AEB

Telebistarekin hazitako gizarte baten norabide beldurgarriak

Ikerketa batek emandako datuen arabera, telebistak oso ondorio txarrak ditu gazteengan

urtzi urkizu
DONOSTIA
2003ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
AEBetako neska-mutikoek denbora gehiago pasatzen dute telebista ikusten eskolan baino. Datu esanguratsu hori eta beste hainbat ageri dira TV Turnoff guneak eginiko azterketan. Estatubatuarren erdiek onartzen dute telebista gehiegi ikusten dutela (egunean, batez bestez, lau ordu). Europan, ia ordubete gutxiago kontsumitzen da telebista (hiru ordu eta zazpi minutu).

Iñaki Zabaleta EHUko irakasleak ondo ezagutzen du AEBetako telebistaren mundua. Berriari Zabaletak azaldu dionez, garrantzitsua da azpimarratzea etxe bakoitzean dagoen telebista kopurua. «Familiaren bizitzan telebista izan da ardatza, baina pertsona bakoitzak bere telebista izateak indibidualizazioa dakar», dio Zabaletak. Datuek diote AEBetan ia erdiek telebistari begira afaltzen dutela. «Horrek esan nahi du jatekoari ez zaiola arreta hartzen, zaporeak ez dira baloratzen», gaineratu du Zabaletak. Gazteen %30ek telebista beren logelan ikusten dute.

Ikasketetan eragin kaltegarria du telebistak

Gazte estatubatuarrak urtean 1.023 ordu pasatzen ditu telebistaren aurrean (eskolan 900). «Hor dago AEBetako gizartearen ahulezia nagusietako bat; sintoma larria da. Europan, aldiz, haurrek eskolan denbora gehiago pasatzen dute telebista ikusten baino», dio EHUko irakasleak. «Bestetik, badago lidergo elite bat, %5a baino gutxiago, askoz telebista gutxiago ikusten duena eta horrek gidatzen du gizartea AEBetan». Zabaletaren iritziz, aipatzeko beste datu batek azaltzen du afroamerikar gazteek askoz telebista gehiago ikusten dutela zuriek baino.TV Turnoff-ek eginiko azterketak azaltzen duenez, bestalde, telebista egunean sei ordu edo gehiagoz ikusten duten gazteek askoz nota txarragoak ateratzen dituzte telebista gutxi ikusten dutenek baino. 400.000 ikaslerekin eginiko ikerketa baten arabera, telebistak eragin kaltegarria du ikasketetan.

Era berean, telebistak indarkeria bultzatzen duela ondorioztatzen du TV Turnoff-en ikerketak. Zabaletak dioenez, biolentziak eta komunikazio tresna bakardadean ikusteak lotura izan dezake. «Bakardadea da giltzarria. Horrek eragin handia du, eta telebistak obesitatea eta gehiegizko kontsumoa ere eragiten ditu», esan du EHUko irakasleak.

Kontzientzia politikoaren ezabaketa

TV Turnooff-en ikerketaren azkeneko ondorioa honako hau da: telebistak kontzientzia politikoa zapaltzen du. Iñaki Zabaletak dio tesi hori hiru alorretan ikusi behar dela: «Lehenengo alorra albistegiena da. Gaur egun enpresek erdibideko informazioa egiten dute, sistemaren onespena duena. Hori Europan ere gertatzen da duela hogei urtetik hona. Albistegien komertzializazioa gailendu da balio sozialen gainetik». Bigarren alorra kanpaina politikoena litzateke. «AEBetan alderdiek ez dituzte doako tarteak eta orduan talde txikiak estalita gelditzen dira». Hirugarren alorra da AEBetako kateetan publizitateak lekua jan diela albistegiei. «Mugak galdu dira informazio politikoaren eta programazio arruntaren artean. Nahaste-borraste horretan dena propaganda bihurtzen ari da». Telebista adituak dioenez, AEBetako eredua izugarri ari da sartzen Europako telebistan. «Euskaldunoi kaltea ekartzen digu horrek, estatu mailako telebistak agintzen baitu eta horiek kontzientzia politikoan eragin handia dute. Abertzaletasunak urteotan ez baldin badu kopuru aldetik gora egin,estatu mailako telebista eta irrati kateek zentralizazioan eragin handia izan dutelako ez du egin gora», dio Zabaletak. «Komertzializazioak masifikazioa dakar. Masifikazioak eskatzen du estatu mailako gizartea konpaktatzea eta hor herri txikien berezitasunak galdu egiten dira». Datuek argitzen dutenez, telebistaren eragi-naren atzaparrak sekulakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.