Donostiako portua leporaino beteta zegoen atzo arratsaldean. Baita Urgullera igotzeko bideak ere. Eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, jendeak ez zuen piraten abordatzea galdu nahi izan. 3.000 pirata inguruk abordatu zuten Kontxako hondartza, eurek eraikitako txalupetan. Batzuek pirata jantzirik, besteek bainujantzian, era guztietako txalupetan egin zuten kuadrillek portutik Kontxarako bidea. 11. urtez jarraian abordatu dute piratek Donostia; aurten, Parte hartuz donostiarron sareak josi lelopean.
Arratsaldeko bostetarako minutu batzuk baino falta ez zirela, jendea jada urduri zegoen, eta askok ez zuten suziria bota arte itxaron. Zuzenean, uretara salto egin, eta haien txalupetara igo ziren. Gehienek, ordea, antolakuntzako kideei kasu egin, eta Ezkila kapitainak suziria bota arte itxaron zuten uretan sartzeko.
Bostetan puntuan bota zuen suziria Ezkila kapitainak, eta parte hartzaileak ziztu bizian joan ziren haien txalupen bila. Kuadrilla batzuei apur bat kosta zitzaien txalupa aurkitzea, eta beste batzuek, iristerako, apurtuta aurkitu zuten. Dena den, ederki pasatu zuten denen artean, elkarri ura botaz, eta ahal bezala aurrera egiten saiatuz. Bitartean, bozgorailuetatik piraten abestia eta antolatzaileen animo oihuak entzuten ziren.
Pello Bereziartuak eta haren lagunek, esaterako, ez zioten suziriari itxaron, eta uretara salto eginda iritsi ziren haien txalupara. «Iritsi garenerako apurtuta zegoen». Dena den, lagunen eta ezagunen txalupetara igoz, primeran pasatu zuten arratsaldea. Bereziartuak bezala, beste lagun askok ere ez zuten ibilbidea haien txalupan amaitu. Batzuek, txalupa galdu zutelako; besteek, berriz, eurak galdu zirelako. Hala ere, batekin zein bestearekin, iritsi ziren helmugara.
Kontxan zuten helmuga piratek. Dena den, abordatzea ez da lasterketa; ongi pasatzea da helburua, ez aurrena iristea. Horregatik, bakoitza bere erritmora joan zen, ahal bezala; batzuk Kontxara iristerako, bidean jolasean zebiltzan besteak. Eta baziren oraindik portutik ateratzea lortu ez zuenik ere.
Denetariko txalupak ikusi ziren atzoko abordatzean: batzuk landuagoak, eta besteak sinpleagoak. Aurrera egiteko, berriz, egurrez egindako arraunak, makilak nahiz eskuak erabili zituzten. Eta ontzi batetik bestera ura botatzeko ere, era guztietako tresnak erabili zituzten piratek: besteak beste, ur pistola handi batzuk eta baldeak.
Tartean, euri apur bat ere egin zien piratei. Hori ez zen, ordea, ongi pasatzeko oztopoa izan. Kontxara iritsi zirenean, txaloka hartu zituen jendeak. Goitik behera bustita, baina giro ederrean, Bad Sound System taldearen erritmoan joan ziren piratak Kontxatik La Flamenkara, kalejiran. Han kontzertua eman zuen taldeak.
22:00etan, berriz, piratek afari girotua egin zuten Trinitate plazan. Indarrak berreskuratuta, gauean Talco eta Non Servium taldeen kontzertuak izan zituzten, La Flamenkan. Nautikoan, berriz, ZiribulioSound DJak girotu zuen gaua.
Donostiako Aste Nagusia. Abordatzea
Suziria entzun, eta uretara
Piratek Donostia abordatu dute, eta, 'Parte hartuz donostiarron sareak josi' lelopean; 350 bat txalupa joan dira portutik KontxaraAbordaia amaituta, La Flamenkara joan dira kalejiran Bad Sound System taldearekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu