Suhigaraitxipiren lubakia

Euskal Herriko txokoak. Soraluze Joanes Suhigaraitxipi kortsario ezagunaren hilobia Soraluze malkartsuan dago; armekin lotuta izan da beti Debabarreneko herri hori.

xabier martin
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Soraluze bere historiak eratu du, sutegiak armak forjatzen zituen bezala. Kortsarioen istorioak xuxurlatzen ditu belarrira kontakizun horrek, apaiz historiazale eta marrazkilari bati buruz, industria gupidagabeari buruz eta gerraren oinazeak beteriko lubakiz. Soraluze Placencia de las Armas izan zen diktadurak iraun zuen bitartean; ez herriko seme-alaben sukaldeko intimitatean, baina bai ofizialki. Erdi Aroan fundatutako herri malkartsu horrek (1343) armagintzarekin izandako loturari erabateko presentzia eman zioten izen ofizialean. Plaentxi, Plaentzia, Plazentzia edo Plaentxia Soraluze da egun euskaraz, liburu ofizialetan behintzat; hala erabaki zuen Euskaltzaindiak, eztabaida luze baten ostean.

Deba ibaia igarotzen da Soraluzetik; Debabarreneko lehen herria da ibaiaren urak jasotzen. Bi mendiren artean egonik, herri estua eta luzea dela esan daiteke, lubaki baten antzera. Ipar eta ekialdean Mazelaegiko kordala dauka, eremu megalitikoa, zeina Karakate mendian hasi eta Elosuan bukatzen den. Ibaiaren beste aldean, berriz, mendebaldera, Krabelin mendia dago. Elgetara iristen den mendilerroa sortzen da han. Gain hartan, 36ko gerrako lubakiak beha daitezke oraindik, armek eragindako oinazearen lekuko isilak.

Armak beti. Soraluze armen industriari lotua dago XV. mendetik. Orduan gaineratu zioten abizena Placencia gaztelaniazko izenari: de las armas. Erdi Arotik ateratzen ari zen hiribildu haren industria indartsuena armena baitzen. Baina Soraluzeren historia kulturak eratu du, halaber; Florentzio Axpe (1871-1957) euskal apaizak eta beste batzuek euren izaera eman diote modu batera edo bestera. Axpek historiako zatitxoak gordetzen zituen oroimenean eta paperetan. Marrazki lanak sortzen ere artista zen. Haren miniaturen artean, nola ez, badira ehiza marrazkiak txinatar tintaz eginak, eskopeten baskuletan ikusi ohi diren motiboak.

Haren aurretik ehizan ibilitakoa Joanes Suhigaraitxipi kortsario baionesa izan zen. XVII. mendeko Kortsario txikia-k ehun itsasontzi herbeheretar eta espainiar harrapatu zituen sei urtean. Gerra balentriekin batera lurperatu zuten aspaldian Soraluzen.

Baina iragan historikoak badu orainaren jarraipena. Soraluze bizi-bizirik dago 4.000 biztanle ingururen jardunari esker. Horietako batzuek EH Sukarraren estreinako kontzertua entzun zuten duela urteak, herriko gaztetxean. Musikak leku berezia du herrian; Gaztelupeko Hotsak eragile garrantzitsuak han du bulegoa, izan ere. Bestalde, pilotak ere indarra hartu du urteotan Aritz Laskurain puntako atzelariaren ibilbide politari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.