«Geografiari dagokionez, Afrika; politikoki, Europa; eta kulturalki, Hego Amerika. Ezaugarri bereizgarri oso indartsuak baditugu ere, gure kultura eta nortasunari ez zaio balio nahikorik ematen». Horrela mintzo da Manuel Cabezudo Contramapas egitasmoko antolatzailea Kanaria uharteen inguruan. Bere herriaz.
Urteak joan urteak etorri, Lanzarote, Tenerife edota Fuerteventurako hondartzetan gotorlekua aurkitzen duten euskal herritarrak asko dira. Bada, Kanaria uharteek badituzte hainbat eremu mendizaleentzat, baita haien Urmuga propioa ere.
Hain zuzen, bihar hasiko da Urmuga Euskal Herriko mendietan. Eta eredu horri jarraiki, Contramapas egin zuten Kanaria uharteetan maiatzean. Manuel Cabezudo Kanariako mendi eta musika ekitaldi horren sortzaile eta antolatzaileetako bat da. Azaldu duenez, Interneten izan zuen lehen aldiz Urmuga proiektuaren berri. Cabezudo Atlas erakundeko ordezkaria da, eta turismoarekin zerikusia duten proiektuak garatzen dituzte bertan. «Betiere tokiko jendeaz ahaztu gabe».
«Bidean, Urmugarekin egin genuen topo eta ideia bikaina iruditu zitzaigun. Bi aldiz pentsatu gabe, Migel Zeberiori deitu nion»
MANUEL CABEZUDO Contramapaseko antolatzailea
2014an, zortzi uharteetatik igarotzen zen CR 131 izeneko mendi ibilbide bat aurkitu zuten; 600 kilometro zituen eta 24 etapatan egin ahal zen. «Lehenbiziko aldiz, hura ezagutzera joatean, potentzial turistiko handia zuela konturatu ginen», azaldu du Cabezudok. Halaber, gaineratu du Kanarian jendeak ez duela ibilbide luzeak egiteko ohiturarik eta udalerri askotan ez zutela ezagutzen CR 131 bidea. Alkateek eta zinegotziek ere ez. Hori dela eta, mendi haiei ikusgarritasuna emateko asmoz, eredu bila hasi ziren artxipelagotik at.
Bidean, Urmugarekin egin zuten topo, eta «ideia bikaina» iruditu zitzaien. «Bi aldiz pentsatu gabe, Migel Zeberiori deitu nion». Are, Zeberio eta Ion Ansa Fuerteventuran izan ziren egitasmoarean bigarren aldian. Makina bat ordu igaro zituzten hara eta hona, oinez eta berriketan. Cabezudok jakinarazi du Urmugaren ingurukoak bakarrik ez, euskal kulturari eta identitateari buruzko kontu ugari ere entzun zituztela uharteko tontorrek.
2023an, Kultur Garapenerako Kanarietako Institutuak deialdi bat atera zuen; kultur eragina izango zuten sei proiektu bilatzen zituzten, eta Contramapas izan zen aukeratuetako bat. «Urte luzez ikasi eta landutakoa biltzeko modu bat izan zen», dio antolatzaileak egitasmoaz.

Musika eta bazter ezkutuak
Urmugaren antzera, Contramapasek ere mendia eta musika uztartzen ditu. Maiatzaren 1etik 30era bitarte, bigarren aldiz egin zuten. Gainera, maiatzeko azken eguna Kanarietako eguna da; «egun berezia», ibilbidea amaitzeko. Etapa bakoitza amaitzean, kontzertu, hitzaldi edota dantza saioak antolatzen dituzte. Cabezudoren ustez, musika hizkuntza perfektua da turistek Kanariako «bazter ezkutuenak» ezagutzeko.
CR 131 ibilbidea La Graciosa irlan hasten da. Bertan, lehenengo bi etapa labur egiten dituzte; «ez da eremu maldatsua, eta ingurunera egokitzeko balio du». Jarraian, Lanzarotetik igarotzen da; tartean, Timanfayako parke naturaletik. Lobos eta Fuerteventura dira hurrengo pausalekuak. Fuerteventura da gune lehorrena: antolatzaileari Afrika ekialdeko kostaldea ekartzen dio gogora bertako paisaiak. Ondoren, Kanaria Handian ibilbide osoko puntu altuenetik igaro eta Tenerifeko «leku xarmagarrietara» heltzen da; horien artean, Teideko sumendira. Cabezudoren esanetan, bestalde, Gomerako eta Palmako tontorrek prestakuntza fisiko handiagoa eskatzen dute.
Azkenik, antolatzaileek ibilbidea El Hierron amaitzea erabaki zuten; zehazki, Punta Orchillako itsasargian. «Leku hori oso sinbolikoa da, Ptolomeok bertan kokatu baitzuen 0 meridianoa munduko lehen mapan», kontatu du ekintzaile kanariarrak. Bestalde, uharteak itsasontziz zeharkatzen dituztenez, ibilbidea portuz portu ibiltzeko dago diseinatua.
«Contramapaseko lehenengo aldia oso polita izan zen; helburu guztiak bete genituen», esan du Cabezudok. Era berean, lehenengo ekitaldi hori batik bat «kulturala» izan zela argitu du. Izan ere, bigarren aldian helburu sozialei ere garrantzi handia eman zieten. Esate baterako, adin txikiko migratzaileekin aritu ziren arrazismoaren aurka elkarlanean. «Saiatzen gara erakusten migrazioaren auzia ez dela arazo bat».
«Saiatzen gara erakusten migrazioaren auzia ez dela arazo bat»
MANUEL CABEZUDOContramapaseko antolatzailea
Itxaropentsu daude
Antolatzaileak itxaropentsu iragarri du Contramapas proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa. Dagoeneko hurrengo urtera begira lanean ari direla nabarmendu du.
Nolanahi ere, Cabezudok ez du Euskal Herriko Urmuga galtzeko asmorik: bihartik igandera, Euskal Herriko medietan ibiliko da Urmugako lagunekin. «Euskal kulturan murgiltzeko irrikan nago».