadiko Txinatarren elkartekoek ez dute ospakizun publikorik egingo aurten, krisiaren eraginez aurrekontu nahikorik ez baitute. Familia giroan etxean ospatzearekin konformatu beharko dute.

«Urteko ospakizun garrantzitsuena da guretzat. Egun handia izaten da», azaldu du Zhongjing Yang Euskadiko Txinatarren elkarteko idazkariak. Iaz Bilboko Eliseo Zelaien Antzokian festa handi bat antolatu zuen elkarteak. Egoerak hala behartuta, etxean ospatuko dute aurten.

Berdin egingo dute Txinan ere. Munduko urteroko migratze prozesurik handienetako bat eragiten du Txinan urte berriak. Hirira bizitzera joandako jendea landa eremuetara itzultzen baita egun hauetan. Aurten, 3.410 milioi lagunen joan-etorria espero dute, inoizko zifrarik handiena. «Urte osoan familia ikusi gabe egon eta gero, senideekin egon eta atseden hartzeko unea izaten da urte berria».

Gutxienez hamabi platerez osatutako afaria zerbitzatu behar da, tradizioari jarraituz. Ahateak, oilaskoak eta arrainak ezin izaten dira falta. «Enpanadillak, eta azenarioarekin egindako plateren bat ere prestatzen da, kolore gorriak zortea ematen baitu. Azken bururako, arrozarekin egindako orea izaten da».

Yangek azaldu duenez, kolore gorriarenak mitologiako kondaira batekin du lotura. Nian izeneko animalia Urteberri egunean hirietara joaten zen haurrak jatera, eta animalia suarekin eta kolore gorriarekin beldurtu egiten zen.

Hortik dator, afaldu ondoren etxe guztietan su festak egiteko ohitura ere. «Etxeko atea irekitzen dugu, bizilagunak eta lagunak agurtu eta elkarri urte ona opatzeko».

Familiako haurrei diru kantitate txikiz betetako gutun gorriak ematen zaizkie, gainera, zorte onaren seinale. «Oso sinbolikoa da. Txintxoak izan eta ongi jokatzeko sari gisa oparitzen zaizkie. Hiru egun geroago irekitzen dituzte gutunak», azaldu du Yangek. Txinan ere etxeak apaintzen dituzte. Paper gorriz egindako poemak jartzen dituzte eraikinaren kanpoaldean, osasuna,maitasuna eta zoriontasuna desioz.

Urteberri eguna aldatu egiten da urtetik urtera egutegi txinatarrean. Aurten otsailaren 10a egokitu da, baina hurrengo urtean urtarrilaren 31n izango da. Neguko solstizioaren bigarren ilberrian izaten da beti. Egutegi gregoriarrak eguzkiari jarraitzen dion bezala, egutegi txinatarrak eguzkiari eta ilargiari erreparatzen dio. «Nekazari txinatarrek laboreak noiz erein jakiteko ilargia aztertzen zuten, eta hortik sortu zen egutegia».

Urte ezegonkorra

Mendeen parekoak diren 60 urteko aldiak dituzte txinatarrek. Ziklo bakoitzean ying eta yang-a, zeruko bost elementuak —ura, metala, egurra, sua eta lurra— eta hamabi animalia tartekatzendira. Sugearen urtea da aurten. Jaiotako haurren izaeran eragiten du ikurrak, Yangek adierazi duenez. Animaliaren izaeraren ezaugarri bertsuak izaten dituzte pertsonek. «Jakintsuak, jatorrak, eta enpatia handikoak izaten dira sugearen eraginpean jaiotakoak. Sentsualak, harroak eta handiusteak ere izan daitezke, aldi berean».

Munduko gertaeren norantzan ere eragiten du egutegiko ikurrak, txinatarren arabera. Aurreikuspenak ez dira batere baikorrak. «Sugearen urtea da aurten. Gertaera lazgarriak pasatu dira halako urteetan. Politikokiko eta sozialki ezegonkortasuna nagusitu da; historian aldaketa handiak izan dira». AEBetako Dorre Bikien aurkako atentatuak, 2001ean; Berlingo Harresia eraistea, 1989an; eta 1966ko Txinako iraultza kulturala aipatu ditu Yangek, beste batzuen artean.

Edonola ere, berrikuntzen urtea ere izan daiteke astrologia txinatarraren arabera. DNAren aurkikuntza sugearen urtean gertatu zen, esaterako.

Orokorrean astrologian sinesten dutela aitortu du Yangek. «Hobe da, badaezpada ere, sinestea. Gauzak gertatu direla ikusi dugu, eta kontuz ibili behar dugu».

Euskadiko txinatarren elkarteak ez du ospakizunik egingo, baina Zumaian (Gipuzkoa) antolatu dute urte berria ospatzeko festa. Hurrengo igandean, otsailaren 17an, egingo dute asteburu honetan inauteriekin bat egiten zuelako. Eneko Agirre Kultura zinegotziak azaldu duenez, arratsaldean karpa bat irekiko dute erdigunean herritarrei Txinako kultura erakusteko helburuarekin. «Haurrentzat ipuin kontalaria egongo da, eta txinatar familia batek janaria prestatuko du. Dragoia ere aterako dute txinatarrek kalera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.