Surfa, olatuetatik kanpo

Olatu onenaren bila ibili da hainbat urtez Kepa Acero surflaria. Mundu guztia zeharkatu du, eta, orain, bizipen horiek erakusketa batean bildu ditu.

Kepa Acero, Bilbon jarri duen erakusketan, surf taula aldamenean duela. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Surfean, dena ez da olatua. Itsaso ertzean gizarte eta kultura ugari bizi dira, eta surflariak berak ere bizipen propioak izaten ditu. Kepa Acero getxotarrak ere esperientzia ugari izan ditu azken urteetan egin dituen bidaietan; It's not about the waves (Ez da olatuei buruzkoa) izeneko erakusketan bildu ditu horiek, eta Bilboko Belaza galerian jarri. Atzo zabaldu zuen, eta uztailaren 16ra arte egongo da ikusgai.

«Azken urteetan bakarrik egin ditudan bi bidaietan bildutako argazki eta bizipenekin osatu dut erakusketa», Acerok azaldu duenez. 2010ean, 5 olatu 5 kontinente izeneko egitasmoa jarri zuen martxan, eta, aurten bertan, Alaskatik Patagoniarainoko bidea egin du. Bidaia horietan, surfean egin ahal izateko olaturik onenak bilatu ditu. Eta helburu horrekin munduko azken txokoraino joan da, bera bakarrik. «Olatu onenak topatzea helburua bada ere, inguruko jendea eta kultura ezagutzeko aukera ere ematen dizu», dio. Horrek kirolari beste dimentsio bat ematen dio, Acerok azaldu duenez, eta «barne momentuak ematen dizkio kirolariari».

Bakarrik bidaiatzeak, gainera, bidaiari beste ikuspegi bat ematen dio. «Indonesian sekulako olatuak topatu nituen, eta hondartza horretan bakarrik surfean egitea sekulakoa izan zen». Baina Namibiako basamortuan ere bakarrik egon zen. «Bertan egun batzuk eman ondoren, bizitza gelditu egiten den irudipena daukazu», haren esanetan. Esperientzia horiek guztiak erakusketan jarri dituen argazkiekin eta idatziekin islatu nahi izan ditu surflari getxotarrak.

Olatu bila, Internetez

Baina nola bilatzen ditu Acerok munduko olaturik onenak? Bada, Google Earth aplikazioaren bidez. «Ikerketa egiten dut; itsasoaren eta haizearen norabidea kalkulatzen dut, harkaitzen kopurua, uraren sakontasuna eta abar». Gisa horretan jakin dezake kostalde hori surfa egiteko ona izan daitekeen edo ez. «Behin ikerketa eginda, bertara joaten naiz, ea zelako olatuak dauden bertatik bertara ikustera».

Bost urte daramatza denetara Acerok gisa horietako bidaiak egiten. «Munduko zirkuituan nenbilen lehenago, eta mundu guztian zehar bidaiatu dut», baina egoten zen lekuak ez zituen «behar bezala» ezagutzen. Beraz, bidaia eta surfa uztartzeko erabakia hartu zuen. Era horretan bidaiatu du mundu guztian zehar. «Zortea daukat, gustatzen zaidan lana egiten baitut».

Kanpora joateko esperientzia horiek asko lagundu diote hemengoa baloratzeko garaian. Eta olatu onenaren bila joateko, «ez da sobera urruti joan behar, Mundaka hor baitago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.