Ezarian. Inauteriak

Tradizioa bizkarrean

Ardi larruak, ttuntturroak, joareak eta isipuak hartuta, Iturenera joan ziren atzo Zubietako eta Aurtizko joaldunak, eta bisita bueltatuko diete gaur iturendarrek.

Inigo Astiz
Ituren
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Poliziak daude herri sarreran zirkulazioa kontrolatzen, baina kito da legea Ituren, Aurtitz eta Zubietan (Nafarroa). Heldu da salbuespena: inauteriak dira. Zaharra da ohitura, antzinatetik datorrena. Erritual bat da: joareak, larruak, ttuntturroak eta isipua hartuta, ohitura zaharrak berritzeko garaia. Tradizioa bizkarrean hartu, eta kalera ateratzekoa. Asteburuan hasi ziren, baina atzo izan zen lehen egun handia. Zubietako eta Aurtizko joaldunen bisita jaso zuten Iturengoek. Eguzkirik izan ez arren, eguraldi ona egin zuen, eta jendetza bildu zen inauteriak ikustera. Itzuli egingo diete kortesia gaur iturendarrek auzoei. Bitartean, baita ondoren ere, festa: jana, edana eta joare hotsa.

Kultur interesko ondare izendatu zituen 2009an Nafarroako Gobernuak inauteri horiek, baina ez omen du horrek aldaketa handirik ekarri. Zubietako elkartean gosaldu aurretik azaldu du Tomas Ibarrak inauterietan egiten dena. Zehaztasunez mintzo da, kopuru konkretuetan. «Larunbatean hasi ginen, eta egunero-egunero hiru otordu egiten ditugu, asteazkenean afariarekin inauteriak bukatzen diren arte. Hamahiru otordu, guztira». Baina ez da zorroztasunik. Eguerdia pasatu da jadanik, eta gosaltzen hasi gabe dira oraindik. Kezkarik ez du Ibarrak: «Ordutegia arrunt flexiblea da hemen».

Joareak jantzi, saskiak hartu, eta eskean joan dira gero herriko bi gazte, musikari eta herritar batzuekin. Gerrena etxez etxe urdai eta txistorraz bete nahian. Herritarrentzako eguna da astelehenekoa Zubietan. Haiei tokatzen zaie Iturenera joatea, eta, horregatik, kanpoko jende gutxi izaten da. Asteartean betetzen dira elkarte, ostatu eta kaleak, iturendarrak heltzean. Urtero izaten da hala, eta baita aurten ere. Aspaldiko kontua da, baina aldian-aldian berritu beharrekoa.

Iraganekoa beste da gaurkoa, izan ere, inauteria; eta gaurkotasunak ere beti izaten du zirrikiturik. Telebistaren digitalizazioa izan da aurten nobedadea. Zubietan, herritarrek jadanik ezertarako balio ez duten telebista zaharrak hartu, eta kalera atera dituzte. Haiekin jantzi dute herria. Zintzilik jarri dituzte hamaika txokotatik. Dekorazio gisa-edo. Orain arte ostatu aurreko palmondoa zen herriko zuhaitzik bereziena, baina zubietarren ekintzari esker espezie berria sortu da herrian: telebistondoa.

Aurtitzen ere antzerakoa da giroa; herritarren artekoa. Iturengo auzoa da berez Aurtitz, baina besterik dio Garikoitz Aioroak: «Auzo garela diote, bai, baina gu ez gara hala sentitzen; errepublika independentea gara». Aurtiztarrez beteta dago elkartea, zahar eta gazte, haur eta nagusi, eta nekez uka liteke Aioroak aipatutako herri sentimendu hori.

Gizonak dira, gehienak, mahaiaren bueltan, eta emakume eta neska gazte batzuk. Emakume ezkondurik apenas, gosaltzen dabiltzanen artean. Ez omen da ohikoa, eta Ainhoa Baleztena da salbuespenetariko bat. «Senarra utzi dut haurrekin. Ni naiz inauterietan aterako dena». Ez du, ordea, joarerik jantzi. Nabarmen gutxiengo dira oraindik hori egiten duten emakumeak. Anekdota, kasik. Bat ere ez da atera aurten Ituren eta Aurtiztik, eta bakar batzuk baino ez Zubietan. Mozorroak, bai, asko dira mozorroak janzten dituzten neskak.

Inauterien argazki osoa

Bestelakoa da giroa Iturenen. Nekez dabiltza herriko etxeko sabaian Jabier Bereau eta lagunak joaldunak janzten. Jendetza bildu da, inauteri astelehenenetan ohi denez. Argazkilariak, kazetariak, bisitariak... «Ohituta gaude jadanik», dio jantzi berria den Hasier Bereau joaldunak. «Garai batean ez zen hala izaten, baina egun jende asko izaten da, bai, baina denok onartzen dugu, nik uste». Joareak jo ez ezik adarra ere jo ohi duen Lazaro Erregerenarenak dira hitzak.

Berak egiten du lehen deia, eta martxan jartzen dira Iturengo joaldunak. Herrian zehar dabiltza lehenik, txarangarekin batera puskak biltzen, eta Lasaga auzora doaz gero. Han elkartzen dira Ituren eta Aurtiztik atera direnekin. Orduan hasten da burrunba: 31 joaldun Iturendik, 20 Zubietatik eta 14 Aurtiztik. Eta mozorroen motozerra, mailukadak, hartzaren jauzi, jendearen oihu eta zarata gehitu behar joareen hotsari. Denak batzen dira Iturengo plazan, eta orduan ikus daiteke inauterien osotasuna. Errituala bere gorenean. Orduan hartzen dute benetan aspalditik datozen inauteri horien argazki osoa bisitarien azken belaunaldiko iPhonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.