ATZEKOZ AURRERA

Teknologiari pultsua hartuz

Asteartera bitartean Euskal Encounter topaketa egiten ari dira Barakaldoko BECen (Bizkaia); bideojokoak eta teknologia berriak maite dituztenentzat benetako paradisua da hura.

Jokalari bat atseden hartzen Euskal Encounter topaketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Herriak abandonatua dirudi. Ez da inor ageri bazterretan, eta kale ilun batean barna abiatu da mertzenarioa, atezuan, noiz pistola eskuan, noiz ganibetari eusten diola. Bat-batean, etsai bat agertu da kale kantoi baten atzetik. Azkar arraio ganibeta gorde eta metrailadorea eskuratu du mertzenarioak. Tiro egin du. Etsaiak zutik dirau. «Baina zergatik ez da hil? Nolatan jarraitzen du bizirik?», egin du oihu pantailaren aurrean mertzenarioaren mugimenduak kontrolatzen dituen jokalariak. Aldamenekoek barre egin dute, haren imintzioak ikusita.

Asteartera bitartean, 31. Euskal Encounter topaketa egiten ari dira Barakaldoko BECen (Bizkaia). Bideojokoak eta teknologia berriak maite dituztenentzat benetako paradisua da Euskal Encounter: 4.000 ordenagailu inguru, Euskaltel taldeak eskainitako segundoko 60 gigabiteko konexio bizkorra, eta azokak irauten duen bitartean nahi beste jokatu eta Interneten nahi beste eduki deskargatzeko aukera dago.

Baina jokoa Euskal Encounterren atal bat baino ez da: horretaz gain, hitzaldiak, ikastaroak, produktu berrien aurkezpenak, lehiaketak eta, orotara, 150 jarduera baino gehiago daude topaketak irauten duen lau egunetan. The beat of technology (Teknologiaren taupada) da aurtengo topaketaren goiburua; izan ere, bilkura aukera ona da teknologia berrien azken garapenei pultsua hartzeko.

«Hiru egunetan ez dut lo egiteko asmorik». Jendea barra-barra sartzen ari da pabiloira, eta gehienek maleta gurpildunak eta orgak daramatzate, pantailak, disko gogorrak, lo zakuak eta bestelako tramankuluak garraiatzeko. Antolatzaileek lo egiteko leku bat atondu dute, eta bezperatik etorri direnetako asko kanpadendetan daude, jokoei ekin aurretik atseden hartzen.

David Martin Donostiatik etorri da, eta, dioenez, ez da lehenengo aldia: «Egia esateko, ez naiz inoiz antzeko beste bilkuretara joan, eta, beraz, hauxe da ezagutzen dudan bakarra, baina onena izatearen ospea du. Batez ere, deskonektatzera etortzen naiz: etxetik atera eta lagunekin egotera, bideojokoetan aritzera, kanpadenden eremuan zurrungak entzutera eta barre batzuk egitera. Bost eguneko deskonexioa da, eta ondo pasatzen dut».

Milaka unibertso daude, baina denak daude hemen. Jokoetarako gunean lerrokaturiko ordenagailuetan era guztietako irudiak ageri dira: tankeak, robot borrokalariak, paraje lanbrotsuak zeharkatzen dituzten zaldunak, espaziontziak, dinosauroak, gladiatoreak, ziztu bizian doazen autoak, Messi gola sartzen.

«Egia da lehenengo urteetan jendea etortzen zela gauzak deskargatzera, abiadura azkarra baliatuta, baina orain gehiago da lagunekin egotea, jolastea, aktibitate batzuk egitea eta abar». Iñigo Sanz Tolosatik iritsi da (Gipuzkoa); aurtengoa hirugarren aldia du Euskal Encounterren, eta, dioenez, Gipuzkoa Encounter Tolosan antolatzen zenean ere hiruzpalau aldiz egonda dago han. «Gu asteartera arte egongo gara, eta ondo pasatzen dugu, opor txiki batzuk izango balira bezala. Urte osoan egoten gara honen zain. Ordenagailuan jolasten gara, baina atzo, adibidez, kartetan aritu ginen», azaldu du.

Jokoak eta heavy metala

Teknologia berrien zaleak ez dira BECeko pasabideetan barrena doazen bakarrak. Beste pabiloi baten atarian, txima luzeko dozena bat lagun zain daude, zoruan eserita, jaka bakeroak eta elastiko beltzak jantzita eta haien artean ingelesez berbetan. Hamar ordu geroago, pabiloi horretan Iron Maiden heavy metal taldea jotzekoa da, eta batzuk goiz etorri dira aurreko lerroetan lekua topatu nahian.

Zaletasun biak uztartu dituenik ere badago. Sara Gurutxarri Faltzeskoa da (Nafarroa): «Ez dakit elkarrizketa egiteko profila ematen dudan; seguru asko, gu baino frikiagoak topatuko dituzu hor zehar», esan du, barrez. Lehenago ere egonda dago Euskal Encounterren, baina aurten, aldameneko aretoan Iron Maidenek jotzen zuela jakin zuenean ez zuen dudarik izan: «Oso kointzidentzia polita da ordenagailuen kontua hain kontzertu garrantzitsuarekin uztartu ahal izatea».

Batez ere, giroa du gogoko Gurutxarrik: «Niri gustatzen zait egiten dituzten ikuskizunetara joatea, cosplay-ak, lehiaketak, bakarrizketak, hitzaldiak eta abar ikustea». Bideojokoei dagokienez, Dota 2 izenekoa du laket: «Lehen horretan aritzen nintzen, eta orain lehiaketak ikustea gustatzen zait».

Enpresek eta eragileek jarritako erakusmahaietan teknologiaren azken berrikuntzak daude ikusgai. Baina informatikak ere badu iragana: Retromuseo izeneko guneak hori jasotzen du, eta han ordenagailu zaharkituak, antzinako bideojokoak, gaur egungo diseinu errealistekin zerikusirik ez duten kung fu borrokalari zantarrak, Tetris, Mario Bros eta behialako beste jolas batzuk daude, nostalgikoen gozagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.