Telesailak

Tiroen soinua oraindik ozen

2005eko Londresko erasoen testuinguruan Jean Charles de Menezes brasildarrak bizi izandako istorio tragikoa ardatz duen telesail bat da. Terrorista islamista bat zelakoan, Poliziak tiroka hil zuen Londresko metroan; errugabea zen.

Suspect The Shooting Of Jean Charles de Menezes. DISNEY+
Suspect The Shooting Of Jean Charles de Menezes. DISNEY+
gaizka izagirre
2025eko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Estreinaldi handien zerrendetatik bazterrean, isilpean iritsi da Suspect: The Shooting of Jean Charles de Menezes telesail laburra, zaratarik atera gabe, ia oharkabean. Jorratzen duen gaiak, akaso, baten baino gehiagoren haserrea eragin du.

Aurki, uztailaren 7an, hogei urte beteko dira Londresko garraiobide sistemaren aurka egindako eraso terroristak izan zirenetik. Urte hartan, egun batzuk geroago, uztailaren 21ean, beste eraso bat egiten saiatu ziren; detonagailuak lehertu ziren, baina bonbak ez. Ez zen inor hil, eta zapuztutako atentatuko ekintzaileak atxilotu egin zituzten.

Atxiloketa operazio hartan, baina, akats tragiko batek beste izen bat gehitu zuen memoriaren zerrenda ilunera: Jean Charles de Menezes brasildarrarena. Erasotzaileetako batekin nahastu zuten, eta, haren etxetik Stockwelleko metro geltokiraino jarraitu ostean, Poliziak, zenbait akats larri egin ondoren, metroko bagoian bertan hil zuen, tiroka, bortizki. Poliziaren arabera, bi arrazoi nagusiren ondorio izan zen nahasketa: De Menezes zaintzapean zegoen susmagarri baten eraikin berean bizi zela, eta, ustez, haren antz handia zuela.

Telesaileko lau atalek gertakariaren unerik garrantzitsuenak azaleratuko dituzte: atentatuen prestaketa, susmagarrien bilaketa —Poliziaren akats larriak tarteko—, familia brasildarraren eta giza eskubideen aldeko ekintzaile taldeen haserrea eta aldarriak, filtrazioak, batzorde independentearen lana, eta, azkenik, epaimahai bidez egin zen epaiketa.

Gidoiak gertaeren sorberritze trebe eta orekatua eskainiko du, kritika zorrotzak eginez eta identifikazio, komunikazio eta prozedura akatsen kate luze bat argituz. Argi eta garbi, izen-abizenak erabiliz, errudunak seinalatuko ditu, eta Poliziaren arduragabetasunak eta gezurrak irmoki salatuko.

Istorio tragikoa azaldu eta errudunak salatzeaz gain, Jean Charles de Menezesen duintasuna eta memoria berrezartzea izango du helburu telesailak. Biziki gomendagarria da.

Fikzioaren indarra

Maiz isiltzen diren bidegabekerien ahotsa izan ohi da dokumentalgintza. Azken urteotan, ordea, estatu eta polizia indarkeria salatzeko erreminta paregabea izaten ari da fikzioa. Horietako batzuek antzekotasunak dituzte Euskal Herrian azken urteotan gertatu diren kasu lazgarri batzuekin.

When They See Us telesailak Altsasuko gazteek bizi izan zuten bidegabekeria gogoraraziko dio ikusleari. Benetako kasu batean oinarrituriko ekoizpen horrek AEBetan Central Park Five edo Central Parkeko Bostak direlako gazteek sufritu zutenaren inguruko erretratu latza erakusten du: bost gazte errugabe kartzelatu zituzten. Kasu horretan, gainera, polizia basakeria, transfobia, Estatu Batuetako botere judizialaren akatsak, arrazakeria, justizia soziala eta beste zenbait gai mahaigaineratuko dituzte.

2012ko apirilaren 9an Iñigo Cabacas gaztea hil zuten, Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jo eta lau egunez koman egon ondoren. Antzekotasun ugari topatu daitezke 1986ko abenduaren 5eko gauean gertatutako tragedia batekin: Parisen, ikasleen protesta mugimendu baten erdian, Malik Oussekine 22 urteko gaztea Poliziak emandako jipoiaren ondorioz hil zen. Azken kasu horren nondik norakoak Oussekine Frantziako telesailak jasotzen ditu.

fitxa

  • Sortzailea. Paul Andrew Williams. 
  • Herrialdea. Britainia Handia.
  • Urtea. 2025.
  • Aktoreak. Emily Mortimer, Conleth Hill, Daniel Mays, Ella Bruccoleri eta Edison Alcaide.
  • Non ikusi. Disney+.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.