Tona eta erdi pasa berdel

Berdelaren Eguna egingo dute larunbatean Mutrikun. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta 20.000 pintxo baino gehiago emateko asmoa azaldu dute antolatzaileek.

Berdelaren Eguna Mutrikun, 2019. urtean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Berdelaren Eguna Mutrikun, 2019. urtean. ARITZ LOIOLA / FOKU
urko iridoy alzelai
Mutriku
2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

Itsas hondoan pasatzen du berdelak negua, bertan koipea sortu, eta, ondoren, goraka joateko. Martxoan hasi zen berdelaren sasoia Euskal Herriko baxurako itsasontzientzat. Lehenago ia baliorik ez zuen arraina goraipatzeko, urtero Berdelaren Eguna ospatzen dute Mutrikun (Gipuzkoa), egun osoko jaia antolatuz. Larunbatean, apirilaren 5ean, egingo dute aurten 27. Berdelaren Eguna. Egun osoko programazioa antolatu du Mutrikuko Udalak, eta berdela dastatzeko aukera eta beste zenbait ekitaldi izango dira.

Egun handian ez ezik, gaur eta bihar ere girotuko dute herria. Gaur, 19:00etan, berdela eta txakolina batuko dituzte, eta bi produktuen dastaketa egingo dute Arku Gain elkartean. Ordu berean, pintxo-potea egingo dute herriko tabernan, gaur eta bihar. Kirolak hartuko du protagonismoa bihar: Euskal Herriko txapelketako zesta-puntako partidak jokatuko dituzte, 19:00etan, Miruaitz frontoian.

Larunbatean, 10:30ean hasiko da Berdelaren Eguna. «Goizean, familiak gozatzeko eta umeentzako arrantza tailerra egongo da portuan, kofradia zaharreko arkupeetan. Arrantzaleek emandako tailerra izango da, non amuak eta beitak ikusi, eta arrantzatzen  saiatuko diren», azaldu du Marta Amonarriz Mutrikuko Udaleko turismo teknikariak. Adin guztietako jendearentzako eguna da, hainbat jarduera antolatu dituzte eta. «Ordu berean, Mutrikuko XVI. belaontzien txapelketa egingo dute. Portutik atera eta Lekeitio edo Getaria aldera joaten dira. Herriko belaontziek parte hartzen dute, baina kanpotik ere jendea hurbiltzen da», esan du Amonarrizek.

11:00etan hasiko da portuan azoka. Gaztak, marmeladak, gozoak, txokolateak, artisau produktuak... denetarik egongo da bertan. «Goizeko ekitaldiak portuan egingo dira, baina eguerdi aldera, 12:00etan, herriko abesbatzek urteroko kontzertua emango dute Zabiel plazan. Urtero egiten dute, eta egun horretarako prestatzen dira denak». Musikarekin jarraituz, trikitilariak ibiliko dira Mutrikuko kaleetan, 13:00etatik aurrera, musika porturaino eramanez.

Berdela mila eratara

Pintxo dastaketa izaten da eguneko ekitaldi nagusia. «Herriko tabernek eta elkarteek hainbat pintxo prestatzen dituzte, herrira datozenek dasta ditzaten». Aurten, 1.600 kilo berdel erosi dituzte pintxoak osatzeko, eta Amonarrizek esan du 20.000 pintxo baino gehiago ateratzen dituztela normalki. Pintxo ugari izango dira, hala nola Arno batzokiak tomate gazi-gozo konfiturarekin egingo du berdela; Azkenetxe jatetxe italiarrak berdel focacchia prestatuko du; Kalbaixo jatetxeak betiko plater bat osatuko du, arrain zopa; Pikua jatetxeak berdela eta bermuta uztartuko ditu saltsa baten bidez; Xabier Osa sukaldari ohiak ozpinarekin elkartuko du berdela; Valentin Zumalabe sukaldari erretiratuak sagarra erabiliz berdela Mutrikuko erara egingo du; Etxekalte elkarteak, marmitakoa; eta Kai Gain elkarteak, berdel txaka. Horrez gain, berdel errea ere dastatzeko aukera izango da.

19:00etan kontzertuak izango dira: lehenik, herriko Casus Belli taldea igoko da oholtzara, eta, jarraian, Los Zopilotes Txirriaos talde nafarra. Teknikariaren ustez, herriko «ikur handi» bilakatu da berdela Mutrikun, eta produktuari «balioa emateko» hasi ziren Berdelaren Eguna antolatzen. Merke saltzen zen berdela egun hau ospatzen hasi zen garaian, eta ez zen oso zabaldua jatetxeetan. Gaur egun, aldiz, jatetxeetako menu askotan aurkitu daiteke. «Egun handirako berdela erosten dugunean, gertuko produktua erosi nahi izaten dugu. Gaur egun, baxurako itsasontzi bakarra dugu Mutrikun, eta haiei erosten saiatzen gara. Ez badute berdel nahikoa, ondoko herrietako itsasontzietara jotzen dugu».

Mutrikuarrek egutegian ongi azpimarratutako eguna da. Egun osoko plana osatu dute, eta, teknikariak esan duenez, inguruko herrietako jende asko hurbiltzen da ospakizunera. «Gipuzkoa barneko herrietako jendea etortzera animatzen dugu, gure berdela dastatu eta egun aparta pasa dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.