Ez dio agur esango paperari, baina argi du etorkizuneko kazetaritza, izatekotan, lehenbizi digitala izango dela. Erresuma Batuko The Guardian egunkaria argitaratzen duen konpainiak plana eratu du, Internet bidezko kazetaritza irekia bere «estrategiaren funtsa» bihurtzeko eta paperezko egunkaria bigarren mailako produktu bilakatzeko, pantailen atzetik. Erabakiak berriz utzi du agerian prentsa idatzian dagoeneko gertatzen ari den eraldaketa handia, baina argitu gabe uzten du zein negozio ereduk sostengatuko duen Interneteko kazetaritza.
«Guardian News & Media taldeak paperezko egunkariz harago mugitzea erabaki du, eta arreta, ahalegina eta inbertsioa digitalean jartzea, hori delako geure etorkizuna», esan die Alan Rusbridger konpainiako buruak langileei.
Erabakiak erantzuna eman nahi dio azken urteotan informazioaren kontsumoan gertaturiko aldaketei. Izan ere, irakurle ugari irabazi ditu The Guardian-en Interneteko guneak azken boladan: %40 urtero. Dagoeneko, hilean 50 milioi irakurle dituela dio hedabideak. Ameriketako Estatu Batuetan izaniko arrakastarengatik lortu ditu kopuru horiek. Izan ere, AEBetako hedabide ia guztiek Irak inbaditzearen alde bat egin zuten garaian, The Guardian-ek gerraren aurka harturiko jarrerak erreferentzia bakar bihurtu du estatubatuar askorentzat. News Of The World kazetaren entzuketen afera ikertu izanak ere lagundu du horretan, The Guardian-i sinesgarritasuna eman diolako Rupert Murdochen prentsa horiaren aurrean.
Digitalizatzea ez da aurreztea
The Guardian-en kudeatzaileek ez dute, halere, trikimailu magikorik Interneteko kazetaritzatik dirua ateratzeko orduan. Orain arte paperari eskaintzen zizkioten baliabideak aurrerantzean Interneten hazteko erabiliko dituztela esan du Andrew Miller Guardian Media Group konpainiako buruak. Dirua inbertituko dute euren «marka saltzeko modu berrietan», baina ez du argitu zeintzuk diren modu horiek.
Erresuma Batuko kazetak, behintzat, argi du digitalizazioak inbertsioa eskatzen duela, eta ez dela kostuak murrizteko bide bat, beste hainbat hedabidek egin duten moduan. «Komunikabideek jende gehiago kontratatu beharko dute, hau da, lanpostu berriek eskatzen duten soslaia duten langileak», ohartarazi du Deloitte aholkularitza enpresako eledun Luis Jimenezek. Prentsa idatziaren inguruko azterketa egin du aurten enpresak, egunkariak paperetik Internetera pasatzeko prest ote dauden jakite aldera. «Papererako eta Interneterako erredakzioek bat egitea ez da lortuko langile taldea gutxituta», ondorioztatu du. «Ez da, beraz, gastuak murrizteko prozesua, baizik eta eraldaketa»
The Guardian-ek urratsa egin du, honezkero, ia denek saihestezintzat jotzen duten bidean. Ziurrenik, Londresko egunkariak bizi duen une gozoak ere lagundu du erabaki ausarta hartzeko orduan. Iaz, Erresuma Batuan irakurleak irabazten bakarra izan zen (%3), kalitatezko kazetaritza egiten dituzten beste egunkariek galdu zituzten bitartean (%8-15 artean). Horrez gain, Urteko Egunkaria izendatu zuten Erresuma Batuko Prentsaren sarietan.
Taldeak esan duenez, dagoeneko euren bezeroen erdiak gauean irakurtzen du paperezko kazeta, eta albiste freskoak webgunearen bidez edo telefonoan jasotzen dituzte. Interneteko gunea sakelekoen bidez bisitatu dutenen kopurua gutxienez bikoiztu egin da azken urtean, eta, dagoeneko, trafikoaren %10 da.
Bideak ez du atzera bueltarik. Denek dakite, baina inork gutxik nahi du arriskatu. Lehen urratsak egiten dituztenei begira daude, lastozko zubiak eusten dion ikusteko. The Guardian-en lehen erabakietako bat: New Yorken talde bat eratzea, Janine Gibsonen zuzendaritzapean. Soilik alor digitala jorratuko du.
Komunikazioa
'The Guardian': ezer baino lehen, digital
Londresko kazetak erabaki du paperezko egunkaria dagoeneko ez dela bere lehen produktua, eta, aurrerantzean, Interneteko bertsioa lehenetsiko du. Baina, prest al dago gaur prentsa papera bigarren mailan jartzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu