Lesakatik (Nafarroa) Oiartzunera doan errepidean dago Olaberri jatetxea, eta haren atarian dago toka euskal jokoa. Hogei urte daramatza joko horrek ostatuaren kanpoaldean. Zahartuxea dagoen arren bezeroek asko jokatzen dutela dio Margari Telletxea jatetxeko jabeak.
Tokaren jokoan metalezko pieza batzuk izaten dira, disko itxurakoak, eta 250 gramo eta sei zentimetroko diametroa izaten dute. Pieza horiek hamaika metrotik bota behar dira. Jokalariak egurrezko kaxoi batean iltzaturik dagoen hiru bat zentimetroko zabalerako toka edo burdinazko txapa okerra jo behar du. Pieza batek toka jotzen duenean kontatzen da tantoa, betiere piezak aurretik lurra jo ez badu.
Joan den mendean eta batez ere Gipuzkoan eta herriko festetan jokatzen zuten tokan. Nafarroako eta Bizkaiko herri batzuetan ere aritzen ziren. Sagardotegietara inguratzen zen jendeak ere maiz jokatzen zuen. Gaur egun ez du garai bateko hedapena, eta herriko jaietan jokatzen dute batez ere.
Telletxeak lehen aldiz Irunen (Gipuzkoa) izan zuen jokoaren berri, duela hogei urte. «Irunera familia bazkari batera joan nintzen, eta otordua egin genuen tokian toka joko bat zegoen. Hantxe aritu ginen txapa jo eta jo». Denbora pasatzeko polita zela iruditu zitzaion, eta jatetxera ekarri zuen bat. «Gizon bati erosi nion Irunen, bere etxean, eta garesti, garai hartako 30.000 pezeta ordainduta —181 euro inguru—».
Ez da damutzen egindako erosketaz, bezeroek erruz jokatzen baitute. «Lesakatik aparte dago gure jatetxea, hamabi bat kilometrora.Gurera egun pasa etorri eta mendira ez bazara joaten, ez duzu zer eginik. Horregatik, toka jartzea pentsatu nuen».
Astez bazkariak bakarrik ematen dituzte, baina asteburuetan, gosariak eta bazkariak. Gipuzkoatik joandako familiak dira jatetxeko bezero gehienak, eta askok jokatzen omen dute. «Umeak elkarrekin edo senar emazteak haurrekin aritzen dira». Olaberrin ez dute txapelketarik egiten, baina jokoarekin giro polita sortzen dela azpimarratu du. «Nork gehien jo hasten dira. Sei metalezko pieza ditu jokoak, eta jokalariek bata besteari irabazi nahian hasten direnean giro polita sortzen da. Bizi-bizi aritzen dira jokatzen». Bezeroek ez dute dirurik jokatzen, baina galtzaile bat baino gehiago edatekoa ordaintzen ikusi du.
Toka: txapa jotzea helburu
Joan den mendean asko jokatzen zen tokara, batez ere Gipuzkoan. Lesakako Olaberri jatetxean hogei urte daramatza toka jokoak tabernaren kanpoaldean, eta oraindik zale asko biltzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu