Plaza giro

Tindatu dute sugea

Baiona iparraldeko auzoen arraberritze lanetan 85 milioi euro inbertitu dituzte; eraikinak tindatu eta inguruko plazak eta aparkalekuak berritu dituzte.

1971n bururatu eraikinak partez berritu dituzte, baina funtsezko arazoak, tartean langabeziarena, ez dira desagerrarazi. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tindatu dute sugea. Lehen zuen beix kolore hori zuritu dute, eta gorri, laranja edo malba kolorez busti leihoak. Kolore biziak, lekuari bizitasun bat eman nahian edo. Baionako Santa Gurutze auzoko zazpi eraikin zabalak. Hain handi eta hain zabal diren bakarrak Lapurdin. 1.103 etxebizitza sozial. Anitzentzat ZUPa —lehentasunez urbanizatzeko gunea—. Zerutik begiratzerakoan, kurba bat egiten du eraikinak, sugea balitz bezala.

Itsasoko sugea erraten zaio solasaldietan ardura berriz agertzen den gaiari, arazoa gaindi ezina delarik, nonbait. ZUPak badu horretarik ere. Fama txarreko gunea da. Gainditu ezin duena. Garaian modernitatearen sinbolo zena herdoildu da denborarekin, gutxieneko errentak dituztenak nagusi daudelarik hor. Inguruetan baino bi aldiz handiagoa da langabezia. Gutxik nahi dute hor bizi. Etxebizitza soziala eskatzen dutenen artean, hara ez joatea zehazten dute anitzek. Han bizi direnak, curriculumak betetzerakoan, beste helbide bat ematen ahalegintzen dira. Alde guztietatik ikusia izan daitezke eraikinak, Larrundik ere bai. Begiratua, begiztatua, han, eriarekin urrundik erakuts daitekeen horretan bizitzea ez da beti erraza. Diru publikoari esker bizi den jendea. Murru zuria. Estigmatizatua.

Berritu egin dituzte orain

1971n bukatu zituztela zazpi eraikinak, 40 urte berantago berritzeko unea zela, eta diru publikoa horretarako eskuragarri dela Europatik eta. Eraikinak bota edo berritu zalantza sortu zitzaien hautetsiei. Herritarrei iritzirik galdegin gabe, berritzeko erabakia hartu zuten. Breuer urtea izendatu zuen 2009. urtea Baionak, eraikinak eraikiarazi zituen Marcel Breuer arkitekto famatuagatik. Baina, orduan jada Beatrice Peyruquek, hango Camus kolegioako gizarte laguntzaileak, azpimarratu zuenez: «Jendea ez da museotan bizi».

Dena dela, Herriko Etxeak segitzen du bide bera. Eraikinak berak ez direla ZUP deitu behar gehiago, baizik eta Cité Breuer inposatu nahian dabil. Eta Baiona iparraldea Baionako gainak. 85 milioi eurotik gora diru publiko jarri dute horretarako. Eraikinak berriz tindatzeaz gain, igogailuak berritu dituzte, beheko solairuak ere, inguruko aparkaleku eta plazak. Eraiki dute igerileku bat, festa gela. Auzo osoak deusetatik atera dituzte lurretik, dela Le Séqué eta Habas Les Vallons.

Nahasketa soziala nahi du Jean Grenet Baionako auzapezak. Horretarako, ZUPeko apartamentu batzuk besteak baino gehiago berritu dituzte. Horiei alokairua emendatu die, eta diru sartze handiagoak dituztenentzat bakarrik eskuragarri jarri. Batzuek besteek baino gehiago merezi. Baina murruak denentzat berak dira. Zertarako. Norentzat. Habas Les Vallons auzoa bezala. Ederra paperean, ederra begiratuak izateko. Kolorezko balkoiak. Gardenak. Baina balkoira ateratzen denarentzat, intimitate gutxi. Komertzioak ere nahi ditu auzapezarentzat. Agertuko direlakoan saltzen ari da berritze proiektua. Baina hauek ez dira agertzen. Beste batzuentzat, berriz, lekurik ez. Bertako herritarrekin biziarazten zen Baiona festibala, adibidez, ez da gehiago. Lokal bat behar zuten, baina udaletik ez diote deusik aurkitu. Berritze lanak ospatzeko, estreinaldi ofiziala egin zuten apiril bukaeran, hautetsi andanarekin, baina tokiko herritar eta elkarte gutxi, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.