Tomatea landaretik jaso eta izpi gatz ematen diogunean hasten da haren ukia eta zaporea aldatzen: horra sukaldaritza soilaren (adiera zabalean) lehen urratsa. Sardina, berdela edo eperra eskabetxetan sartzea, jangarri luzaroago iraunarazteko; arrain txiki (antxoa, akula, sardinzarra) eta handiak (bakailaoa, abadira, ikazkina…), buru eta erraiez gabetuta, jateko unea heldu arte gatzetan edo gatzunetan edukitzea, inoiz inguru horretatik atera eta gantz edo oliotan sartzea, gutizia bilakatzeko; txerrikia gatz eta piperrauts gorriz igurtzita giro hotz eta lehorrean gordetzea; esnea jotzea, irabiatzea, likido zena solidotu eta zuri-zuria zena hori bihurtu arte, bestelako zapore eta usainak dituen produktu berria eta azpiproduktu bat lortzeko; gazta, arrain edo okelak ketan lehortzea edo, areago, inongo kerik ez dagoen Zumaiko balkoian, adibidez, zintzilik edukitzea, aireak lehorturik, zapore sakonagoa har dezaten; edo, ia muturreraino iritsita, pittin bat usteltzen uztea, samurrago izateaz gainera, digerigarriagoa gertatzeko eta bestelako ñabardura gazi-gozoez janzteko; Eskandinaviako sukaldaritza tradizionalak ohikoa duten eran, elikagai batzuk (arrautzak, hegaztiak, gaztak, arraina) ehortzirik jangarri iraunaraztea, biguntasun, gozotasun eta usain berezia har ditzaten; zaldun eta gameludun nomada batzuek egin ohi duten bezala, haragi pusketa zelaren azpian ezarri eta, zama, zanpatze, berotasun eta zamariaren izerdiei esker, okela jangarri bihurtzea; egarria arintzeaz gainera, gure jokabideak erabat aldaraz ditzaketen likidoak erdiesteko jomugaz, aberearen elikagai den garia edo garagarra hartziaraztea….
Lan soil horiek, eskuarki, gizartean protagonismo nagusia ez zuenak egin behar izan ditu: matriarkatuan gizonezkoak eta patriarkatuan emaztekiak.
Bestelako sukaldaritza, sua ezinbesteko elementua duena, nagusiak ofiziatu izan du.
Autore askotxoren gehiagoren iritziz, elikagaiak sutan prestatzea, premiazko jangarriak prestatzeko modua ez ezik, gizartea antolatzeko era ere bada. Horren ondorioz, berariazko funtzioak definitu dira, taldea biltzeko liturgiak, ordutegiak, komunikatzeko erak, etab.
Egun, azalera handian erositako kuzinatua etxeko mikrouhin labean berotu ondoren, telebistari begira eta inortxorekin hitz egin gabe afal dezagun agintzen digun mundializazio madarikatuak galarazi dizkigun horiexek, alegia.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Surik gabeko sukaldaritzatik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu