Terele Pavez aktorea hil da, 78 urterekin

2017ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ZINEMA. Terele Pavez aktorea hil egin da, burutik beherako baten ondorioz, 78 urterekin. Bilbotarra zen jaiotzez, baina Madrilen eman zuen ia bizitza osoa; hango ospitale batean zendu zen, atzo. 1959an egin zuen debuta zineman, 12 urterekin, Luis Garcia Berlangaren Novio a la vista filmarekin. Geroztik, lan ibilbide oparoa izan zuen antzerkian, zineman eta telebistan. Jenio biziko emakumeen rolak egin ohi zituen Pavezek, maiz bigarren mailakoak. Besteak beste, Fortunata y Jacinta (Angelio Fons, 1969), Los santos inocentes (Mario Camus, 1984) eta Celestina (Gerardo Vera, 1996) filmetan parte hartu zuen.

Alex de la Iglesia zinemagilearekin hainbatetan lan egin zuen, batik bat azken urteetan. Sari ugari ere lortu zituen. Taldeko aktore onenaren Goya saria jaso zuen 2014an, Las brujas de Zugarramurdi filmarekin; aktoreak parte hartu zuen azken pelikula ere De la Iglesiarena izan zen: El bar—aurten estreinatu dute—.

Artisten familiakoa zen. Manuel Penella Moreno eta Manuel Penella Raga konpositoreen biloba eta birbiloba zen, baita Enma Penella eta Elisa Montes aktoreen ahizpa ere. Teresa Marta Ruiz Penella zuen berezko izena, eta, ahizpengandik bereizteko, izen artistikoa erabiltzen hasi zen, amaren aldeko amona Emma Silva Pavezi abizena hartuta. Hiruretan gazteena zen, eta film bakarra egin zuten elkarrekin: Julio Collen La cuarta ventana (1963).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.