Telebistatik komikirako jauzia

Bidaien inguruko Interneteko telebista sortu zuen Haritz Rodriguezek iragan ekainean. Proiektua erdibidera iritsi da, eta bideo horietan oinarrituriko komikia argitaratu du.

Adrian Garcia.
Donostia
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Tokitan.tv bideoblogean jartzen ditu Haritz Rodriguezek eginiko bidaien bideoak. Bidaia handi eta txikien istorioak jarrai daitezke sarearen bidez. Esaterako, Greziako uharteetara eginiko bidaiako bideoa ikus daiteke, baita Nafarroako baso batera egindako onddo bilketa txangoa. Hori da, hain zuzen, Euskaltubeko sortzaileak Tokitan.tv-en jaso duen filosofia: «Tokitan.tv-k bidaiari mitologikoen irudia hautsi nahi du. Denok izan gaitezke bidaiariak, denok eduki ditzakegu gure abenturatxoak. Abenturak izkina guztietan daude».

Bideobloga lehenengo denboraldiaren erdibidera iritsi da, eta pauso bat harago joan nahi izan du Rodriguezek. Bideoblogeko bidaietan oinarritutako komikiaren lehen atala jarri du Tokitan.tv webgunean. Ikusgai dago jada lehenengo atala osatzen duten azala eta hiru orrialdeak. Egitasmoarekin aurrera nola egingo duen agertu du Rodriguezek: «Bideoak argitaratzen joan ahala, istorioa osatuz joango da».

Bideoetako abenturak kontatzeko, J.R.R. Tolkienen alegoriazko mundura joan da Rodriguez, Erdiko Lurraldera. Bideoetako irudiak hartu, photoshop bidez tratatu eta mundu berri bat irudikatu du. «Fikziozko ukitu bat eman diot. Eraztunen jaunaren istorioa hartu, eta Tokitan.tv-ko irudiak hartuz kontatutako istorioa da. Bideoblogean, bidaiak kontatzen dira; komikian, bidaia fantastikoa da. Bideoak ikusi gabe, bere horretan uler daiteke komikia».

Transmedia izaera

Teknologia berriek istorioak kontatzeko modua aldatu dute. Internet eta merkatura atera diren gailu berriek istorio berbera euskarri askotan kontatzeko aukera ematen dute. Horri deritzo transmedia. Orain arte itxita zegoen dimentsio berri bat ireki da. Orain, istorioaren kontaketa amaitzen denean, istorio berberak jarraipena izan dezake ikus-entzuleen eskuetan. Hartzailea komunikazioaren ohiko ikuspuntutik atera, eta subjektu pasibo izan beharrean subjektu aktibo da.

Tokitan.tv bideoblogak hasieratik izan du transmedia izaera hori garatzeko asmoa. «Komikiarena aitzakia txiki bat izan da Tokitan.tv-ko bideoetan kontatzen den istorioa beste euskarri eta beste modu batean kontatzeko», aitortu du Haritz Rodriguezek.

Transmedia kontzeptua oso presente dago Tokitan.tv webgunean. Bideoekin, lotura dutenbeste webguneen edukietara ematen zaio sarbidea erabiltzeari, informazioaren atea infinituraino zabalduz. Bestalde, argitaratzen den bideo oro geolokalizatua dago; mapa batean agertzen da. «Istorioak beste dimentsio zabalago bat hartzen du. Pertsona bati interesatu bazaio, Tokitan.tv-ko bideoa, mapa hartu eta horra joan daiteke. Istorioa pertsona horretara garraiatzen da. Zuk kontatzen duzu istorio bat, baina bukaera ez da ezaguna, erabiltzaileak ematen dio bukaera», azaldu du Rodriguezek.

Ikus-entzunezkoekin lotuta dagoen kontzeptua bada ere transmedia, ez duela zertan beti horrela izan behar adierazi du Rodriguezek. «Istorioa kontatzeko orduan euskarri bat baino gehiago erabiltzea da kontua. Heldu dion istorioaren zatiaren arabera, erabiltzaileak modu batera edo bestera ulertuko du istorioa. Istorioaren osotasunaz jabetzen bada, ohartuko da nola dauden lotuta istorio paralelo guztiak. Istorioak bizitza propioa hartzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.