Jules Stewart (New York, 1942) unibertsitate irakasle izan zen AEBetan eta, ondoren, kazetari jardun zuen hogei urtez Madrilen. Reuters agentziarentzat lan egin zuen Londresen 1987tik 1994ra eta freelance izan da harrezkero. Bederatzi liburu ditu argitaratuak, eta haiek idazteko Afganistanen eta Pakistango ipar-mendebaldeko mugan jarri izan ditu begiak behin baino gehiagotan.
Kazetari zen Madrilen ETAk Carrero Blanco hil zuenean. «Eta almirantea hil eta urtebetera Donibane Lohizunen nintzen, ETAz idatzi nahirik. Txillardegi ezagutu nuen, eta Juan Jose Etxabe… eta apaiz hura [Piarres Lartzabal]… Ez nien informazio askorik atera. Geroago, estimu handia izan nion Jon Idigorasi; sen oneko pertsona zen… Uste dut Carrero Blancoren heriotza eta gero ETAk izateko arrazoia galdu zuela. Hala ere, almiranteak boterea hartu izan balu, akabo!, odol putzua izango zatekeen!».
70eko hamarkadaren hasieran heldu zen estreinakoz Iruñera, eta munduan barrena batetik eta bestera ibilita ere Iruñea du habia. Hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan oina jarri ondoren, Jules Stewarten ikaskizuna: «Egiatan, han eta hemen, ez gara hain ezberdinak. Afganistanen ere guk nahi duguna nahi dute: ongi bizi. Libiatik datozen emigranteak ere, ahalko balute, etxean geratuko lirateke, baina han gerrak edo goseak hil baino nahiago dute bizia jokatu eta Europara ahalegintzen etorri!».
Euskara ere ikasten jarduna da Fernando Presa Nandus bidaiari eta idazlearekin. «Euskarak badu baliagarritasunik aski Iruñean. Ez mendialdeko herrietan bezainbeste, baina badu, nahitaezkoa ez bada ere. Bestalde, hizkuntza ederra zait euskara! Eta Europako hizkuntza bakarra, gainerakoak inportatuak baitira! Azkeneko arrazoia, niretzat harrigarri, ez zait zaila iruditzen. Denbora da ikasten jardun nuela, baina ikasitakoa ez zait ahantzi!».
Tartekia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu