Arabako ekialdean ezkutuko txoko ederrak gordetzen dira Mendialdeko Kuadrillan. Mendiak, naturaren edertasuna eta lurraldearen hedadura ez ezik, historiaren aztarnategi garrantzitsua ere gordetzen du Maeztuk inguruan. XIX. mendean, Lizarra eta Bergara lotzen zituen Vasco-Navarro trenbideak bertan zuen geltokietako bat. 1889tik 1968ra martxan ibili zen, eta gaur egun garraio horrek bere ibilia amaitua badu ere, trenaren geltoki eta paisaiak ezagutzea posiblea da trenbide zaharretik egokitutako bide berdeei esker. Herriaren inguruan bagoien joan-etorriaren bueltan naturaz gozatzeko aukera ederra eskaintzen du Maeztuk.
Trenak herrian izan zuen garrantziaren lekuko da geltoki zaharraren eraikina; Arraia-Maeztuko udaletxea da gaur egun. Maeztu inguruko edertasunaz gozatzeko, ordea, mendi aldera joatea da gomendagarriena.
Eliza aurreko plazatxotik abiatuta, antzinako burdinolen arrastoak ikus daitezke, eta metalezko ate bat igaro ostean, eta Arburu aldera joaz, kareharrizko parajeetan naturak egindako haitzulo eta talaiez gozatzeko aukera dago. Artadi artetik gorantz eginez, urak karezko harrian eginiko Obiko haitzuloekin egiten da topo. Sarrera itxia badute ere, barnean espazio handiak gordetzen dituzte. Egun eguzkitsuetan, Obiko haitzak inguruparegabeak dira Berron ibaiaren ibarraren edertasunaz gozatzeko.
Handik Gesalko atakarantz jota, erkameztietan barna pago artera pasatuko da bidaiaria Arburuko gainera gerturatu ahala. Arburu mendia (1.048m) Arabako mendialdeko altxor berezietako bat da. Eskaintzen dituen ikuspegi ederrez gozatuko du ibiltariak, eta, gainera, burdinazko ezkila bereziekin egingo du topo inguru horietako talaiak zapaltzean. Gailurretik hegoalderantz begira jarrita, ToloƱo eta Kodes mendilerroak ageri dira. Iparraldean, berriz, Arana ibarra; Beriain ere ikus daiteke.
Goitik beherako bideari helduta, labar arrokatsuaren erlaitz azpitik igaro, eta Ataurira iristen da. Azken tartean, Vasco-Navarro trenbide izandakoaren ibilbideak Maeztura darama bisitaria. Natura eta historiaren bizitokia da Maeztu.
Euskal Herriko txokoak. Maeztu
Trenaren bidean barna
Araba ekialdeko mendialdean dago herria, eta inguruko parajeez eta historiaz gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du Maeztuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu