Arcadi Oliveres (Bartzelona, 1945) ekonomia irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Justicia i Pau erakundeko presidentea da. Economia en tiempo de crisis hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Bidebarrieta kaleko liburutegian, Bilbon.
Europako Batasuneko herrialde askok murrizketa politikaren kontrako agiria sinatu dute. Arrazoia dute?
1929ko krisiari, esaterako, inbertsio publiko handiekin erantzun zioten. Gaurko murrizketa politika ez da, beraz, behar dugun erantzuna. Krisi hau ez da ohikoa, aurrekoetan ez bezala, espekulazio osagaiak dituelako. Oso gutxitan egin dute espekulazio horren kontra, eta horrek puztu du burbuila. Horrek eztanda egin duenean, bankuak zipriztindu ditu, eta horiek bi gauza egin dituzte: estatuari dirua eskatu dute—eman egin die, aurrekontu publikoen lepotik—, eta maileguen iturria itxi egin dute. Horrekin zulora eraman dute ekonomia.
Zulotik ateratzeko, zein neurri proposatzen duzu?
Hasteko, espekulazioa gelditzea Tobin zergarekin. Sarkozyk ere predikatzen du, botoak irabazteko, horretan sinesten ez badu ere. Espekulazioa gelditzeaz gain, dirua lortuko litzateke horrekin gizarte beharretan gastatzeko. Bigarren neurria irizur fiskalaren aurka jotzea litzateke. Pompeu Fabra unibertsitatearen arabera, iruzurra 80.000 milioi eurokoa da urtero Espainian. Pentsiotan 115.000 milioi ordaintzen dira. Beraz, iruzurra geldituz gero, pentsioak %65 baino gehiago handitzea legoke. Hirugarren neurria: ez salbatu inoiz bankuak. Porrot egiten utzi behar diezu, Islandian bezala. Laguntza eman badiezu, nazionalizatu behar dituzu.
Zer deritzozu Gipuzkoako Diputazioak Rafael Nadal tenislariaren kontua salatu izanari?
Politika horri jarraitu behar diogu, noski. Halere, gertatzen da batzuetan norbaitek ordaintzen duela —Nadalek edo, bere garaian, Lola Floresek—, baina horiek baino askoz gehiago ezkutatzen dute zerga paradisuetanSantander eta BBVA bankuek. Tenislariei jazartzeari ongi deritzot, baina inork ez dio aurre egiten Botin jaunari.
Emilio Botin Santander bankuko presidentea askotan aipatzen duzu. Zergatik?
Botere izugarria du. Bilderbergeko klubeko kidea da, Espainiako monarka gisa. Estatuari lapurtzen diote, gero estatuaren lekua hartzeko, eta diru laguntzak ematen dizkiete unibertsitateei, jendea lotuta edukitzeko. Pozik egongo naiz, Iñaki Urdangarinekin batera, BBVAko edo Telefonikako presidenteak epaitzen dituztenean, askoz erantzukizun handiagoa dutelako.
Nor ari da orain krisiarekin barre egiten itzalean?
Espekulatzaileak, hasteko. Eta orain, PPrekin, enpresak. Jendeak kaleratzeko erraztasuna eman dietelako eta langileak beldurrez direlako. Horrekin lan kostuak murriztuko dituzte, eta etekina handituko dute.
Valentzian [Herrialde Katalanak] gertaturiko istiluek udaberri beroa iragartzen dute?
Kareta kentzen ari dira. Eskuina kontrolatzen saiatzen da, eta ezin duenean makila ateratzen du. Beti izan da horrela: aberatsek euren pribilegioei eusteko, pobreak egurtzen dituzte. PSOEk berdin jokatu zuen, ez dugu inozo izan behar. M-15 mugimendua hor dago. Orain hotza egiten du, eta normala da jendea plazetatik erretiratzea. Udaberria etorriko da, eta herriak eztanda egingo du.
Arcadi Oliveres. Ekonomia irakaslea
«Tenislariei jazartzeari ongi deritzot, baina inork ez dio aurre egiten Botin jaunari»
Zerga iruzurrari aurre eginez gero pentsioak %65 baino gehiago igotzerik balegokeela argudiatuko du gaur Bilbon Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak. Krisitik ateratzeko bideak azalduko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu