Itxura hartzen ari da pixkanaka Mondragon Unibertsitatearen eskutik abiatutako Basque Culinary Center (BCC). Gastronomia zientzien fakultatean urrian hasiko dituzte ikasketak 56 ikaslek, eta ordurako dena prest izateko lanean ari dira dozenaka langile. Lanak bide onetik doaz, eta langileen ekarpena agerian geratzen ari da. Eraikineko sabaian jarri dituzte eguzki plakak eta belardiak, eta barrualdean hozkailu kamerak eta ikasgeletako sukaldeak instalatu dituzte. 2009ko abenduaren 1ean hasi zituzten lanak irailerako bukatu nahi dituzte.
BCCn jarri dituzten sukaldeek zerikusi gutxi dute elkarte gastronomikoetan ikus daitezkeenekin. Hamalau sukalde txiki ditu sukalde egitura bakoitzak, eta ikasle bakoitzak haietako batizango du erabilgarri. «Eskolako ikasmahaia izango da haientzat. Bi su txiki, eta txapa eta labe bana izango ditu ikasle bakoitzak. Sukaldean ikasteko eta trebatzeko beharrezkoa da halako azpiegitura bat», azaldu du BCC Fundazioko zuzendari Joxe Mari Aizeagak.
Hamalauko taldeetan lan egiteko antolatu dute azpiegitura guztia, sukaldeak eta tailerrak barne. «Talde txikietan hobeto lan egiten da, eta taldeetako bakoitza tailer batean izango da uneoro; batzuk arrainarekin dabiltzan bitartean, beste beste batzuk okindegian arituko dira». Arrain tailerraz eta okindegiaz gain, haragi tailerra, barazkiena, urdaitegia eta gozogintzara bideratutakoa jarriko dituzte. Tailer horietako bakoitzean jakiak jaso, aztertu, garbitu, banatu eta sukaldean maneiatzeko prest utziko dituzte ikasleek.
Ikerketa zentroa eta dastatzera bideratutako gelak ere badituzte BCCn. «Ardo eta olio dastatzeak egiteko, adibidez, 25 ikasleko gelak jarri ditugu», dio Aizeagak hautsak hartutako gela erakustearekin batera. Helburua ez baita soilik jatetxeetan aritzeko sukaldariak trebatzea. «Industria sukaldaritzari buruzko adar bat ere badago ikasketetan, catering etxeetan aritzeko, adibidez. Jende kopuru handiarentzat jakiak prestatu behar dira, ospitale baterako, adibidez; halakoetan lanerako beste modu bat ikasiko dute». Neurri handiko lapiko batek agerian uzten du zeregin horretara bideratuko duten sukaldea zein den; babarrun plater asko zerbitza daitezke tamaina horretako lapikotik.
Eguneko menuak
Eraikinaren sarrera nagusia izango denak kafetegiarekin egiten du bat. Kafetegiko sukaldea praktiketarako baliatuko dute ikasleek, eta haiek prestatutako jakiak eguneko menuetan zerbitzatuko dituzte kafetegian bertan. «Edonork izango du menua jatera etortzeko aukera, kafetegi irekia baita, ez da fakultateko langile eta ikasleentzat bakarrik izango», argitu du Arizagak.
Kanpoaldetik U edo zaldien ferra forma du bost solairuko eraikinak, eta ingurunearekiko zaintza eta errespetua irizpide hartuta diseinatu dute. «Ez du ohiko fakultate baten diseinua; 3.000 metro koadro lur azpian ditu. Bisitarientzat eta turistentzat ere erabili nahi dugu BCC, asteburuetan irteera gidatuak antolatuz esaterako, eta hori aintzat hartzen du diseinuak. Ez dugu fakultate bat bakarrik izan nahi», argitu du BCC Fundazioko zuzendariak.
Zientzia gastronomikoen fakultateak 56 ikasle hartuko ditu urritik aurrera, eta otsailean beste 14 batuko zaizkie. Lehen promozioko ikasleak izango dira, eta horien aukeraketa prozesu luze eta zorrotzaren emaitza izan da: 320 ikaslegaiek eman zuten izena, eta banan-banan aztertu zituzten bakoitzaren espediente akademikoa, ingeles maila eta trebetasun eta gaitasun pertsonala. Irakasleen aukeraketa prozesua ere datozen egunetan bukatu nahi dute.
Sukaldeak pizteko bidean
Basque Culinary Centerren bide onetik doaz azpiegitura prestatzeko lanak; lehenengo sukaldeak jarri, eta tailerrak eta ikerketa guneak egokitzen ari dira. Urrian hasiko dute ikasturtea 56 ikaslek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu