ATZEKOZ AURRERA. Fran Bravo eta Koldo Latierro. Taupada batukadako kideak

«Taupada batukadak zazpi bizitza ditu, katuen antzera»

Taupada batukadak hogei urte bete ditu, eta, urteurrena ospatzeko, ekitaldi berezia egingo dute bihar: Aste Nagusiko Batukada Eguna.

Taupada batukadako kideak. Fran Bravo, goian ezkerretara, eta Koldo Latierro, bigarren ilaran, erdian. JON URBE / FOKU.
Igone Urtaza
Donostia
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
2003an eskaini zituzten euren lehen danbor hotsak. Guztira, berrogei lagunek osatzen dute Taupada. 2007an, Urgulleko guardetxea (Donostia) erre zen, Taupadaren garai hartako entsegu lekua. Geroztik, ez dute erraza izan; azken urteetan, emanaldiak lortzeko borrokatu dira. Aurtengoa batukadaren 20. urteurrena da. Egun, Bidebieta auzoko lokal batean biltzen dira, Donostiako Udalak utzita. Aste Nagusiko lehen egunean, Parte Zaharra girotu zuten. Bihar, berriz aterako dira kalera; oraingoan, taldearen urteurrenerako antolatu duten Batukada Egunean joko dute. Aurtengoa ez da Aste Nagusian ari diren lehen aldia. Fran Bravo (Lekunberri, Nafarroa, 1973) eta Koldo Latierro (Donostia, 1964) batukadako kide beteranoak dira. Bravo Taupada sortu zenetik izan da taldean. Latierro, berriz, pare bat urte geroago hasi zen batukadarekin jotzen.

Zein da taldeak duen bereizgarri nagusia?

FRAN BRAVO: Gure batukadak mugimendu sozialak ditu ardatz. Beharbada, horrek desberdintzen gaitu. Helburu horrekin sortu genuen. Urtean zehar, esaterako, SOS Arrazakeria elkartekoen ekintzetan eta LGTBI mugimenduaren ekitaldietan jotzen dugu.

KOLDO LATIERRO: Ondo pasatzeko elkartzen den lagun talde bat gara. Pentsatzeko eta mundua ikusteko modu bera dugu. Horrek batzen gaitu.

Zergatik erabaki duzue Donostiako Aste Nagusian berriz ere jotzea?

LATIERRO: Oso ondo datorkigu. Sekulako giroa eta zirrarak sorrarazteko aukera da guretzat. Parte Zaharrean jotzea plazer handia da. Akustika ezin hobea dute kaleek. Kanoikadarekin batera hasten dugu ibilbidea, eta segidan sartzen gara Parte Zaharrean. Momentu hori magikoa da, ezinbestean, oihartzuna azalean sentitzen baituzu. Burua galdu ohi du jendeak.

BRAVO: Urteroko ekitaldi garrantzitsuenetako bat dira festak. Jende asko biltzen da, eta ikusgaitasuna lortzen dugu. Parte Zaharreko kaleak estuak direnez, jendea gertu sentitzen da. Oilo ipurdia jartzen zaigu.

Nolakoa da jendearen erantzuna?

BRAVO: Beti da ona. Jendeak oroitzapen politak jasotzen ditu. Turistak harrituta geratu ohi dira gure ekitaldiekin. Zoratu egiten dira, eta oroimenerako argazkiak eskatzen dizkigute. Maiz pentsatu izan dutgurekin ateratzen dituzten argazkiak edonon egon daitezkeela. Gurera etorri zen Japoniako familiak argazkia jasotzen ote duen galdetzen diot neure buruari. Etxeko horman zintzilik izango ote dute?

LATIERRO: Jendea ez da nekatzen. Behin, su festak hasi ziren, gu oraindik jotzen genbiltzala. Egun hartan, arratsaldeko 17:00etan hasi ginen. Zoramen handi eta polita izan zen egun hartakoa.

BRAVO: Madrilera joan izan gara jotzera. Espainian egiten diren batukada topaketetan izaten gara, eta bertan ere jendeak eskerrak ematen dizkigu. Guk asko disfrutatzen dugu, eta nabaritu egiten da.

Nola prestatu dituzue Aste Nagusirako ekitaldiak?

BRAVO: Entsegu asko egin behar izan ditugu. Aurten, gainera, jende berri asko dugu, eta, haien lehen agerraldia izanik, ondo prestatu behar izan dugu. Hiru hilabete daramatzagu; normalean izaten ditugun entsegu egunak bikoiztu ditugu. Lehen eguna berezia izatea nahi genuen.

Nola sortu zen Batukada Eguna antolatzeko ideia?

LATIERRO: Udaletxera joan eta gure urteurrena ospatzeko asmoa azaldu genienean, eguna antolatzeko aukera eskaini ziguten. Aukera polita iruditu zitzaigun, eta baiezkoa eman genuen.

BRAVO: Lau batukadak parte hartuko dugu: Iparraldetik etorritako batek, Euskal Herriko batukada feministak, Iruñeko La Farrukak eta geuk. Kontxatik Antigua auzorako bidea egingo dugu ehun danbor jotzailek. 20 urteak biltzen dituen bideoa ere emango dugu.

Nola ikusten duzue taldearen etorkizuna?

BRAVO: Indartsu eta borrokatzeko gogoz ikusten dugu geure burua. Taupadak zazpi bizitza ditu, katuen antzera. Guardetxea inauteri batzuetan erre ostean, beste batukada batzuek musika tresnak utzi, eta jotzera atera ginen. Bat-batean, batukada itzaltzear zela, berpiztu egin zen taldea.

LATIERRO: Hurrengo urtean Guardetxean ikusi nahi dugu geure burua; 2019az geroztik, udaletxeak ez du ireki. Talderen bat badabil lekua berpizteko asmotan, eta guk ere berreskuratu nahi dugu. Hamargarren eta hamabosgarren urteurrenak bertan ospatu genituen. Plazera izango litzateke hurrengo urteko Aste Nagusia bertan prestatzea. Taldearen beharrak asetzeko aukera bikaina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.