Tradizioa, kaikuz jantzirik

Urgain eta Segore jatetxeak, Kaia-Kaipe jatetxeko Andoni Arregi eta Bixenta Berriozabal saritu ditu Ja(ki)tea elkarteakGastronomia tradizionala bultzatzea eta zabaltzea da elkartearen helburua

Getariako Kaia-Kaipe jatetxeko Andoni Arregi izan zen Kaikua jaso zuen sukaldarietako bat. GETARIAKO UDALA.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Ja(ki)tea elkarteak antolaturiko Kaiku sariak banatu zituzten atzo Donostiako Miramar jauregian. Agurne Anasagasti eta Oskar Terolek aurkeztu zuten ekitaldia, eta euskal gastronomia tradizionala sustatzen lan egiten duten Gizpuzkoako sukaldariak saritu zituzten.

Lau sari banatu zituzten orotara Xabier Zabaleta Ja(ki)tea elkartearen sustatzaileak eta Luis Irizar Gipuzkoako Kultur diputatuak.

Debako Urgain jatetxeak (Gipuzkoa) eskuratu zuen kalitatezko saria. 1980. urtetik gastronomia onaren sinbolo izateagatik eman diote saria. Xabier Osa jatetxeko sukaldariak garrantzi berezia ematen dio kalitatezko produktuak aukeratzeari eta gastronomia tradizionalari eusteari.

Albizturko Segore jatetxeari ere banatu zioten Kaikua. Sukaldaritzan euskara sustatzeagatik jaso zuen saria jatetxeak. Ingurune lasai eta natural batean dago, Santa Marina auzoan.

Getariako (Gipuzkoa) Kaia-Kaipe jatetxeko Andoni Arregik aitortza profesionalari eskainitako Kaikua jaso zuen. 47 urte baino gehiago daramatza irekia jatetxeak, eta ezaguna da itsaskia eta haragia txingarretan zerbitzatzeagatik.

Azkenik, Bixenta Berriozabal Pujanari bizitza guztia sukaldaritzari eskaintzeagatik eman zioten laugarren Kaikua. 1980. urtean sartu zen Eibarko Egoain zahar etxean (Gipuzkoa) sukaldari gisa lanean, eta iaz hartu zuen erretiroa. Haragi, barazki eta arrain fresko eta kalitate handikoak erabiltzearen aldekoa, inguruko baserrietatik produktuak eskatzen zituen zahar etxerako.

Erabaki zaila

Donostiako Igara auzoko Aratz erretegikoa da Xabier Zabaleta, elkartearen presidentea. Hedabideetan gastronomia kritiko gisa aritzen diren lau lagunek osatzen dute elkartea: BERRIA egunkarian idazten duen Edorta Agirrek, Noticias de Gipuzkoa-ko Mikel Corcuerak, El Diario Vasco-ko Peio Garcia Amianok eta Ondojan.com webguneko Josema Azpeitiak.

Bosten artean hartu dute sariak nori banatzearen erabakia. «Zaila izan da nori eman erabakitzea, sukaldaritza tradizionala egiten duen edozein jatetxek jaso baitzezakeen saria», azaldu du Xabier Zabaletak. «Tamalez, ezin ditugu merezi duten guztiak saritu».

Estreinakoz banatu zituen atzo Ja(ki)teak elkarteak sukaldaritza tradizionala saritzeko kaikuak. 2009an sortu zuen elkartea Xabier Zabaletak kritiko gastronomikoen laguntzarekin. Euskal sukaldaritza tradizionala sustatu eta herri txikietako jatetxeak bultzatzea du xede elkarteak. «Herri txikietan ezagunak dira jatetxe horiek, baina hortik kanpo ez ditu inork ezagutzen», esan du Zabaletak.

«Betiko sukaldaritza jende askok egiten du, baina ezkutatua dago komunikabideetan», dio Zabaletak. Horrek bultzatu zuen sukaldaria elkartea martxan jartzera. Zabaletaren aburuz, sukaldaritza berritzaileari garrantzi handia ematen zaio. «Merezi du garrantzi hori, punta-puntako sukaldari asko atera baitira gurea bezalako leku txikitik».

Horrek egin dio itzal, Zabaletaren ustetan, euskal gastronomia tradizionalari. «Horrek ez du esan nahi haietaz harro ez gaudenik. Harreman ona dugu haiekin, baina guk beste sukaldaritza mota bat egiten dugu, eta gurea dena zabaltzea eta defendatzea nahi dugu, inoren kontra joan gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.