Adinik gabeko kazetari abenturazale baten estreinako istorioa argitaratu zuenean, 1930. urtean, George Remi Herge (1907-1983) komikigile belgikarrak ez zuen sinetsiko seguruenera egun gertatzen ari dena: zinemagintzako eragile ahaltsuenak haren irudimenak emandako pertsonaia hura biziberritu nahian dabiltzala. Baina hala da. Steven Spielbergen aspaldiko nahia zen sekula kronikarik idazten ez duen kazetari ilehoriaren eta haren fox terrier adimentsuaren gorabeherak zinemara eramatea. Modu arranditsuan gauzatu du proiektua, 3D euskarriko animazio modernoenean, aurrekontu galantarekin. The Adventures of Tintin: Secret of the Unicorn ikusgai da jadanik Euskal Herriko zinema aretoetan.
Ez alferrik da Tintin iturri agorrezina. Les Aventures de Tintin et Milou komikigintzaren erreferentzia nagusietako bat izan da historikoki. Hergek 24 ale idatzi zituen 1930etik 1976ra; azkena, Tintin eta Alpha-Art, amaitu gabe utzi zuen. Lehenengo zazpiak Le Vingtième Siècle Belgikako egunkari eskuindarraren Le Petit Vingtième gehigarrian kaleratu ziren, sortaka. Tintin urre beltzaren lurraldean obraren zati batzuk eman gabe geratu ziren 1940an, Alemaniak Belgika inbaditu zuenean. Egileak urte batzuk geroago heldu zion berriro proiektuari komiki hura amaitu arte.
Nazien okupazioaren garaian (1940-44) Le Soir egunkarian azaldu ziren Haddock kapitainaren eta enparauen ibilerak, eta, ostean, Tintin astekarian, 1976 arte. Izar misteriotsua-tik aurrera (1942), ile gandor bihurriko gaztearen abenturak kolorez azaldu ziren. Aurrekoak ere (zuri-beltzekoak) koloreztatzeko lana hartu zuten, eta argitalpen berriak egin zituzten, hainbat gidoiri eraginez. Zuri-beltzez geratu den bakarra estreinako komikia da: Tintin sobieten herrialdean.
Bost kontinenteetan zehar
Album independenteetan jaso zituzten gero ale guztiak, eta mundu zabaleko hamaika hizkuntzatara itzuli. Besteak beste, okzitanieraz, korsikeraz, alsazieraz, bretoieraz eta bablez ere argitaratu dira, baita esperantoz ere. Euskaraz 70eko hamarkadan azaldu ziren lehen aleak. 1985etik aurrera, Elkarrek Tintinen bilduma osoa argitaratu zuen euskaraz.
Hergeren pertsonaia nagusia Tintin bada ere, haren inguruan azaltzen diren bigarren mailako pertsonaiek garrantzi handia dute abenturetan. Obra korala dela esan daiteke. Haddock kapitaina, Tournesol irakaslea, Dupont eta Dupond detektibeak, Bianca Castafiore sopranoa... asko dira Tintinen joan-etorrietan izaera propioa duten pertsonaiak.
Bost kontinenteetako lekuetan girotuta daude Tintinen komikiak. Egileak informazio ugari jaso zuen hiriak eta eskualde osoak xehetasunez azaltzeko, batik bat Loto urdina-tik aitzin (1935). Soilik Hergeren irudimenean dauden lekuak ere badira Tintinen agerleku, kasurako Syldavia eta Borduria herrialdeak eta San Theodoros hiria. Haatik, denek dute atzean benetako herrialde baten oinarria.
Mundu osoan Tintinen 200 milioi ale saldu direla kalkulatzen dute. Hergeren komikiak altxor preziatu gisa gordetzen dituzte bildumagile askok; zenbait ale kultuzko bihurtu dira. Tintinek XX. mendean hartutako sona izugarria izan zen. Charles de Gaulleri egozten zaion esaldi batek argi uzten du: «Tintin da nire aurkari bakarra nazioartean».
Baina Tintini sortu zitzaion lehiakide bat, eta ez txikia. 1959an, Asterix galiarraren lehen abentura kaleratu zuen Pilotek. 60ko hamarkadan, Asterixen salmentak Tintinen komikienen parean jarri ziren. Gaur egun, Goscinny-Uderzo bikotearen Asterix eta Obelixen abenturak zertxobait gehiago saltzen dira Tintinenak baino.
Arrazakeriaren auzia
XX. mendearen lehen zatian argitaratutako Tintinen komikiak etengabe berrargitaratu dira gaur arte, eta horrek egilearen eta obraren ideologiaren inguruko analisiak ekarri ditu. Herge ez da ondo ateratzen azterketa horien emaitzetan. Ikuspuntu kolonialista izatea, arrazakeria bultzatzea eta faxista izatea ere leporatu diote han eta hemen. Berriki Belgikako herritar batek auzitara jo du Tintin Kongon komikiaren aurka, arrazista dela eta. «Istorio hori egin nuen, esan dut, garaiaren ikuspuntuaren arabera; hau da, espiritu paternalistarekin… Hura zen, garbi esangodut, Belgika osoaren espiritua». Hergeren hitzak dira. Baietz, arrazakeria usain daitekeela Tintin Kongon obran, baina garaiak azaltzen zuela zioen egileak. Hergeren ustezko bekatuen zerrenda, ordea, luzea da: misoginia —Castafiore da emakumezko pertsonaia bakarra, eta hura barregarri uzten du egileak—, animaliekiko tratu txarrak... Nazien okupazioan Herge haiek mendean zuten egunkari batean aritu zen, eta horrek Tintinen legenda beltza sustatu zuen inondik ere. Gainera, pertsonaiaren ustezko faxismoa hauspotzen du Tintin hastapeneko garaian Norbert Wallez apaiz ultraeskuindarraren alboan aritu izanak. Aurretik esanda doa: aldeko azterketak ere baditu egileak. Tintin elkartasunaren paradigma eta totalitarismoaren salatzaile gisa azaltzen dute, besteak beste, Tintin Tibeten, Tintin Amerikan eta Uharte Beltza aipatuz.
Ezarian. Komikigintza
Tintin, iturri agorrezinean
Hergek 30eko hamarkadan sortutako Tintin pertsonaia etengabe baliatu dute telebistan nahiz zineman. Azkena Steven Spielberg izan da; 'The Adventures of Tintin: Secret of the Unicorn' ikusgai da jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu