Plaza giro

Tantoari puntua jarriz

Bertsoa eta pilota uztartu dituzte Orexako festetan: Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia bertsolari eta botileroen hitz-jokoek saltsa jarri diote pilota partidari.

Hotz egin arren, Maia eta Gaztelumendi bertsolariek berotu zuten pilota partida. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Orexa
2013ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Giro hotza izan arren, pozik zeuden atzo Orexako (Gipuzkoa) herritarrak: Santa Krutz eguna zen, herriko festak iritsi ziren seinale. Oilarraren jaitsierarekin bat, etxafuegoek eman zieten hasiera festei, eta frontoirako bidea egin zuten hara bildutakoek. Izan ere, ikuskizuna frontoian izan zen atzo: bertsoz girotutako erraketa eta pilota partidez gozatzeko aukera izan zuten.

Geldirik zegoenarentzat, hotza zen giroa, lainotua, baina pilotariek ez zuten halakorik nabari: bai erraketan bai pilotan aritu zirenek partida jostagarriak eskaini zituzten. Alde batetik bestera pilotaren bila ibiltzeaz gain, ikusleak partidari emanak zeuden, batzuei zein besteei animoak ematen eta txalotzen. Hori gutxi ez, eta Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia bertsolariek botilero lanak egin zituzten: atsedenaldietan nork bere taldekideak animatzen eta bestearenak zirikatzen aritu ziren; umore onean, betiere.

Gladiatoreen pare aurkeztu zituzten pilotariak: Iker Urmeneta eta Ioritz San Sebastian elastiko gorridunak Rocky Balboa filmaren doinuarekin sartu ziren plazara, eta elastiko berdedunak, Ioritz Etxeberria eta Julen Urruzola, berriz, Michael Jacksonen Black or White entzuten zela. Gorrien botileroa Gaztelumendi zen, eta berdeena, Maia. Xabier Euzkitzek ez, baina Ekain Ormazabalek aurkeztu zituen parte hartzaileak, eta zuzenean egin zuen partidaren kontaketa.

Sakea erabaki aurretik, botileroek hiruna bertso bota zituzten, giroa berotzeko. Ormazabal aurkezleak Urmeneta pilotaria «tigre» moduan aurkeztu zuen, eta horrek hasierako bertsoetarako gaia eman zien botileroei. Gaztelumendi ziur zegoen hasieratik gorriek aise irabaziko zietela berdeei, «elastikoen kolorea nola, hala daude aurkariak»; Maiak, berriz, Gaztelumendik botatako «botilero-enbidoa» jaso, eta, San Sebastianen altuerak «bertigoa» ematen zion arren, «Urmeneta tigrearentzako latigoa prest» zutela erantzun zion. Baina eguerdia zen, eta Gaztelumendik, aurkariak beldurtu nahian, «tigrea» gose zela bota zuen.

Gorriak hasi ziren irabazten, baina markagailua euren alde 6-2 jarri orduko, lehen atsedenaldia egin, eta botileroak bertsotan hasi ziren. Giroa ez ezik, berdeen gogoak ere berotu zituzten botileroek. Hala hasi ziren arerioak pixkanaka mendean hartzen, baina ez luzaroan: 14-14 -arekin hasi ziren gauzak aldatzen. Hasierako bertsoei tiraka, «berdeak berde hasi arren, heltzen doaz», ohartarazi zien aurkariei Maiak. Gaztelumendik, bere pilotarien alde egiteko, aurkarien aurrelari Etxeberriaren animoa ukitu nahi izan zuen: «Arraunlari ona, baina pilotan ez dakit...».

Frontoi grisean, nekez sumatzen zuten pilota zuria. Gorriek, antza, berdeek baino hobeto antzeman zuten berriz ekin ziotenean, eta, jabetzerako, azken tantoa eskuratu zuten: 22-17 irabazi zieten berdeei.

Atzokoan probatu zuten lehenengoz denek ere bertso pilota, eta, galtzaile zein irabazle, gustura ibili ziren. Urmenetak eta Ormazabalek abiatu dute Bertso pilota proiektua: lau pilotarik, botilero lana egingo duten bi bertsolarik eta aurkezleak parte hartzen dute. «Euskal kirola eta kultura sustatzeko modu polita litzatekeela iruditu zitzaigun, eta gaurkoa hala atera dela esango nuke», dio Urmenetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.