Tacheles ikonoa bukatu da

Azken 22 urteotan Berlingo kultura independentearen ikur izan da Tacheles etxe okupatua, harik eta berriki hustu duten arte. Tachelesen lan egiten zuten artisten artelanak atera ditu poliziak.

Tacheles kultur zentro alternatiboa itxi egin dute behin betiko; munduko etxe okupaturik ezagunenetakoa zen. WIKIMEDIA.
xabier martin
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Pintoreak, eskultoreak, bitxigileak, musikariak... baketsu joan dira. Sormen askearen espazioa galduta, baina istilurik gabe. Tacheles etxeak ateak itxi ditu 22 urteren ondoren; Berlingo kontrakulturaren ikonoa erori da, orain ere kapitala eta negozioa atzean direla: HSH Nordbank bankua.

Ekainak hamazazpi zituen poliziak Oranienburgerstrasse kalea hartu zuenean; oraindik gaua zen Berlinen. Bozgorailuek isiltasuna hautsi zuten okupek jakin zezaten etxetik atera behar zutela. Ordurako, sortu zituzten espaziotik kanpo ziren artelan gehienak. Istilurik ez; poliziek artelanen garraioan ere parte hartu zuten. Artisten abokatu Michael Schultzek kaleratzea nola egiten ari zen ikusi zuen arretaz; Norldbanken abokatuak, berriz, dena «modu egokian» egin zela esan zuen. Ez alferrik Oranienbergerstrasse kalean piztutako su bakarrak artistak berotzeko xedea zuen; kalean poliziaren zain izan baitziren hainbat ordutan.

Aurreko egunetan, iragarritako amaieraren itzalean, turistek erdi prezioan eramandakoaren soberakinek osatu zuten azken garraio hori. Artea, azken finean, arte moderno eta askea, Tacheles mitikoan sortua. Obren kokaleku berria Prenzlauerberg inguruko hainbat estudio izan dira.

30 sormen gela zituen etxe okupatuak, 60 artista baino gehiagorentzako. Apika, ateak zabalik egingo zuten lan; apika, bakarrik. Eurak erabakitzen zuten. Etxearen museoan zaborra zen lehengai nagusia; harekin era guztietako adierazpen artistikoak beha zitezkeen. Artistak ez ziren Tachelesen bizi, sormenerako espazio gisa baliatzen zuten aspaldi honetan.

Giltzak eta gutun bat

«Tacheles arte zentroa behin betiko itxi da, eta horren erantzule zu zeu zara. Erraza izango zen Berlingo sormen zentroa espekulazio suntsitzailetik salbatzea, baina ez duzu ardura hori bete nahi izan». Berlingo alkate-gobernatzaileak, Klaus Wowereitek gutun baten bidez jaso zituen Tacheles eraikineko giltzak. Gutunean lerro batzuk; argiak eta zuzenak inondik ere: «Berlingo kultur politika mundu osoan ezaguna den gure kultur metropolia suntsitzen ari da. Giltzak jasotzearekin batera, politika horrek hirian eragin duen faktura doakizu».

Friedrichstrasse kotizatuaren alboan dago Tacheles, Berlingo eremu erakargarrian, Mitte auzoan. Eraikinak 2.200 metro koadroko eremua dauka, eta 24.000 metro koadroko lursail erraldoia. XX. mendearen hasieran saltoki handi bat izan zen, eta Hirugarren Reicharen garaian nazien bulego zentro bat. II. Mundu Gerraren ostean, berriz, biltegi handi gisa baliatu zuten, Berlingo gatazkan jaurtitako bonbek ez baitzuten behera eraman.

Orain bai, ordea. Mehatxua aspaldikoa zen. Okupazioaren historiari erreparatu behar zaio hura ulertzeko. 1990eko otsailaren 13an okupatu zuten Tacheles. Alemaniako gobernuak eraikina behera bota nahi zuen harresia erori berria zela, baina artista talde batek aurrea hartu zion. Handik gutxira, monumentu historiko izendatu zuten Tacheles eraikinak.

Kultur alternatiboaren zentroak bere urrezko aroa bizi izan zuen lehen urteetan, postmodernismo artistikoaren olatuan. Urtero 300.000 bisitari erakartzen zituen, munduko etxe okupatu ezagunena bilakaturik; aurreko urtean 400.000 inguru izan zirela diote. «Mundu osoko artistek Tacheles marka garatu eta zabaldu dute 22 urteotan», dio kaleratu dituzten artisten elkarteak.

Hamar urteko kontratua

1997an hasi ziren benetako arazoak. Orduko krisia gailentzeko, artistek hamar urteko kontratua sinatu zuten 1998an; han egoteko eskubidearen truke, eraikina aldatzeko eta txukun edukitzeko hitza eman zuten kontratuan. Horretarako, hainbat diru sarrera izango zituzten, besteak beste, Zapata taberna, eraikinaren zatia berau, Berlingo talde alternatiboaskoren topalekua. Baina ordurako ez zen Tachelesen inor bizi; soilik sormen zentro gisa ziharduen, estudio erraldoi baten antzera.

Kontua da eraikinaren jabeak porrot ekonomikoa izan zuela gero, eta, haren hartzekodunak, HSH Nordbank bankuak, eraikinaren eskubideak eskuratu zituen. Tachelesek Berlingo eremu erakargarrienetakoan eskaintzen dituen metro koadroei etekina ateratzea da, azken finean, bankuaren nahia, eta horrek ekarri du kultur zentro alternatiboaren amaiera.

Haatik, Tachelesen ekarpenak ondorioak utzi ditu Berlinen, hiri gisa azaltzea lagundu baitu; hala uste dute kultur zentroan aritu direnek: «Ez da bakarrik Tacheles, Berlin osoa egin da ezagun kokagune artistiko gisa. Orain hau dena bukatu da».

Eta azken mezu bat ere ematen dute kultur sormenarekin lotua: «Merkatuak definitzen duen artea ez da arte askea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.