Konpartsakide Eguna

Tokiko produktuekin ospatuko dute larunbatean Bilboko Konpartsakide Eguna

Bilboko Aste Nagusiko gastronomia lehiaketa egun bat luzatuko dute, eta plater berri bat eskainiko dute: ortuko produktuekin egindakoa eta beganoa.

jarraia136784.jpg
Peru Azpillaga Diez.
2017ko uztailaren 11
08:39
Entzun

Larunbatean hasiko dira Bilboko Areatzan Aste Nagusirako motorrak berotzen. 29 konpartsetako 2.000 kide inguruk, suak piztu, eta lapikoak apaletatik aterako dituzte Konpartsakide Eguna ospatzeko. Aurten ere, tokiko produktuekin eta ekoizleekin duten konpromisoa berretsi dute, 0 kilometroko produktuak eta janari lasaiaren filosofia erabiliz. Gainera, gogorarazi dute produktu horien guztien atzean familia bat dagoela, galtzen ari den ofizio bat, tokiko ekoizleen beharrari erreferentzia eginez. Beraz, erosketak modu kontzientean egiteko beharra azpimarratu dute. Larunbatean bertan bildu eta parte hartu nahi duen pertsona orok Eusko Label sor-markako 1.000 tomate errazio eta 6.000 piper berde dastatu ahal izango ditu, guztiz doan. Hori guztia, gainera, Bizkaiko Txakolinaz lagunduta.

Beste bi berrikuntza ere plazaratu dituzte. Batetik, Konpartsakide Egunari lotuta, eta umeen parte hartze aktiboa sustatzeko bidean, pauso bat gehiago emango dutela adierazi dute, eta egun horretarako prestatutako umeen jolasak haiek diseinatuak, pentsatuak eta antolatuak direla. Bestetik, Aste Nagusiari lotutakoa da beste berrikuntza. Gastronomia lehiaketak egun bat gehiago iraungo duela adierazi dute, hots, astelehen nagusira zabalduko gela gastronomia lehiaketa. Ondorioz, plater berri bat eskainiko dute egun horretarako: ortuko produktuekin egindako platera, hau da, plater begano bat.

Gogorarazi egin dute, berriz, emakumeek libre bizi behar dituztela jaiak, bestela ez direlako ez jai herrikoiak ez jaiak izango. Beraz, gaurtik mezu argi eta garbi bat hedatu dute: “Erasotzailerik ez; ez Bilbon, ezta inongo jaietan ere”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.