1961ko abuztua. Aste Nagusia Donostian. Amarako polizia etxeko ziega batean, hainbat polizia: Manzanas, Ballestero, Lopez Abril, Gabaldon, Nuñez, Palomo, Maestre, Sierra, Urbano… Eymar da buru, espainiar armadako teniente-koronela, Francori beste inori kontu eman beharrik ez duena.
Sartu berri da atxilotua.
—Kendu antiojotzar horiek eta aulkian jarri! Hitz egin! poliziek.
—Hitz egin… zertaz? atxilotuak.
—Kontatu dakian guztia!
Eta atxilotuak begirada goratu baitu, begiak ireki-ireki egin baititu, zertaz ari diren ez dakiela adieraziz edota galdezka, jaso du lehen belarrondokoa. Gabaldonen zaplada.
—Zergatik jo nauzu? Zertan ez dugu hitz egiten? atxilotuak.
—Eta, gainera, lotsagabea! polizietako batek.
—Ikusten al duk giltza ingeles hau? tamaina handienekoa, erreminta zabalgarria.
Eta zapla!
Eta kolpe!
Eta matraileko eta zaplada zaparrada.
Meliton Manzanasen belarrondokoak tinpanoa lehertu dio Andoni Perez Cuadradori.
—Atx! minez, Andonik.
—Puta urrikalgarria! Zingurinka?! Jaitsi prakak!… Belauniko!
Harri txintxarrezko ohatze bat daukate egina poliziek. Hantxe egonarazi dute, luzaro.
Horretan, hurrengo poliziaren txanda.
Ballestero.
—Gaur, Francorekin. Bihar, haren oinordekoarekin. Bost axola nork agintzen duen. Gaur, bihar eta etzi, ipurditik emango dizuegu beti. Kennedyri eta Toledoko kabroiari [hango kardinal Play y Deniel] eman diegun ber.
Bizpahiru orduko itaunketa gaitza.
Orduan, beste polizia baten txanda heldu da: Lopez Abril. Haren egitekoa, polizia zintzoarena.
—Andoni, hobeko duzu hitz egin. Zeure onerako ari natzaizu. Zera hau guztiau saihesteko modu bakarra duzu.
Eta delako polizia honek Ekintza Katolikoaren intsignia arranditsua baitarama paparrean, eraso Andonik:
—Biotako bat oker dabil. Elizaz okertu zara, edo okertu naiz ni. Ez dakit. Baina Arabako Ekintza Katolikoaren lehendakariorde naiz, eta nik ere eraman izan dut zure intsignia hori.
Tautik esan gabe irten da itaunketa gelatik Lopez Abril polizia onbera.
Azken, Eymarren txanda da. Itzulingururik gabe nahi du.
—ETA zer den esaten ez badiguk, Martutenera sartuko haugu zuzenean!
Ez baitaki, hitz eta pitz egin du Andonik, bertsolariaren etorria baitu, nekatzerainokoa. Haren diskurtsoaren hariari jarraikitzea beti izan da neke eta pena.
Libre utzi dute Andoni, Martutenera gabe.
Eta Donostiako Gobernu Zibileko atarian, emaztea etorri zain dagoela, irten da Meliton Manzanas.
—Bahoake, gorrotoz beterik nire kontra! esan dio Donostiako brigada sozialaren buru zitalak.
—Ez didazu gorrotorik eragiten, errukia besterik.
Asto beltzarenak esanez Meliton Manzanas, Andoni Perez Cuadradori era guztietako mehatxuak eginez alde egin du polizia giza gaiztoak.
Zendu berriaren curriculuma gizentzen zuten hamalau atxiloaldietan azkena izan zen 1961ko hura.
Tratu txarren tortura

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu