Trabak saihestuz, hiria barnatuz

Ondarea eta kultura eskura izateko, elbarri eta bizikletazaleentzako gidak ekoitzi ditu Baionak

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Baionako ondarea eta kultura eskurago izatea da Herriko Etxearen gutizia. Hala adierazi dute Monique Boe kontseilariak eta Serge Cazaban Turismo Bulegoko presidenteak. Hainbat herritar multzok, nagusiki turistek, hiriko egoitza edo gune kulturalak bisitatzeko dituzten trabak arintzea da xedea. Karia horretara, bi gida argitaratu dituzte. Lehena, gurpil aulkian ibiltzera behartuak dauden pertsonentzat; bigarrena, hiria txirrindulaz ezagutu nahi dutenentzat.

Talde bakoitzarentzako 1.500 liburuxka ekoitzi dituzte. Kopurua mugatua, Boen azaldu duenez, helburua ez delako erabili ondoren zakarrontzietan atzematea. Interneten eskura egonen da, bertzeak bertze, Turismo Bulegoaren eta Herriko Etxearen webguneetan. Ondarea eskurago izan nahi duten arren, liburuxka eta informazioa, oro har, frantses hutsean ageri da. «Turisten %80 Frantziatik heldu dira, eta horregatik hobetsi dugu frantsesa», zehaztu du Cazabanek. Gerora begira, ez dute baztertzen ingelesez, gazteleraz eta euskaraz argitaratzea.

Hiriak ez du lan berezirik egin ibilbideak osatzeko orduan. Ahalmen urrikoei dagokienez, bisitaldi turistikoak egiten dituen gidak eta Handiplage elkarteko presidenteorde Brigitte Espok osatu dute Baiona Handiko ibilbidea. Bizpahiru orenetan egiteko modukoa doitu dute, 2.265 metrokoa. Baionako turismo bulegotik abiatuko da, eta itzuli bat izanen da. Ibilbidea ahal bezain laua eta trabarik gabekoa izateko asmoz, gurpil aulkian egin zuen Espok bidea erabat zehaztu aitzin. «Atzeman nituen zailtasunak, ezintasunak eta nekeziak; jakinarazi nituen, eta, ororen buru, ibilbide biziki interesgarria lortu dugu». Baionan bizi arren, ibilbidea osatu arte hiriko hainbat gune saihesten zituela azaldu du. Ibilbidea egiteko orduan, Baionako katedraleko kalostrapea ezagutu ahal izan du.

Harresietatik alde zaharrera

Ibilbidearen abiapuntua Turismo Bulegoaren aitzinean egonen da. Horren arrazoia aparkalekuak dira. «Ibilbidea egokia izan arren, bertatik hastea eta ahalik eta hurbilena aparkatzea proposatu nahi diegu», dio Boek. Haren ama gurpil aulkian mugitzen dute, eta, horregatik, ahalmen urriko jendeen kezkak eta beldurrak ongi ezagutzen dituela dio. Bermerik gabe, ahalmen urrikoentzat amildegia edo gainditu ezineko harresia izan daiteke hiriko edozein bazter. Euskaldunen plazan elbarrientzako bost aparkaleku daude, De Gaulle aparkalekuan zazpi toki eta Paulmykoan lau.

Euskaldunen plazatik abiaturik, Hildakoen oroitarria, Jauregi zaharra, bost kantoietako plaza, Errobi bazterrak, merkatua, Moulis etxea, Plachotte izeneko plaza, Espainiako bidea, Pasteur plaza, katedrala, Kai berria karrika, Herriko Etxea eta De Gaulle plazara lotuko ditu ibilbideak. Bi oreneko bisitaldiak, bi mila urteko historiaren aztarnetan sakontzea du helburu.

Bi gurpildunen xendra

Liburuxkan toki horiei buruzko informazio zehatza eskaintzen dute, ibilbidearen berri emateaz gain. Informazio sakonagoa nahi duten turistek, giden laguntza eska dezakete.

Gurpil aulkientzako ibilbidean bezala, bizpahiru orenez osa daitekeen ibilaldia proposatzea da helburua. 5,4 kilometroko luzera ukanen du orotara. Ahal bezainbat saihestu dituzte aldatsak, eremu lauak hobetsiz.

Ibilbidea nahi duten tokian har lezakete txirrindulariek. Herriko Etxeak doako bizikletak erabiltzea proposatzen die txirrindulariei. Txirrindula horiek eskuratzeko bederatzi gune daude, Baionan. Hala ere, abiapuntua Euskaldunon Plaza izatea hobesten du gidak, bertan daudelako doako txirrindula gehienak.

Oinezkoak eta txirrindulariak nahasiko ditu ondareak. Horregatik, lasterketaren irudia erabat baztertu, eta bizikidetzaren sentsazioa nagusitzea espero dute. Bertze gidan bezala, ondareari buruzko azalpena agertuko da.

Informazioa ahalik eta eskuragarriena izatea nahi du Herriko Etxeak. Horregatik, eskuliburuxkez gain, egungo teknologiak baliatuko dituzte. Aurki, liburuxkan agertzen diren informazio guztiak telefonora jaisteko aukera izanen da. «Iphone sistema baliatuko dugu, eta nahi duenak baliatzeko aukera ukanen du», zehaztu du Turismo bulegoak.

Aurki bertze gida batzuk plazaratuko dituzte. Bizpahiru asteren buruan, Baionako zuhaitz zahar eta interesgarrien gida bat osatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.