Ez da metafora: sustraiak dituzte euskal artzainen hitzek AEBetan. Etxean baliabide handirik ezeta, XVIII. mendean hasi eta II. Mundu Gerrara arte, Euskal Herriko gazte mordo batek hartu zuen Amerikarako bidea. Artzain egin ziren haietariko asko, eta AEBetako mendebaldera joan ziren. Mendian ematen zuten uda, 1.500 bat buruko artaldea zaintzen; txakurra, astoa eta astean behin jatekoa eramaten zien garraiolaria beste konpainiarik gabe. Bakarrik, eta mendian. Bazterrean. Gaur egunera arte heldu dira haien hitzak, halere. Labanarekin markatzen zituzten zuhaitzen azalak. Galdu egin dira asko eta asko, baina 20.000 baino gehiago katalogatu dituzte, eta AEBetako Artxibo Nazionalera eraman nahi du orain ondare hori Nevadako Unibertsitateak. Izan ere, lur hartan ditu sustraiak.
Urteak daramatza Joxe Malleak artzain haien aztarnak ikertzen eta aldarrikatzen. «Lertxumarrak» deitzen ditu, zuhaitz hori hautatzen baitzuten artzainek gehienetan beren markak egiteko. Mendiz mendi ibili da urteetan haien bila. «Lertxumarra horiek gabe, gaur egun ez genukeen jakingo milaka artzainen nor, nongo eta noizkoa». Artzainen historiaren artxiboa dira basoak. «Lan apal samarra izan da artzaintzarena, eta denetan apalena XVIII. eta XIX. mendeetan AEBen neurriko nazio industrializatuan. Inork ez zuen ezer espero artzainengandik, bildots lodiez landa, eta artzainek ere ez zuten gauza handirik esperoko historialariengandik, haiena lan neketsu, bakarti eta funtsezkoa izan arren. Horregatik edo, elkarri elkarren izen, deitura, sorterri eta gogapenak uztea pentsatu zuten. Gure herrietan, idazkariak egiten ditu horrelako lanak, baina Kalifornia, Nevada, Idaho eta beste estatuetako mendietan bakoitzak egin zuen berea. Bakoitza bihurtu zen historialari».
Saio bakarra izaten zuten artzainek beren marrazki eta idazkiak egiteko. Urteak behar zituzten marka finek handitu, eta irudi bilakatzeko. Erraz desagertzen da, ordea, nekez agertutako hori, eta galdu egin dira lekukotza asko. Ehun bat urteko bizia izaten dute lertxunek, izan ere, eta 1900. urte ingurukoak dira egun ezagutzen diren zaharrenetarikoak. Askoz lehenago ere izango zen artzainen hitzik, halere. «Seguraski lehen artzaina hasiko zen horretan, kolonia denboretan. Juan Oñatek ekarri zituen ardiak lehen aldiz AEBetara, 1598an. Kontu egin. Geroago, 1849az geroztik, urrearen tirria akitu eta artzaintzari ekin ziotenean, lehen euskaldunak agian jada ikusi zituen marra batzuk zenbait arbolatan. Mapagintza eta lurraldea neurtzeko ere pinu handiak markatzen zituzten Sierra mendietan, eta hauek oraindik ere tinko daude, baina artzainek hasierako garai haietan egindakoak joan ziren aspaldi».
Legez da betebeharra marka horien informazioa biltzea, Mallearen hitzetan. «AEBetako legeak manatzen du 50 urtetik gora duen edozein arkeologia edo kultur gairekin zerikusi duen oro bildu behar dela. Lertxumarra gehienak bi agentzia federal handiren babespean daude: US National Forest Service (AEBetako Basoen Zerbitzua) eta Bureau of Land Management (Lur Zaintzaren Bulegoa). Legez, bi horiek bildu behar lituzkete lehengo artzainen istorioak, baina milaka galduak ziren 1970eko hamarkada hasi arte. Jendea hasi zen ordurako lan hori egiten, eta haien ereduari jarraituz federalak ere hasi ziren lan horretan, baina metodorik gabe». Gero hasi zen bera, 1988an, eta 20.000 kasu inguru bildu ditu. Eta beste 7.000 taldean, federalekin eta boluntarioekin lan eginez. Bideoz biltzen ditu lekukotzak.
Basoko erregistroa
Izen-abizenak dira haietariko gehienak, data bat, ez askoz gehiago. Baina erregistro ikaragarria dira, halere, Malleak azaltzen duenez. «Arboletako marketan ageri den informazioaren %95 ezin da beste inon ere aurkitu. Ez AEBetarako immigrazioa hartzen zuen New Yorkeko Ellis Islanden eta ezta ezein hiriko udaletxetan ere. Artzain gehienen izenak ez dira zentsuetan ageri ere». Badira bestelako irudi eta idazkiak ere. Beste hiru motatakoak nagusiki: umorezkoak, artzaintzari buruzkoak eta erotikoak. Zuhaitz bidezko elkarrizketa bat baino gehiago ere dokumentatu du Malleak. Norbaitek zuhaitz batean marka bat egin, eta urteetara beste norbaitek beste marka batez emandako erantzunak. Gehienbat horretarako egiten zituzten lertxumarrak: han zeudela esan, eta bakarrik ez zeudela ikusteko.
