Amaia Rubiok ez du bere bizilaguna atsegin; burdinazkoa ez, bederen. Etxe parean du trenbidea, eta ezinezko zaio autoa etxera sartzea ere. Pedro Rubiok —haren anaiak— eta Jose Garciak ere arazoak dituzte trenarekin. Castejongo Jeronimo Marco kalean (Nafarroa) bizi dira denak, eta nekaturik daude. 2007an eraiki zuten trenbidea, eta ordutik ez dute arazoa konpontzerik lortu. Aitzitik, ez dute amorerik emanen; oraingoz, ez.
Orain Castejongo Udalbatzara ailegatu da gaia. Joan den astean onartutako mozioan, bizilagunei aterabidea emateko eskatu diote oposizioko alderdi guziek alkateari. Gainera, kalearen inguruetan obra egiteko baimenik ez emateko ere eskatu diote.
Castejonen kanpoaldean dago Trenes de Navarra enpresa (Trenasa). Trenak muntatzen ditu, azken ukituez arduratzen da, eta ongi daudenetz jakiteko probak egiten ditu. Metro batzuk aurrerago dago trenbide nagusia, Jeronimo Marco kalearen parean. Garraio lana errazteko, bigarren mailako trenbide bat eraiki zion Nasuinsa enpresak, 2007. urtean, trenbide nagusitik Trenasaren eraikineraino zihoana. Bizilagunak, baina, ez zituzten kontuan hartu, eta Rubioren etxe paretik pasatzen da bide berria. Metro gutxi batzuetara. Kalteturik dauden bizilagunen bozeramaile da Jose Garcia, eta, hark dioenez, arazoa konpontzeko aski litzateke trenbidea etxeetatik urrunago egitea, baina kostu handiagoa izanen luke horrek.
Rubioren arazoa konpontzeko, etxe parean maila bereko pasagunea jarri nahi du udalak. Horrela, autoa etxean sar lezake, baina ez luke pasabide iraunkorra izanen. Hau da, trena pasatzean ezinen luke autoa etxean sartu edo etxetik atera. Kastejondarren Herri Batza Sozialista (KHBS) alderdiko Pablo Lorentek uste du legez kanpo jokatu zuela aurreko Udal Gobernuak. Gainera, maila bereko pasagunearen obrarekin aurreko lana «legeztatu» nahia egotzi dio. Horregatik, trenbidea luzatzeko obra ikertzeko batzorde independentea sortzea eskatu diote udalari, UPN eta Ezkerrarekin batera. Gainera, pasagunearen lanak egiteko baimenik ez emateko eskatu diote alkateari.
Arazo gehiago ere sortu ditu trenbideak. Pedro Rubiok argi azaldu du: «Bazterturik gaude». Trena pasatzean, Jeronimo Marco kaleko bizilagunak ezin dira errepidetik pasatu. Udaltzainek bidea itxi egiten diete autoei eta oinezkoei, eta, beraz, atzealdetik joan behar dute, Impregna enpresak utzitako bidetik. Legearen arabera, lau metroko bidea beharko luke izan, eta halakoa dela dio udalak. Baina bertaratuz gero bidea estua dela antzeman daiteke, eta langileei eroritako zurezko oholak ere izaten dira oztopoan.
Behin, udaltzain batekin gurutzatu zen Jose Garcia bide horretan. Bi autoak ezin ziren aldi berean pasatu. «Ez nion pasatzen utzi, ea behingoagatik konturatzen zen bide hori gaizki egina zegoela». Bideak itzuli handia ematen du, eta trenbidearen paretik pasatzen da azken metroetan. Ez dago asfaltaturik, eta azken zatian ezta trenbidea eta bidea bereizten duen hesirik ere. «Umeekin, tentuz ibili behar dugu».
Garciak dio «lan lardatsa» izan dela trenbidearen luzapena, eta aurreko alkateari egotzi dio ardura. Gainera, azpijokoetan ibili direlakoan dago. Hasiera batean, etxeen prezioa ordaintzeko prest azaldu zen Nasuinsa enpresa, baina atzera egin zuen gero. Gainera, prezio okerra eman zutela diote bizilagunek. «Beste enpresa batek egindako kalkuluen arabera, Nasuinsak emandako balioaren gainetik zegoen». Horrek piztu zituen herritarren susmoak.
Bi aterabide
Trenbidearen luzapena beste leku batetik pasa daiteke, arazo nabarmenik sortu gabe. Hala ere, Jeronimo Marco kaleko bizilagunek bi aterabide eman dizkiote udalari. Lehena: beste leku batean koka ditzatela, betiere egoera berdinean. Bigarrena: trenbidearen luzapena etxebizitzatik 12 metrora egin dezatela, eta gainean zubi bat eraiki. Hartara, herrira joateko aukera izanen lukete 24 orduz, trenak pasatuko direnetz kontuan hartu gabe. Era berean, Amaia Rubiok autoa etxean sartu eta atera ahal izanen luke.
Oraingoz, Rubioren etxe parean dago trenbidea. Auzitegietara ere jo dute. Baina itxaropentsu daude, oposizioko alderdiek onarturiko mozioak hegoak eman dizkielako.
Trena, etxeko atarian
Castejongo Jeronimo Marco kalean zokoraturik bizi dira bizilagunak. Trenbide batek baztertu ditu, eta konponbide eske dabiltza. Herritarretako baten etxe pare-paretik pasatzen da trena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu