Suziri berdea Leitzan

Gaur hasiko dira ofizialki Leitzako festak, baina herritarrentzat atzo hasi zen parranda.Independentista Sareak botako du suziria

Leitzarrak txarangarekin, txupinazoan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arratsaldeko seietan piztuko dute lehen suziria Leitzan (Nafarroa), bost egun luzeetako jaiei hasiera emanez. Dena den, askok atzoko zama gainean eramango dute oraindik, atzo ere egun osoko egitarau emankorra izan baitzuten herritarrek. Aurten Leitzako Independentista Sarea arduratuko da suziria botatzeaz, eta haiek izan ziren, hain zuzen, atzoko Independentzia Eguna antolatu zutenak, Udalaren laguntzarekin. Beraz, jaiak ofizialki gaur hasiko diren arren, izatez festa atzo hasi zen.

Orain arte Leitzako gazteen herri kirolek eman izan diote hasiera bezperari, baina hainbat arrazoi direla tarteko, atzo eguerdian ibili ziren gazteak alde batetik bestera, herri kirolak eta bakarkako giza proba egiten. «Aurten bestetan egun bat gehiago izango dugu, eta herriko gazteak atzo aterako zirela aurreikusten zenez, herri kirolak gaur goizean ez jartzea pentsatu genuen», zehaztu du Onintza Bengoetxea festa zinegotziak. Aldaketa horri lotuta dago gaur eguerdiko hamabietako ekitaldia. Izan ere, Euskal Herriko sega txapelketako finala jokatuko da Urtotxikiko belardian, bigarrengoz. Ordubete geroago, berriz, euskal presoen eta iheslarien aldeko manifestazioa egongo da; horren ostean, bazkariak etorriko dira: batetik, erretiratuena eta bestetik, karrapean egingo den herri bazkaria —Kuxkuxta txarangak alaiturik—.

Indarrak hartu ostean, eta xanpaina eskuekin gogor helduta, txupinazoaren ordua iritsiko da. Aldi berean, Plazaola aldizkariko azalaren egileari saria emango diote. Hiru urteotan independentziaren alde herrian egindako lana eskertzeko asmoz, Leitzako Independentista Sareko kideek botako dute suziria. David Anaut taldeko kideak aukera hori ematea ederra dela uste du: «Independentziarekiko atxikimenduari egiten zaion aitortza da aukera hau; egindako lanaren aitortza. Ikusten da Leitzan badagoela burujabeak izateko grina, eta hori pozgarria da».

Atzoko egunaren inguruan ere badago zer esana, Anauten ustez: «Urteotan egindakoari gehitu behar zaion pausotxo bat izan zen atzokoa». Lehen aldiz ospatu zuten Independentziaren Eguna, eta ildo horretatik, Euskal Herrian zehar joango den kate bat sortzeko asmoa dute: «Herriz herri hedatuko den dinamika bat martxan jarri nahi dugu. Hasteko, guk Bermeori eman genion lekukoa, eta ea beste herrietara ere zabaltzen den», gaineratu du Anautek.

Txupinazoa izan eta laster, Incansables txaranga, txistulariak eta gaitariak herri osoan ibiliko dira, buruhandiekin eta erraldoiekin batera. Gaueko hamarretan zezensuzkoa aterako da Aurrera Kirol Elkartearen egoitza ingurutik. Ondotik, Trikidantz taldeak dantzan jarriko du herriko plaza. Eta horren ostean, Incansables txaranga kaleak alaitzen ibiliko da berriro. Parranda zaleenentzat, Atekabeltz gaztetxean Gordon eta Txen DJak ariko dira.

Dantza emanaldi berezia

Bihar egun handia izango da leitzarrentzat: San Tiburtzio eguna. Goizeko zortzietan txistularien dianak esnatuko du herria, eta hortik aurrera, hainbat ekitaldi eta emanaldi egingo dira egun osoan. Hala nola goizean entzierroa plazan, dantza emanaldia eta afizionatuen pilota partidak izango dira ikusgai. Arratsaldean, berriz, Fermin Balentzia musikariaren kontzertua, aizkora apustua, harri jasotzea, Leitzako ingurutxoa, zezensuzkoa eta Oihan Vegaren bakarrizketa ikusteko aukera izango dute gerturatzen direnek.

Bengoetxeak nabarmendu duenez, aurten Aurrerako dantzariek emanaldi «berezia» eskainiko dute goizean. Izan ere, Galdakaoko (Bizkaia) Andramari dantza taldea Leitzan izango da, eta horrek bihurtuko du berezi urteroko dantza erakustaldia. «Bi herrietako ezpata-dantzariek batera dantzatuko dute, une berean, baina bakoitzak bere modura», iragarri du Bengoetxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.