Krisiak gogor jo zuenean, lanik gabe geratu zen Joanes Mathiuet publizista (Donostia, 1985). Abentura bila atera, eta bi urte eman zituen hegazkin laguntzaile lanetan Qatarren. Orduko bizipenetan oinarrituta, fikziozko liburu bat argitaratu du: Entre el cielo y la tierra (Zeruaren eta lurraren artean). Elkar dendetan jarri du salgai.
Hegan egiteari ez, baina salto egiteari ere ez zenion beldurrik?
Larritzen ninduen ezagutzen ez nuen leku batera joateak, banekielako oso kultura ezberdina topatuko nuela han, baina horrela ezagutzen dira gauzak.
Liburu bat idazteko adina gauza ikusi zenuen bi urtean?
Qatarren egoteaz gain, hegazkin laguntzaile izateak eman zidan aukera mundu osoan ibiltzeko, eta horrek beste ikuspegi bat ematen dizu, baita nahiko abentura ere.
Hegazkinean paseatzen aritzen diren modelo itxurako langileak dira hegazkin laguntzaileak, baina hori baino gehiago ere bai.
Jendeak uste du hegazkin laguntzaileen lana orgarekin paseatzea eta segurtasun argibideak ematea besterik ez dela. Saiatu naiz zehaztasunez erakusten hegazkineko lana, baita kanpoko bizitza ere.
Hegazkinetik kanpoko bizitza, non eta Qatarren.
Laguntzaile baten istorioa Euskal Herrian oso ezberdina litzateke. Han zaudenean, hango kulturara moldatu behar duzu, eta, batez ere, hango enpresa kulturara. Ezin zara hara bizitzera joan ez badaukazu lan kontratu bat, eta bihurtzen zara enpresaren nolabaiteko ordezkari. Dena ematen dizute: etxebizitza, garraioa... Baina, trukean, haien bizimodua egin behar duzu. Adibidez, ezin zara inoiz goizeko hirurak baino geroago etxeratu. Edo hegaldia baino 12 ordu lehenago etxean egon behar zara beti.
Qatar luxuarekin lotu ohi da. Klixeak betetzen dira?
Topikoen okerrena da gehienak egia direla, Qatarren nabarmenkeria handia dago. Ikusten baduzu nolakoa zen 1970eko hamarkadan, basamortua besterik ez zegoen. Orain Doha sekulakoa da, Europako edozein hiri txiki uzten du.
Nolako jendea ikusten da Qatarreko hegazkinetan?
Aireportuak eta airelineak oso leku interesgarriak dira; mundu osoko jendea ikusten duzu. Batetik, Qatarreko aberatsak; tira, Qatarko jende guztia da aberatsa. Kontinente artean ibiltzen den klase ertaineko jende asko ere bai, eta langile pila bat, Ekialde Hurbilera edo Afrika iparraldera lanera doazenak.
Handia izango da kulturen arteko aldea.
Bakartuta zaudenean beste kultura batean denbora luzez, ikusten duzu ikasi ditugun beharrek zer eragin duten. Hemen oinarrizkoak diren gauza batzuk ezinezkoak dira han.
Zure bizipenetan oinarrituta dagoen arren, fikziozkoa da liburua.
Fikziozko istorioa da, baina kontatzen den guztia, egia ez bada ere, egia izan daiteke.
ATZEKOZ AURRERA. Joanes Mathiuet. Publizista
«Topikoen okerrena da gehienak egia direla»
Hegazkin laguntzaile lanetan batetik bestera igaro zituen bi urteetan, gauza asko ikusteko aukera izan zuen Mathiuetek. Donostia utzi eta Qatarrera egin zuen bidaiatik abiatuta, liburu bat idatzi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu