ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Lizarbe. Nafarroako suhiltzailea

«Sutera heltzen den lehen suhiltzaile taldea gara»

Udan sute arriskua handitzearekin batera, esku hartze azkarreko basoetako brigada martxan jartzen da. Lizarbe talde bereziko kide da, eta 25 urte daramatza sugarrei aurre egiten.

Iruñea
2014ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Iñaki Lizarbek (Espartza-Galar, Nafarroa, 1969) esku hartze azkarreko baso brigadetan dihardu udaro. Duela bederatzi urte sortu zen taldea, eta, haien lanari esker, sute anitz zabaldu aurretik menderatzea erdietsi da, urtez urte mendietako kalteak nabarmenki murriztuz. Gainerako hilabeteetan, berriz, Oronoz-Mugairiko parkean lan egiten du. Alta, argi utzi du udako hilabeteak aski biziagoak direla.

Zein da zure betekizuna?

Ni esku hartze azkarreko basoetako brigadako kidea naiz. Sute bat dagoela esaten digutenean, gu gara lehen taldea suak hartutako eremura bertaratzen. Horretarako, helikopteroaz baliatzen gara. Aurrenekoak iristen garenez, sua itzaltzen hasteko sutearen hegal egokiena zein den erabakitzea da gure erantzukizunetako bat.

Noiz hasi zinen suhiltzaile lanetan?

1989. urtean hasi nintzen, alegia, duela 25 urte goiti-beheiti. Azken finean, ni mendian anitz ibiltzen nintzen, eta aukera sortu zitzaidanean, eskaintza onartu nuen. Lan polita iruditu zitzaidan niretzat.

Gogoko duzu zure lanbidea? Zer ematen dizu?

Bai, hagitz gogoko dut nire lana, baita nire lankideek ere, noski. Finean, gure jarduna guztion mendi eta basoak babestean datza; beraz, lan gogorra izanagatik ere, oro har, aski atsegina da guretzat.

Abisua ematen dizuetenean zer egin behar duzue?

Bizkortasuna ikaragarri garrantzitsua da, bereziki guretzat; izan ere, albait lasterren heltzen bagara, orduan eta txikiagoak izanen dira sutea eta haren ondorioak. Beraz, hamar minutuan helikopteroan bost suhiltzaile eta pilotu bat sartu, eta aireratu egin behar dugu. Alde horretatik, bizkortasun handia lortu dugu helikopteroei esker. Behin, tximista batek jo zuen Leireko mendatean, eta sua eragin zuen; ikusi bezain pronto atera ginen arren, 45 minutu behar izan genituen kalteturiko lekura heltzeko.

Sutea dagoen lekura heltzean, zer egiten duzue?

Hasteko, kalteturiko inguruko baldintza klimatologikoak ezagutu behar dira: haizearen abiadura zein norabidea, tenperatura... eta jarraian, helikopteroaren laguntzaz, suak hartutako eremua miatu. Behin zein baldintzatan lan egin beharko dugun jakinik, helikopteroari bambi deritzen 1.000 eta 500 litroko bi poltsa destolesten dizkiogu. Ur bila doa, eta suturiko eremua bustitzen hasten da. Ondoren, suaren burua zein den atzeman behar dugu. Sutearen burua sutearen aurrealdea da, eta horrek baldintzatzen du suaren norabidea. Hala bada, sutea aurrealdetik geldiarazten denean, sua gehiago ez hedatzea lortzen da. Alta, normalean ezin zaio aurrealdeari zuzenean eraso, hegaletatik ekin behar zaio.

Zeintzuk dira suteak eragiteko arrazoi nagusiak Nafarroan?

Nekazaritza jarduerak eragiten du sute gehien azken urte hauetan. Adibidez, zenbait kasutan, uzta biltzeko makinak ordu anitz lanean daramatzatenean berotu egiten dira, eta sua eragin dezakete.

Zein neurri berezi ezartzen dira udan?

Batetik, Cordovilla, Zangoza, Lizarra, Tafalla, Tutera, Azkoien eta Lodosako parkeak sendotu egiten dira, 150 suhiltzaile gehiagorekin. Eta, bestetik, Nafarroa hegoaldean barbakoak edo bestelako suak egitea debekatzen duen foru agindua kaleratzen da.

Uda lanpetua izan duzue?

Bai. Ekainean, Lizarrerrian eta Erriberan lan dezente izan genuen, uztaroan suteak ohikoak baitira. Egunero, gutxienez, bitan irteten ginen helikopteroan. Uxuen ere hiru egun iraun zuen sute bat izan zen. 900 hektarea kiskaldu egin ziren, baina azkenean kontrolpean izatea lortu genuen.

Neguan zer motatako lanak egiten dituzue?

Neguan, batez ere, suak kontrolatzea dugu eginkizun nagusia. Pirinio aldean ohitura dago larrak, oteak eta iratzeak erretzeko, gerora belar freskoa atera dadin. Egun, erreketak baimenarekin egin daitezke, baina suhiltzaileok bertan behar dugu egon, sua kontrolpean egon dadin. Baimenik gabe eginen balitz, itzaltzera behartuta geundeke.

Momentu arriskutsurik bizi izan duzu?

Bai. Duela urte batzuk sute bat egon zen Petilla Aragoin [Nafarroa], eta sua itzaltzen ari ginela, sua gure gainetik igaro zen pinuen gainaldetik. Mahukak bertan utzi, eta ziztuan atera behar izan genuen. Alta, esan beharra dago Nafarroako suhiltzaileontzat segurtasuna hagitz garrantzitsua dela. Orain arte, ez da kiderik zendu, estatuan azkenaldian izan den bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.