Teknologiaren zorroztasuna, osasunerako

2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Elikagaien teknologia baliagarria izan daiteke ekoizpen jasangarriagoa erdiesteko, baita elikadura osasuntsuagoa lortzeko ere; adibidez, nutrizio pertsonalizatua erabilita. Izan ere, gomendio orokorrak gorabehera, «frogatuta dago nutrizio pauta berak ez diela berdin funtzionatzen pertsona guztiei», Ainara Cano AZTI zentro teknologikoko Elikadura eta Osasun Saileko ikerlariaren arabera.

AZTIk doitasun nutrizio delakoa ikertzen du, besteak beste. «Analisi oso zorrotzetan oinarritzen da, tresna molekularrak erabilita, zeintzuek datu genetikoak, metabolimikoak [metabolitoei dagozkienak], lipidomikoak eta bestelako informazio andana bat sortzen duten». Nagusiki, tresna omikoak erabiltzen dituzte; alegia, talde molekular osoak aztertzen dituztenak. Datuok nutrizio gomendio «onenak» eskaintzen dituzte gaixotasunak prebenitzeko eta artatzeko, ikerlariaren hitzetan.

Adimen artifizialak lagundu egiten die informazio hori guztia kudeatzen eta interpretatzen, eta gomendio zorrotzagoak egiten. Balio du, esaterako, ezaugarri molekular edota dieta antzekoak dituzten banakoen taldeak osatzeko edo aurreikusteko nola eragingo dion pertsona bati elikagai jakin bat jateak. Baita diagnostikatzeko ere, aldagai biokimikoen arabera, edo kontuan hartuta eritrozito geruzaren lipidomika edo hestearen mikrobiotan dauden bakterioak, Canok xehatu duenez.

Tecnalian ere elikagai teknologia eta osasuna uztartzen dute, eta, besteak beste, ezaugarri neurobabesleak dituzten osagaiak erdietsi dituzte, Iratxe Lopez de Armentia Osasun arloko ikerlariak azaldu duenez. «Lehengai naturalak eta nekazaritza sektoreak produzitutako azpiproduktuak erabilita, gaixotasun neurodegeneratiboak saihesteko konposatu aktiboak lortu ditugu». Food 4 Future erakustazokan mahasgintzako azpiproduktuekin garatutako konposatua jarri dute ikusgai, Leioako (Bizkaia) Achucarro neurozientzien zentroarekin lankidetzan egindakoa. «Alzheimerrerako eragin neurobabeslea erakutsi du in vitro eta in vivo ereduetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.