Badira marka politikoagoak ere, baina ez dira hainbeste. Francoren aurkakoak dira haietariko asko, eta 36ko gerrari buruzkoak ere bai zenbait Kalifornia erdialdean. Nahiko hedatuta egon zen Biba Frantzia! leloa ere, II. Mundu Gerraren garaian. Eta badira itxuraz bizitza bakartua ematen zutela irudi arren artzainak munduarekin lotuta zeudela erakusten dutenak ere. Nixon AEBetako presidentearen Txinarekiko irekieraren aurkakoak, Fidel Castroren aldeko aldarrikapenak, eta Errusiako Sputnik sateliteei buruzkoak. Baita lehenengoz telebista ikusi zuen artzainaren erreakzioa ageri duen bat ere. Lokala eta globala parez pare, beraz; etxekoa eta mundukoa.
Bada Malleari harridura pizten dion beste kontu bat: idazteko joera. «Askotan entzun da euskaldunok ez dugula idatzizko kulturarik izan. Artzain gehienak euskaldun baserritarrak ziren, eta idatzi egin zuten, halere. Askok, lehen aldiz. Baina ez zuten idatzi eskolatuen antzera lumaz paperean. Baserritarrak hobeto zekien aiztoz arbolak markatzen. Gure noizbaiteko arbasoek leizeko hormetan margotu ei zuten, eta gure artzain amerikarrek lertxunetan eta beste arboletan. Paperaren kulturatik landa ibilia da euskalduna».
Euskararen presentzia
Gehienak erdaraz daude idatzita, halere. Eta artzainek hautatutako hizkuntzaren arabera jakin liteke maiz haien jatorria ere, Malleak dioenez. «Nafarroako Erro aldetik-eta etorri zirenek erdara hutsa zekiten. Baita, azken aldera, 1955. eta 1975. urteen tartean Peru eta Txiletik heldu zirenek ere. Ipar euskal herritarrek idatzi zuten euskaraz gehien. Frantsesik ere gutxi zekiten, baina elizan ikasi zuten euskaraz irakurtzen, Hegoaldekoek ez bezala. Maitasun, neska kontueta zenbait kanta herrikoi aurkitu ditut euskaraz. Maitia non zira?, abestia esaterako. Bertsotan nafarrak nagusitu ziren, eta bizkaitarrek abertzale politikan. Ingelesez gehiago idatzi zuten, oro har, frantsesez baino, ingeles traketsean noski. Madarikazioak, batez ere». Ohikoak dira fok (fuck), sanabich (son of a bitch) eta chit (shit) moduko hitzak, adibidez.
Aiztoa izaten zen halakoak idazteko tresnarik ohikoena, baina iltzea ere erabiltzen zuten. Harria ere bai, bestela, edo errifle balaren punta. Tresneria handirik ez zuten behar, Malleak azaldu duenez, lertxunaren azala, gaztea denean, erraz markatzen baita. Baita atzamar hutsez ere. Baina oro ez da lertxun, eta azkenaldian bestelako markak ikertzen ere badabil: harrietan egindakoak. «Azken urte hauetan, uste genuen baino harrimarra gehiago azaldu dira desertu lurretan, arbolarik ez dagon tokietan. Beraz, euskaldunek agian indioen petroglifoak ikusita, haien antzera harri handi zabaletan zizelkatu zituzten izenak eta baita irudiak. Oregon, Idaho, Utah, eta Nevadan aurkitu dira halakoak».
Natura humanizatzen
Inguru latz bat, eta hura menperatzeko premia. Hori da zuhaitzen azaleko mezu sakona: iraganaren eta etorkizunaren artean kokatzeko beharra. AEBetako Mendebaldeko artzainei buruz idatzitako liburuan laburtzen du sentsazio hori William Douglass antropologoak: «Euskal artzainek humanizatu egiten dute bestela gupidagabea zaien natura basatia. Hala, lertxun baten albotik pasatzean edota harrizko monumentu bat ikustean hain bakarrik ez dagoen ilusioaz goza dezake. Hala, bere bakardadea gora behera, iraganeko belaunaldien mamuarekin egin dezake bat gizon batek, eta bere bizitzari nolabaiteko zentzu bat aitortzeaz gozatu, etorkizuneko artzainentzako ondare gisa bere marka uzten duenean». Sustraiak eta etorkizuna eskuz esku.
Ezarian. AEBetako euskal artzainak
Sustraiak dituzten hitzak
XVIII. mendetik hasita izan dira euskal artzainak AEBetan, eta zuhaitzetan beren bizimoduaren aztarnak utzi dituzte. Ondare hori AEBetako Artxibo Nazionalera eraman nahian dabil Nevadako Unibertsitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu