PROPOSAMENAK

Trenaren bide berdea

Plazaola trenak egiten zuen ibilbidean, bizikletak eta oinezkoak dabiltza gaur egun, Andoain eta Lekunberri lotzen dituen bide berdean barrena

LANDER FDEZ. ARROYABE / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aspaldi ez da trenaren txisturik aditzen Leitzaran ibaiaren ertzean. Duela 67 urte gelditu ziren makinak, eta isildu zen Plazaola trenaren triki-traka. Tximiniatik Lekunberri inguruan (Nafarroa) barreiatzen zen kerik gabe, bueltaka dabiltzan bizikleten gurpilen eta oinezkoen boten hotsek hartu dituzte parajeak. Lehen trenbidea igarotzen zen lekutik, orain txirrindulariak eta oinezkoak igarotzen dira. Bide berde batek egiten du Lekunberritik Andoainerako (Gipuzkoa) tartea.

Plazaola tren txikiak 84,15 kilometroko bidea egiten zuen: agudo maldan behera, baina motel maldan gora. Bidean, 66 tunelen barnetik eta 32 zubiren gainetik pasatzen zen, eta hamabost geltokitan hartzen zuen atseden. 1904an jarri zuten martxan Plazaola trena, meatzeetako burdina Andoainera garraiatzeko. Geroaago, trenak Iruñea eta Donostia lotu zituen, 1953ra arte. Urte hartako uholdeek oso kalteturik utzi zituzten zubietako bat eta trenbidearen puska batzuk. Inork ez zuen egin trenaren aldeko apusturik, galerak baizik ez zituen-eta ordurako. Bost urte beranduago, 1959an, errailak kendu zituzten.

Trenik igarotzen ez bada ere, jendearen joan-etorria suma liteke Lekunberriko geltoki zaharrean, batez ere aste bukaeretan eta oporraldietan. Izan ere, han dago turismo bulegoa, baita Plazaola trenari buruzko erakusketa ere. Trenaren bagoian sartuta, tren txiki horren historia ezagutu daiteke, eta haurrentzako bagoi bat ere badago, jostatzeko.

Plazaolako bide berdeak 66,5 kilometro ditu: Nafarroan, 41,9 km, eta, Gipuzkoan, 24,6 km. Trenaren ibilbidea egiten badu ere, hegoaldean Saratsaraino luzatzen da (Nafarroa), eta, iparraldean, Lasarte-Oriaraino (Gipuzkoa). Bidea egiteko, bizikleta alokatzeko aukera ere badago Lekunberrin. Bizikleta arruntak zein elektrikoak, haurrentzako eta animalientzako atoiarekin, nahi izanez gero. Denboraren arabera ordaintzen dira, eta Andoaindik itzultzeko zerbitzua ere eskaintzen dute. Latasan ere (Nafarroa) alokatu daitezke bizikletak, Biltegian. Gainera, jatetxea ere bada tren geltoki zaharrean muntatu duten negozioa.

Garai bateko bizimodua

Bide berdean, aukera dago zenbait geltoki zahar ikusteko: Olloki, Ameraun, Plazaola, Leitza, Lekunberri... Trenari loturik dira ere Bizkotx eta Plazaola meatzeak, han eskuratutako burdina garraiatzen baitzuen trenak hasieran. Mea erretzeko erabiltzen ziren labe ikusgarriak daude Mustarren eta Bizkotxen. Garai bateko bizimoduaren testigantza fisikoa, bide berdearen lasaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.