Tonban loreak

ZALDI ERO.
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Andre Geffroy, bretoia, Breizh Atao erakundeko kide igaran mendeko 50eko hamarraldian. IRAri armak erosi eta haiek Bretainiako Plestin-les-Greves-en lehorreratu nahi ukan zituztelarik harrapatu zuen frantses poliziak. Libre utzi zuten 1940an, frogarik aski ez baitzuten. Bigarren Mundu Gerra garaian, Gestaporen Bretainiako Landerneau herriko taldeko kide izan zen. Gerra ondoan, preso altxatu, epaitu eta hiltzera kondenatu zuten, bi agente ingeles alemanen esku uzteaz akusaturik. Azkenekotz, 1954an, bizia barkatu zioten, bere aldeko kanpaina eta gero. Jon Mirandek ere Geffroyren alde idatzi nahi ukan zuen, «baina uste duzuia euskal aldizkari batek ere argitaratuko zukeela?», diotsa Andima Ibiñagabeitiari 1952an.

Nazien aldeko? Juduen kontrako? Faxista? «Nik zeltak maite nituen, eta haien hizkuntzak, eta juduak higuin nituen, Andimak [Ibiñagabeitia] eta Krutwigek irlandarrak higuintzen zituzten baino mila aldiz haboro, gutienez. Zio oso onak nituen horretarakotz». Eta ur garbia iturrian…

Are garbiagoa, iturburuan: «Juduak hil! Perish Juda! Die judem zum krematorium!...», Parisen zinez adiskide eta gogaide ukan zuen Ibiñagabeitiari egin gutunen batean edo bestean ageri dira. «Betiko leloa: norbait den gutien judu dohakabeen aurka ausartzen zenean, berehala haien zerbitzuko prosemitak orroaka hasten ziren, baizik eta sei, edo lau, edo zortzi milioi judu ero zituzten SS-ekilakoa zela, edo bera ere SS-etakoa. Ez naiz Hirugarren Reicheko antisemiten zaintzen ari hemen, nihauren buruaren zaintzen ari naiz. Utz dezagun, beraz, zerrategien kontu hori, ez bainituen nik eraiki. Eta juduen pertsegitzean alemanak lagundu nituela, nire zenbat lan irakurtzetik nihork uste ukaiteko zuzen lukeen bezala, ez dakit nehor horren frogatzerat prest denentz, baina badakit ontsa, demokraten justizian sinest baneza, hura nukeela auzitegietan pertsegi, gezurrezko salakuntza dela kausa. Antisemitismoak ez du Frantzian Alemaniako nazional-sozialisten teoriekin deus ikustekorik. Hitler sortu eta Nazional sozialistiches Strafreeht izkiriatu baino askoz lehen, egiazko frantses gehienak, Frantziako etnia baten seme-alaba direnak, ez kanpotik etorritakoenak, antisemita ziren. Eta nazional-sozialismoa itzali ondoren ere, orain hala diraute. Eta hala iraunen dute, juduek, atzerritar izaki, nehondik ere merezi ez duten toki berezi bat Frantzian hartu nahi duten artean, behintzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.