Lo-fi estiloa edota rock independente britainiarra egiten dute 1998. urtetik The Wave Pictures taldeko kideek. Wymeswold herrian sortu zen taldea, duela hamalau urte, David Tattersall eta Franic Rozycki musikariei esker, nahiz eta hasieran haien izena Blind Summit zen. Hugh J. Noble izan zen taldeko aurreneko bateria, eta Jonny Helmek ordezkatu zuen handik urte batzuetara.
Urtez urte, diskografia oparoa utzi du The Wave Pictures taldeak. Eta, aurki, apirilean, Long Blank Cars lana argitaratuko du. Horren aurrerapen gisa, doinu berrietako batzuk entzun ahalko dira gaur Bilbon. Ohi bezala, kontzertuetan eskaini ohi duten erritmo frenetikoarekin ariko dira.
Erresuma Batuan izan du taldeak oihartzun handiena. Hala, Londresko eszena musikalean kontzertu ugari eman dituzte urteotan. Herman Dune eta Darren Hayman musikariekin, halaber, kolaborazio ugari egin dituzte.
Erresuma Batutik kanpo, nazioarteko jaialdietan ere parte hartu izan dute, Frantzian eta Ameriketako Estatu Batuetan. Moshi Moshi Records diskoetxearen eskutik, Sophie eta Instant Cofee Baby diskoak argitaratu zituzten. 2010ean, berriz, Susan Rode the Cyclone diskoa argitaratu zuten. Azken lanetan aurrenekoetan baino soinu zaindu eta garbiagoa sumatzen da, apaingarri gehiagoz hornitua.
THE WAVE PICTURES
Noiz. Gaur, 22:00etan.
Non. Bilbon, Azkena aretoan.
The Wave Pictures, Bilbon
David Tattersal kantariak gidatzen du taldea; Azkena aretoan joko du gaur, 22:00etatik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu