Jone Guenetxea. Tokikomeko presidentea

«Tematuta nago Bizkaian euskarazko hedabideen presentzia indartzearekin»

Urtebete egin du karguan kazetari bizkaitarrak, Urko Aristiri lekukoa hartu zionetik tokian tokiko hedabideen elkartearen presidentetzan. Batzarra egin du berriki elkarteak, eta edizio sistema bateratua abiatu.

TOKIKOM.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jone Guenetxea (Abadiño, Bizkaia, 1978) tokian tokiko hedabideak biltzen dituen Tokikom elkarteko presidentea da.

Urtebete egin duzu karguan. Latza izan al da, edo samurra?

Esperientzia positiboa izan da, bazkideen babesa jaso dudalako, eta konfiantza ere bai. Ikusi dut Tokikomen barruan, alde batetik,hedabide bakoitzaren esentzia eta egiteko modua errespetatzen dela, eta, bestetik, konfiantza dagoela. Denok ikusten dugu elkarrekin bidea egitea garrantzitsua dela. Ilusioz aritu naiz, eta nabil, 2018rako erronka berriak ditugulako. Halere, ikusi dut batzuetan ez dela erraza lan ohiturak aldatzea.

Erresistentzia topatu duzula esan nahi du horrek?

Kontrakoa. Denok ikusi dugu aldaketa garrantzitsua dela, nahiz eta horrek formazioa eta hausnarketa eskatu, eta eguneroko inertziari aurre egitea. Badakigu bidea ez dela erraza, baina argi dugu hori dela bidea.

Tokikomeko hemezortzi kazetari edizio sistema bateratua jarri diezue. Arrakasta izan da?

Edizio sistemak ez dio bakarrik norberari lana errazten: hemezortzi hedabideak une oro lotzeko aukera ematen digu. Paperezko edizioak batzea dakar sistema horrek, eta Tokikom Plataforman abiatu genuen hau guztia. Hogei hedabideren webguneak plataforma berarekin landu genituen. Horrek eman zigun inbertsioa partekatzeko aukera, eta elkarrekin lan egitekoa. Hori papereko kazetak sortzeko prozesura eraman dugu orain, edizio sistemarekin. Lan egiteko moduak profesionalizatu ditu horrek. Kazetariak etxetik, edo prentsaurrekoa ematen ari diren lekutik, Internetez zuzenean maketan idatzi ahal izatea oso erabilgarria dela ikusi dugu, eta jauzi handia emateko aukera ematen digula.

Batzar nagusia egin zuen Tokikomek joan zen asteko ostiralean, Eibarren (Gipuzkoa). Zer balorazio egin zenuten 2017az, eta zer erabaki zenuten 2018rako?

Garai berrietara moldatzeko urrats garrantzitsuak eman ditugula ikusi genuen, eta bide horretan jarraitu nahi dugula erabaki genuen. Tokikom urteetan ari da elkarrekin bidea urratzen. Haziak erein ditugu, eta iaz jauzi handia egin genuen; orduan hasi ginen horien emaitzak ikusten.

Ardura hartu zenuenean esan zenuen telebistaren munduan «aurrerapausoak» eman nahi zenituela. Gauzatzen hasi zara?

Ikus-entzunezkoak webguneetan zelan txertatu eta zelan kudeatu erronka da guretzat, eta beste edonorentzat. Datozen asteetan gogoeta egingo dugu horretaz: Tokikom plataforma eraberrituko dugu 2018an, eta ikus-entzunezkoek zer eginkizun izango duten hausnartuko dugu. Horrez gain, webguneak telefonoetan nola ikusiko diren gure arduretako bat da, dagoeneko bisiten %60 baino gehiago sakelakoetatik heltzen baitzaizkigu. Plataformak funtzionatzen du: horretan lanean ari diren hogei webguneak gainontzekoen gainetik hazi dira, datuen arabera, eta alorreko beste hedabideen gainetik.

Publizitatean ere, txikiak handiak dira batuz gero?

Tokikom Kanala ere garrantzitsua izango da aurten. Publizitateari begira, talde izaera landuz, eskaintza bateratuak egiteko aukera ematen digu. Kanal horretan, 23 webgune daude, 26 aldizkari, bederatzi irrati eta lau telebista. Entzule, ikusle eta irakurle multzo handia da: hedabide guztiek batera 200.000 irakurle dituzte paperean, eta 250.000 ohiko erabiltzaile edizio digitaletan. Euskarazko eduki digitalen erabiltzaile multzorik handiena osatzen du. Publizitatearen ikuspegitik lehiakorra da Tokikom Kanala, eta, aurten, indartu egin nahi dugu.

Zerekin amesten duzu komunikazio alorrean?

Tematuta nago Bizkaian euskarazko hedabideen presentzia indartzearekin. Oraingoz, ez dago proiektu zehatzik, baina etorkizunera begira landu beharko genukeen gai bat dela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.